Epaitegi batek ebatzi du Gasteizko taxilariek guardiak egin beharko dituztela

Epaileak atzera bota du 65 taxilarik aurkeztutako helegitea, herritarren «interes orokorra» babestu behar dela argudiatuta. Udalak martxan jarri ditu zerbitzu hori berriz abiarazteko tramiteak.

Taxi batzuk, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Taxi batzuk, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
edurne begiristain
2026ko irailaren 9a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegiak ez du onartu hiri horretako 65 taxilarik aurkeztutako helegitea, eta, beraz, ez du bertan behera utzi taxilariei guardiak egiteko betebeharra ezartzen zien udal dekretua. Taxilari talde batek eskatu zuen araua behin-behinean indargabetzeko, baina epaileak ebatzi du araua kautelaz indargabetzeak ekarriko lituzkeen lan eta diru galerak ezin direla herritarren «interes orokorraren» gainetik jarri oraingoz.

Autoan zehazten da herritarren joan-etorriak eta taxi zerbitzua bermatzea interes orokorreko kontua dela, «bereziki eskaerarik handieneko tarteetan». Udal gobernuak ontzat jo du ebazpena, eta adierazi hasieratik defendatu duen beharra berresten duela: taxi zerbitzua bermatu beharra dagoela herritarrek gehien behar dutenean.

Hala ere, ebazpen hori kaleratu izanak ez du esan nahi guardien dekretua gaur bertan jarriko denik indarrean. Izan ere, araudiaren indarraldia etenda dago oraindik administrazio bidean, eta udalak adierazi du lanean ari dela hura berrezartzeko. Udalaren arabera, horretarako beharrezko txostenak prest ditu, eta dekretua laster argitaratuko du Arabako aldizkari ofizialean.

Taxi gehiago

Halaber, Gasteizko Udalak gaur bertan iragarri du taxiak ugarituko dituela. Beste hogei taxi lizentzia emateko lehiaketa publikoa abiatzeko dekretua sinatu du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziak. Neurri horren bidez, Gasteizen 214 taxi lizentzia egongo dira —orain 194 dira—. Udalak azaldu du lizentzia kopurua ez dela handitu ia hogei urtean, baina bitarte horretan hiria eta biztanleria handitu egin direla, eta puntako orduetan zailtasunak izaten direla taxiak hartzeko.

Udalak ikuskaritza bat egingo du abenduan, hogei taxi horiei esker zerbitzua erabiltzeko arazoak konpondu ote diren aztertzeko, eta, beharrezkoa balitz, lizentzia gehiago emateko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA