Eroski taldeak pauso garrantzitsua eman zuen duela bi urte bankuekin zuen zorra arintzeko. Finantza merkatuetara jo zuen diru bila: zor bonu bat jaulki zuen 500 milioi euro lortzeko. Arnasa eman zion horrek, 2000ko hamarkadako hedapen prozesuan pilatutako zor handia kitatzeko aukera eman baitzion. Garesti atera zitzaion, ordea, trukean interes oso handiak —%10,62— ordaindu behar zizkielako bonu horiek eskuratu zituztenei. Hori aldatzea lortu du orain, zorrerako tresna berriak lortuta.
Taldeak berak azaldu du nagusiki bonu jaulkipen bati esker lortu duela finantza egitura berria. Mondragon taldeko banaketa kooperatibak 500 milioi euroko zorra saldu baitu bonuetan, baina trukean orain arte ordaintzen zituen interesen ia erdia ordainduko du aurrerantzean: %5,75. Atzo bertan itxi zuen bonuen jaulkipena, Rosa Carabel Eroskiko kontseilari ordezkariak Madrilen emandako prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
«2023an pauso oso garrantzitsua eman genuen gaur egun gauden lekura iristeko, baina argi genuen hura ez zela etapa haren amaiera eta lanean jarraitu behar genuela. Hain justu ere, negozioaren hazkundeak berak konfiantza eta bermeak eman dizkigu orain prozesu eta etapa berri honi ekiteko», azaldu du Carabelek.
Diru horrekin duela bi urte bankuekin hitzartutako zorra aurretiaz pagatuko du, eta, ondorioz, nabarmen arinduko du finantza gastua: ia 25 milioi euro aurreztuko ditu urtero. Epe muga ere beste bi urtez luzatuko du, dirua 2031n itzuli beharko baitu 2029an itzuli ordez. Bonu senior bermatuak dira, inbertsiogile instituzionalentzako, eta sei hilabetero ordaindu beharrekoak.
ELKARRIZKETa
Baina tresna gehiago ere lortu ditu kooperatibak. 370 milioi euroko mailegu bat ere hitzartu du bankuekin, baita 80 milioi euroko kreditu lerro bat ere, likidezia bermatzeko. Tresna horiek finantza erakunde talde batekin izenpetu ditu. Horien artean daude Laboral Kutxa, Kutxabank, BBVA, Santander, Caixabank, Banca March, Cajamar, Rural Kutxa, Rabobank, Intesa Sanpaolo eta Deutsche Bank.
Eusko Jaurlaritzak ere babestu du operazio hori, Finantzen Euskal Institutuaren bidez. Halere, Eroskik ez du zehaztu mailegu eta kreditu horietan zenbat diru ipini duen Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuaren babesa ere izango du —lehendik ere bazuen—, ICO Espainiako Kreditu Ofizialeko Institutuaren bidez.
«Beste etapa bat»
Zorrerako tresna berriei esker guztira 950 milioi euro bildu ditu Eroskik. Diru hori aurreko finantzatze hitzarmeneko zor guztia aurretiaz pagatzeko ez ezik, bankuekin 2023an izenpetutako maileguak ordaintzeko ere baliatuko du —112 milioi inguru—. Aurretiaz ordainduko du, halaber, 2028a baino lehen itzuli behar zituen menpeko ekarpenei lotutako dirua. 209 milioi euro zor ditu horiengatik.
«2023an pauso oso garrantzitsua eman genuen gaur egun gauden lekura iristeko, baina argi genuen hura ez zela etapa haren amaiera eta lanean jarraitu behar genuela»
ROSA CARABELEroski taldeko kontseilari ordezkaria
Hain zuzen ere, XXI. mendearen hasierako hedapena herritarren diruaren bitartez finantzatu nahi izan zuenean sortu zituen ekarpen horiek, finantza tresna gisa. 2002an, 2004an eta 2007an jalki zituen, eta 660 milioi euro bildu zituen horiei esker. Inbertitzaile txikiak ziren dirua jarri zuten gehienak: langileak, bazkideak, bezeroak… 2008ko krisia lehertu zenean, ordea, kooperatibak ezin izan zuen diru hori hitzartutako epean eta baldintzetan itzuli. Hala, 2016an, jarritako diruaren %30 barkatzea eskatu zien ekarpenen jabeei, hots, 200 milioi euro inguruko zorra barkatzea. Onartu ez zutenei interesak ordaintzen dizkie oraindik kooperatibak.
Bada, auzi hori ixteko, beste pauso bat eman nahi du orain Eroskik, eta beste etapa bati hasiera eman. Izan ere, banaketa kooperatibak bide luzea eta malkartsua igaro du azken hamabost urteetan, zorraren zamak galgatuta. 2009az geroztik, ordea, 2.568 milioi euro ordaindu dizkie hartzekodunei, desinbertsio prozesu bati esker. 3.506 milioi euro zor zituen orduan, eta 938 milioi zor ditu egun. Datozen urteetan zorra are gehiago murriztea da taldearen helburua, 2027an Ebitda halako bi izateraino —2009an zorra Ebitda baino hamar aldiz handiagoa zen—, Josu Mugarra Eroski taldeko finantza arduradunak azaldu duenez.
Gainera, aurrerantzean zor hori tresna gutxiagotan egongo da zatituta, eta horrek kooperatibaren lehiakortasuna eta kaudimena «hobetuko» ditu, Carabelek ziurtatu duenez. Hain zuzen ere, adierazi du taldearen bilakaera onari esker lortu dutela orain zorra berregituratzea: «Kooperatibak lasaitasunez egingo dio aurre datorren etapari, jakinda emaitza onak dituela, merkatuen aitortza duela eta eredu ekonomiko eta soziala indartsu doala garapen iraunkorrerantz eta luzera begirako egonkortasunerantz».
SALMENTAK gora, eta hedatzea helburu
Hazten jarraitzea da Eroskiren nahia eta helburua, oinarria elikagaien sektorean jarrita betiere. «Azkenean, heldu zaigu gure negozioan zentratzeko garaia. Hazten eta hedatzen jarraitzeko garaia da, egiten dakigun horri etekina ateratzekoa», azpimarratu du Rosa Carabelek, Eroskiko kontseilari ordezkariak. Eta ziurtatu du iazko emaitzak hobetu egingo dituztela aurten, oraindik kontuak itxi gabe dituzten arren.
Iaz 5.729 milioi euroko salmentak izan zituen taldeak, eta Carabelek adierazi du aurten zenbateko hori %2 eta %3 artean handitzea espero dutela. Besteak beste, merkatu kuota areagotuta lortu nahi dute hori. Iberiar penintsularen iparraldean, indargunetzat jotzen duen eremu horretan jarri nahi ditu indarrak taldeak: Hego Euskal Herrian, Galizian eta Katalunian, besteak beste. Eremu horretan %12,7ko kuota du kooperatibak.
Ez du baztertzen 2027tik aurrera hegoaldera ere hedatzen hastea. Izan ere, Mondragon taldeko kooperatibaren nahia da 2028ra bitarte 10-15 denda eta 60 bat frankizia zabaltzea urtero. Aurten jada 70 baino gehiago ireki ditu guztira. Era berean, amaitutzat eman du desinbertsioen aroa ere, iragarri baitu ez duela negozio adar gehiago salduko. Nolanahi ere, Carabelek esan du «entzuteko prest» daudela Forum Sport kirol denda kateen balizko salmenta bati buruzko eskaintzaren bat etorriz gero.