Elkarrizketa soziala

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak «konfrontazio eredua»salatu du

Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk adostu dituzte enpleguari, industria iraultzari eta genero berdintasunari lotutako hainbat neurri. Confebaskek «liskar giroan» aritzea egotzi die ELAri eta LABi

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideak, atzo, Gasteizen, bilera hasi baino lehen. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

Batasun irudia eta ezberdinen arteko akordio gaitasuna. Argazki hori utzi nahi izan zuen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak atzoko bileran. Eusko Jaurlaritzak bilatutako argazkia izan zen. Gasteizko gobernuak Confebask patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin enpleguaren eta genero berdintasunaren alorreko hainbat itun sinatu baititu mahaiaren egituraren barruan. Akordio horiek ez dute langileen ordezkarien gehiengoaren babesik, ordea. ELAk eta LABek ez baitute parte hartzen mahaian; atzo ere uko egin zioten mahaiari, bileraren helburua «langileen aldarrikapenei entzungor egiten dieten eragile guztiek beren buruak zuritzea» dela argudiatuta.

Beraz, ELA eta LAB ez ziren bileran; gainera, Iruñean beste hitzordu bat zuten, Maria Txibite Nafarroako presidentearekin. Baina haientzako mezurik izan zen Gasteizen. Patronalak eta gainerako sindikatuek aditzera eman zuten elkarrizketa dela bide bakarra akordioak egiteko. «Akordioak urrun daude batzuek praktikatzen duten etengabeko konfrontaziotik, inposiziotik eta liskar girotik», adierazi zuen Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak. Sindikatu abertzaleei egotzi zien beren buruak mahaitik kanpo uztea, elkarrizketara batzeko «behin eta berriro gonbidatu arren». CCOOk eta UGTk ere itunen garrantzia azpimarratu zuten, eta Mahaia «egonkortu» izana.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideek arratsaldean egin zuten bilera, hain zuzen gehiengo sindikalak deitutako greba orokorreko manifestazio jendetsuak izan eta astebetera. 2018an desegin ondotik, iaz osatu zuten mahaia ostera, eta bilkurari egitura finko eta antolatu izaera eman zioten, gainera. Mahaiak herren jarraitu du, ordea, eta hala zegoen atzo ere. Edonola ere, akordioak egin, egin dituzten aldeek, eta atzo plazaratu zituzten azken urtean egindako lanaren emaitzak. Horrez gain, 2020an gauzatu beharreko plana ere zehaztu zuten bileran. Bost alorretan finkatu dituzte itunak: enplegua, lan osasuna, industria, genero berdintasuna eta Lanbide Heziketa.

Enplegua jomugan

Industriaren laugarren iraultzak edo industria 4.0 deritzanak ekarriko dituen erronkei aurre egiteko neurriak dira adostu dituztenetako batzuk. Hain zuzen, digitalizazioak eta robotizazioak lanpostuetan eragingo dituzten aldaketei egokitzeko plan baten oinarriak finkatu dituzte. «Trantsizio justua» izatea nahi dute aldeek, eta, horretarako, funtsezkotzat jo dituzte behar berriak identifikatzea, langileen formakuntza eguneratzea, edota alde guztien partea hartzea eta elkarrekiko komunikazioa bermatzea. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak administrazioaren, enpresarien eta langileen ordezkarien arteko elkarlanaren beharra azpimarratu zuen berriro. «Hau dena ezin dugu egin langileen ordezkaririk gabe. Beraz, hiruren arteko akordioa izan behar du».

Behar berrietara egokitzeko, halaber, enpleguaren lege berri baten aurreakordioa ere hitzartu dute, eta tramitazioa dagoeneko «martxan» du Jaurlaritzak Beatriz Artolazabal enplegu sailburuak adierazi duenez. Errelebo kontratuen aldeko «apustua» ere berretsi dute aldeek, eta baita atzerrian lanean ari diren gazteak itzultzeko indarrean dagoen plana egokitzea ere; izan ere, aitortu zuten orain arte martxan den programak «emaitza ia hutsalak» eman dituela.

Genero berdintasunari ere garrantzia eman nahi diote lan arloan. Hori dela eta, adierazpen bateratu bat adostu dute kideek: batetik, kontziliazioaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute, eta, bestetik, lanbideari lotutako genero rolak gainditzeko beharra azpimarratu.

Horrez gain, iragarri zuten berdintasun plan berri bat martxan jarriko dutela hainbat enpresatan. Datozen hilabeteetan izango da, eta hamar enpresa aukeratuko dituzte horretarako. Batzordeak eratuko dituzte jarraipena egiteko, eta helburua da datorren urtetik aurrera beste enpresa batzuetan ere berdintasun plana aplikatu dezaten laguntzeko ondorioak ateratzea. Horri lotuta, hain zuzen, garrantzia eman nahi diote Lanbide Heziketari ere. Eta horretarako orientazio eredu propio bat lantzeko konpromisoa hitzartu dute.

Enpresa txiki eta ertainetako lan istripuak gutxitzeko behatoki bat sortzea ere adostu dute. Erakundea nortasun juridiko propiorik ez duten enpresa txiki eta ertainentzat izango da, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko lantaldea arduratuko da hura kudeatzeaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.