Bizkaiko gizarte arloko epaitegiak arrazoia eman die Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko langileei zuzendaritzaren aurka jarria zuten salaketan. Epailearen ustez, lanaldiaren barruan sartu behar da langileek babesak jantzi, erantzi eta dutxatzeko behar duten tartea, «finkaturiko baldintza mesedegarri» bat delako; alegia, denboraren poderioz lorturiko eskubide bat. Enpresak, dena den, helegitea jartzeko eskubidea du.
Greba mugagabea bertan behera utzi eta astebetera, epaileak arrazoia eman die langileei, eta Petronorri agindu dio aurreko lan baldintzak berriz ezartzeko. Orain arte, lanera sartzean, babesak jantzi aurretik fitxatzen zuten, eta, irtetean, haiek erantzi eta dutxatu ondoren. Enpresak, baina, aldagela berri batzuk eraiki ditu, eta haien aitzakian eskubide hori kendu zien langileei;Â alegia, janzte-eranzte denborak lanalditik kanpo utzi ditu. Langileek salatu zuten ordu erdi inguru zela.
Langileen ustez, enpresak ezin zuen aldaketa hori egin langile batzordearen oniritzirik gabe, eta orain epaileak arrazoia eman die. Epaileak argudiatu du urteen poderioz finkaturiko baldintza mesedegarri bat dela, eta hura aldebakarrez moldatzeak lan baldintzetan justifikatu gabeko funtsezko aldaketa bat egitea dakarrela. Halaber, zehaztu du neurriak lanaldia luzatzea zekarrela, neurtu gabe, eta horrek eragin nabarmena zuela langile guztiengan. Hori bai, ez du onartu langile batzordeko sindikatuetako batzuek eginiko kalte-ordain eskaera.
ELAk —hiru ordezkari ditu langile batzordean— ebazpenaren inguruko balorazioa egin du, eta «oso positibotzat» jo du. Nabarmendu du orain lan hitzarmenaren negoziazioa berriz hasiko dela eta ez duela onartuko lan baldintzetan atzera egiterik, eta ez du baztertu berriz ere grebara deitzea enpresak bere jarrerari eusten badio. Trabajadores Unidosek (TU) —bost ordezkari ditu— ere txalotu du erabakia, eta enpresari arduraz jokatzea eskatu dio, eta bere ohar publikoetan esan bezala, «epaitegietako bideak esaten duen horretara egotea».
Hamar milioi dolarreko mehatxua
Lanaldiko ordu erdi hori galtzea zen langileek iazko irailean hasi eta iragan astera arte egin zuten greba mugagabearen eskaera orokorretako bat. 83 egunen ondoren, sindikatuek bertan behera utzi zuten greba; izan ere, enpresak, langile batzordea salatzeko mehatxu egin ondoren, uste zuen legez kanpoko greba bat zela. Petronorrek mehatxu egin zuen langile batzordea eta greba batzordea salatuko zituela eta kideei hamar milioi dolarreko (8,5 milioi euro) kalte ordaina eskatuko ziela. Sindikatuen gehiengoa eta enpresa akordio batera iritsi ziren: batzuek bertan behera utzi zuten greba, eta besteek ez zuten salaketa jarriko.
Grebak esportazioak apaldu ditu
Petronor da Euskal Herriko enpresa handienetako bat, eta haren gorabeherek eragina izan ohi dute kanpo merkataritzako datuetan. Kasu honetan, eragin txarra izan da, esportazioak gutxitu egin baituzte. Hegoaldeko enpresek 3.753,3 milioi euroren esportazioak egin zituzten urrian, iaz baino %8,4 gutxiago. Muskizko findegiak funtzionatu ahal izan zuen hilabete horretan, sektore estrategikoa izanik, gutxieneko zerbitzu oso zabalak ezarri ahal izan zituelako enpresak, baina muga bat izan zuen: ez zuen han findutako diesela esportatu ahal izan. Horrek ia %40 txikitu ditu energia produktuen esportazioak, eta horietako gehienak Petronorri dagozkio.
Berez, urtea ez da ona izaten ari kanpo sektorearentzat, pattal dabiltzalako Hegoaldeko enpresen bi bezero nagusiak, Alemania eta Frantzia, eta muga zerga handiak AEBetara produktu gutxiago esportatzea eragiten ari delako. Horrenbestez, aurtengo lehen hamar hilabeteetan %4,3 apaldu dira esportazioak.
Energia sektorearen kanpo salmentak %40 txikitu dira, grebaren aurretik Petronorrek geldialdi tekniko luzea izan zutelako. Baina industria hutsaren kanpo salmentak ere dabiltza bere onean, eta horretan zeresana du Mercedes furgoneta gutxiago eta Volkswagenek auto gutxiago esportatzen ari dela. Gasteizko eta Landabengo lantegiak ibilgailu elektrikorako prestatzen ari dira, eta horrek eta merkatu ahul batek haien esportazioak apaldu dituzte. Horren eskutik, Nafarroan %4,5 apaldu dira aurten esportazioak eta %0,5, berriz, Araban. Bizkaiaren zenbakiak dira kaskarrenak (-%12), energiarekiko duen menpekotasuna dela eta. Doi-doi kontrakoa gertatzen da Gipuzkoan: CAFen trenek pisua baduten arren, dibertsifikatuagoa daude haren salmentak, eta %1,8 ari dira handitzen.
Alemania (%15,8), Frantzia (%15,5) eta Erresuma Batua eta Italia (%6,1) dira Hegoaldeko enpresen bezerorik onenak.
Â