Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko langileen greba amaitu da. 83 eguneko lanuztearen ondoren, langileen egoera ez da askorik aldatu, baina langile batzordeko kideetako hiruk erabaki dute berriz hartzea lan hitzarmena eguneratzeko negoziazioak: CCOOk —sei ordezkari—, UGTk—sei ordezkari— eta ELAk —hiru ordezkari—, hain zuzen. Enpresak, trukean, grebalarien aurkako auzibiderik ez hastea onartu du. Bien bitartean, langile batzordeak enpresari jarritako salaketa epaitegietan dago, ebazpenaren zain. Haiekin adostu gabe lan baldintzen aldaketa handi bat egin izana leporatu zioten enpresari.
Greba mugagabea langileen %91ren onespenarekin hasi zuten, eta ondoren %80k esan zioten ezetz enpresaren lehen eskaintzari. Greba deialdia, baina, haiei iritzia galdetu gabe utzi dute bertan behera. Hori salatu du Trabajadores Unidos sindikatuak —bost ordezkari ditu batzordean—, eta horregatik ez du erabakia babestu. Haiek argi dute langileen asanbladaren onespena ezinbestekoa dela greba bertan behera uzteko, eta ELAren, CCOOren eta UGTren zerbitzu juridikoei egotzi diete langileen iritziari bizkarra eman izana.
Petronorrek, baina, behin greba bertan behera utzi eta gero, sindikatu guztiek aho batez onar dezatela exijitu du, auzibiderik ez hasteko baldintza gisa. Gauzak hala, TUk «behartuta» sinatu du: «Epaiketa batek, grebarik gabe eta aurreakordio bat sinatuta, muturreko zaurgarritasun egoeran utziko gintuzke». TUk beste sindikatuei egotzi die enpresa indartu izana: «Greba bertan behera utzi izanak erreminta nagusirik gabe utzi zituen langileak».
Ebazpenaren zain
Gauzak hala, langileak duela hiru hilabete zeuden antzera daude. Bere garaian salatu zuten enpresak ordu erdi luzatu nahi zuela eguneko lanaldia, eta egoera ez da aldatu. Erabakia atzera botatzeko, auzitara jo zuten, haien ustez enpresak batzordearen onespena behar zuelako, eta Bizkaiko gizarte arloko epaile batek aurki ebaztea espero dute. Bien bitartean, grebak kalte egin dio enpresari. Hala aitortu zuen barne ohar batean, eta dieselik ezin esportatuta egon da, Espainiako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek espresuki debekatu ziotelako.
Erabakiaren berri emateko agirian, ELAk ez du baztertu grebara itzultzea lan baldintzetan hobekuntzarik ez badago. Pentsatzekoa da lan hitzarmenaren negoziazio fasean lortzea espero duela. Enpresak, berriz, egoera lasaitzeko keinutzat hartu du sindikatuen erabakia.
Â