Petronorreko gatazka Auzitegi Nagusira iristen bada, litekeena da grebak hilabeteak irautea

Enpresaren eskaintza probintzia auzitegian epaituko dute, langileen %80k aurka bozkatu dutela eta. Batzordeak negoziazio prozesu «serio bat» eskatu dio zuzendaritzari.

Petronorreko langileek Kutxabanken egoitzaren aurrean eginiko protesta. BERRIA
Petronorreko langileek Kutxabanken egoitzaren aurrean eginiko protesta. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko azaroaren 4a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petronorrek Muskizen (Bizkaia) duen findegiko langileek tinko eusten diote grebari, eta Bizkaiko probintzia epaitegiak erabaki beharko du enpresak lan baldintzetan egindako aldaketa legezkoa izan zen ala ez. Auzia Bilboko epaitegietara iritsiko den bigarren aldia da; aurrenekoan, epaileak langileak behartu zituen enpresak CCOO eta UGT sindikatuekin adosturiko azken eskaintza bozkatzera. Langileen %80k, baina, aurka bozkatu zuten, eta pilota epailearen eskuetan dago berriz. Orain, data jartzea dagokio.

Berrogei egun dira ekoizpenean diharduten Petronorreko langileek greba mugagabea hasi zutela. Haren oinarrian, enpresak eguneko lanaldian egin asmo duen aldaketa bat dago. Orain arte, langileek ordu erdi izan dute egunero babesak janzteko eta eranzteko, eta tarte hori lanorduen barruan zegoen. Enpresak, baina, tarte hori lanorduetatik atera du, baina ez du adostu langile batzordearekin —UGT (sei delegatu), CCOO (sei), TU Trabajadores por la Unidad (bost) eta ELA (lau)—. Argudiatu du eraiki dituen aldagela berriak erabiliz gero tarte hori ez dela beharrezkoa. Batzordeak, ordea, iritzi dio lan baldintzen aldaketa «sakona» dela, langileekin adostu beharrekoa, eta horregatik jo zuten auzitara.

Grebaren gakoak

  1. Langileek berrogei egun daramatzate greban, eta indartsu sentitzen dira: %90ek protestaren alde egin zuten, eta %80k enpresaren eskaintzaren aurka bozkatu dute. %90eko zerbitzu minimoak daudenez, kalte txikia egiten die soldatan.

  2. Petronorrek onartu du grebak kalte egiten diola; besteak beste, ezin duelako dieselik esportatu.

  3. Langileek Kutxabanken egoitzaren aurrean egin dute elkarretaratzea. Petronorren bi akziodunetako bat da —nagusia Repsol da, eta akzioen %86 ditu—, eta zuzendaritza behartu dezake.

  4. Bizkaiko probintzia auzitegiak ebazten duena ebazten duela, helegiteak ia ziurrak dira, eta langileak grebari eusteko prest daude.

Egoera larria ikusita, iragan astean enpresak tarteko eskaintza bat adostu zuen CCOO eta UGT sindikatuekin —gehiengoa dute batzordean—: hamabost minutuko konpentsazio bat eguneko, eta sei opor egun gehiago. Horrek lanaldia zortzi ordura igoko luke, eta langileek uko egin beharko liokete akordioa auzitara eramateari. Eskaintza hori bozkatu zuten herenegun, eta ezezko borobila eman zioten: 333 aurka eta 84 alde. Batzordeak mezu argia bidali du: ez dute greba hasi baldintzetan okerrera egiteko.

Bozketa horrek korapiloa aska zezakeen, baina, emaitza argia izan denez, are gehiago tenkatu da egoera. Gauzak horrela, langileek «elkarrizketa prozesu serio bat» eskatu diote zuzendaritzari, eta protesta egin dute gaur Kutxabankek Bilbon duen egoitzaren aurrean. Aurrezki kutxen bankuak Petronorren akzioen %14 ditu —gainontzekoak Repsolen esku daude—, eta artekari lanak egin ditzakeela uste dute.

Esportatu ezinda

Petronor arduratuta dago grebarekin, eta hala onartu zuen barne ohar batean duela bi aste. Grebaren zerbitzu minimoak %90ekoak dira, baina, langileak greban izanda, debekatuta dauka diesela esportatzea. Halaber, zuzendaritzak aitortu du protesta eragina izaten ari dela enpresaren «izen onean» eta «akziodunen konfiantzan».

Eta gehiago arduratzeko arrazoia du. Langileen %90ek bozkatu zuten grebaren alde, eta %80k atzera bota zuten proposamena. Orain arte, batasuna handia da. %90eko gutxieneko zerbitzuak eginez, soldatan kalte txikia izaten dute, eta eusteko daude. Gainera, langile batzordeak argi du probintzia epaitegiak arrazoia ematen ez badie EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jartzeko prest daudela, baita hark ebatzi artean lanuzteari eusteko ere. Horrek hilabete batzuetarako luzatuko luke greba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.