Euskal Herriko lantoki askotan hauteskundeak egiten ari dira aste hauetan, datozen lau urteetan enpresa bakoitzeko langile batzordea zer ordezkarik osatuko duten erabakitzeko. Bereziki, lantegi handietako bozek ikusmin handia pizten dute, eta horien artean dago Michelinek Gasteizen duen lantegia, 3.300 langilek lan egiten baitute bertan. Gaur itxi dituzte hautetsontziak, eta bozek aldaketa ekarri dute sindikatuen arteko indar korrelazioan: 27 ordezkaritik hamalau eskuratuta, ELAk, LABek, ESKk eta CGTk gehiengoa izango dute aurrerantzean.
CCOOk ordezkari kopuru bera izango du batzordean, sei, eta hark du gehien. Ordea, sindikatuak ez du izango aurrerantzean UGTrekin, CCMrekin eta CSIFekin orain arte osatzen zuen gehiengoa: UGTk lau ordezkari zituen, eta bi izango ditu orain, eta CSIF, berriz, hirutik bira jaitsi da; CCMk, bestalde, eserleku bat irabazi du, eta hiru izango ditu. Hain zuzen, lehen biek galdutako ordezkariak ELAk eta LABek irabazi dituzte, bakoitzak bat —ELAk lau izango ditu, eta LABek hiru—: horrela, CGTren lau ordezkariekin eta ESKren hirurekin batera, gehiengoa osatuko dute batzordean.
Michelinen Gasteizko lantegiko batzordearen osaera berria:
- CCOO: 6
- ELA: 4 (+1)
- CGT: 4
- LAB: 3 (+1)
- ESK: 3
- CCM: 3 (+1)
- UGT: 2 (-2)
- CSIF: 2Â
Hitzarmen propio berria
Sindikatuaren arteko indar korrelazioaren aldaketak garrantzia du Michelinen Gasteizko lantegiaren kasuan. Izan ere, bertako langile batzordeak Espainiako lantokien arteko batzordetik ateratzea erabaki zuen 2023an, eta, ondorioz, datorren urtean beren lehen hitzarmen propioa negoziatzen hasiko da zuzendaritzarekin, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantegian —bostehun langile ditu bertan— egiten duten bezala.
Hortaz, negoziazio horietan zeresana emango du langile batzordearen osaera berriak, 2023an azkeneko aldiz hitzarmena adostu zutenean tirabirak izan baitziren sindikatuen artean: orduan Espainiako lantokien arteko batzordeko kidea zen, eta, Gasteizko langileek zuzendaritzaren proposamenaren aurka bozkatu zuten arren, beste lantokietan aldeko botoak gailendu zirenez hitzarmena ezarri zuten bertan, CCOOren, UGTren eta CSFIren oniritziarekin. ELAk, LABek, ESKk eta CGTk, berriz, lau greba egunera deitu zuten hitzarmena negoziatzen ari ziren bitartean.
Euskal Herriko lantokirik handieneko hauteskunde sindikalen emaitzen berri ere emango dute laster: Gasteizen Mercedes-Benz multinazionalak duen lantegikoak. Han 5.000 behargin ari dira, eta, gaur egun, ELAk du ordezkari gehien bertan: hamar. LABek sei ditu, eta CCOOk eta UGTk, berriz, bosna. Bihar goizaldean emango dute emaitzen berri.