Mercadonaren «praktika antisindikalak» eta zenbait langileren kontrako jazarpena salatu ditu ELA sindikatuak. Zerbitzuen federazioko arduradun Janire Ornesek azaldu duenez, enpresak ez dizkie sari osagarriak ordaindu zenbait langileri, zigor gisa; sindikatuaren aburuz, Mercadonak ordainsariak erabiltzen ditu langileei presioa egiteko, eta horrek beharginen oinarrizko eskubideak urratzen ditu.
Jendaurrean salatzeaz gain, auzitara ere jo du ELAk, eta epaileek arrazoia eman diete; orain arte hamar epai baino gehiago plazaratu dituzte, eta horietan guztietan epaileek ebatzi dute legez kontrakoa dela lan hitzarmeneko 33. artikuluan jasotzen diren sari osagarriak ez ordaintzea, langileek amatasun baimenak, lanaldi murrizketak edo aldi baterako ezintasunak dituztenean, eta ordezkari sindikalak direnean. Epai horietan, Mercadonaren jarduera oinarrizko eskubideen urraketatzat jo dute, eta enpresa zigortu dute kalte ordainak zigortzera.
Ornesek azaldu duenez, Hego Euskal Herriko herrialde guztietan egon dira horrelako jazarpen kasuak. Eta Euskal Herritik kanpo ere bai: duela gutxi, Ourenseko 4. Lan Epaitegiak (Galizia) baliogabetzat jo du langile bati urteko sari osagarria ez ordaintzeko erabakia, eta Mercadona zigortu du 35.000 euro ordaintzera; 5.000 sari osagarriagatik, eta beste 30.000 euro kalte moralengatik. Epaiaren arabera, langilearen osasun egoera eta hark sindikatu batekin lotura edukitzea izan ziren sari osagarria ez ordaintzeko arrazoiak.
Salaketa ugari
2013an zabaldu zuen Mercadonak lehen denda Euskal Herrian, Antsoainen (Nafarroa) eta, geroztik, ugariak izan dira enpresaren kontrako protestak eta salaketak, langileei jazartzeagatik, kaleratzeagatik eta haurdun zeuden beharginak diskriminatzeagatik. Behin baino gehiagotan, jokabide horiek auzibideak eta enpresaren kontrako epai eta isunak ere ekarri dituzte.
ELAk dei egin die Mercadonako langileei antolatzera eta jarduera horiei aurre egitera: «Ekintza kolektiboa gakoa da lan eskubideen urraketak geldiarazteko», adierazi du Ormesek.