Eutsi ala amore eman. Bigarrena hautatu zuten Ursula von der Leyenek eta Europako Batzordeak Trumpek muga zergak ezartzeko mehatxua egin zuenean. Oraingoan, berriz, horren aurreko erabaki bat dago ezbaian: 2035etik aurrera Europako Batasunean errekuntzako auto berririk ezin matrikulatzea. Milioika kontsumitzaileren hautua ez ezik, milaka milioi euroren inbertsioak baldintzatuko ditu Bruselaren hautuak.
Ostiralean, Von der Leyen Bruselan bilduko da Europako auto ekoizleen patronalarekin (ACEA) eta auto industriarako osagaien egileen taldearekin (CLEPA). Eskari garbi bat daukate: 2035eko debekua bertan behera uzteko, eta denbora gehiago emateko auto elektrikorako trantsizioari. Haien argudio nagusia da auto elektrikoen salmenta uste baino motelago doala eta, hortaz, ez dela errealista bederatzi urte eta lau hilabete barru elektriko hutsak ez diren motor guztiak debekatzea.Â
%15,6Auto elektrikoen kuota zenbatekoa den EBn. Urtarrilaren 1etik uztailaren 31ra arte 1.011.903 auto guztiz elektriko matrikulatu dira Europako Batasunean, iaz baino %39 gehiago. Haien kuota %12,5etik %15,6ra igaro da urtebetean. Kuota handiagoa dute gasolina erretzen duten autoek (%28,3) eta, batez ere, gaur egun modan dauden autoek, hibridoek (%34,7). Â
Baina bada ACEAk aipatzen ez duen beste arrazoi bat: Europako autogileak beren lehiakide txinatarrak baino motelago doaz auto elektrikorako trantsizio propioan, eta denbora gehiago behar dute haien teknologiara eta prezioetara hurbiltzeko. Haien kontuetan jada ikusten da ahultze hori: batzuk galeretan sartu dira aurten —Stellantis, Renault...—, eta beste batzuen mozkinak asko txikitu dira. AEBetako muga zerga handiagoek ere eragina izan dute datu horietan.
Gutuna Von der Leyeni
Autogileen patronala, ordea, ez da presio egiten duen bakarra. Eztabaidaren beste muturrean, mugikortasun elektrikoan aritzen diren 150 enpresatako buruzagiek Von der Leyeni bidalitako eskutitz bat publiko egin dute; gutun horretan, 2035eko muga ez aldatzeko eskatu diote. Eskatzaileen artean daude Euskal Herrian egoitza duten bi enpresa —Iberdrola eta Basquevolt—, baina baita Volvo, Uber, Ikea, LG, Samsung eta Zunder ere.
«Irmo eutsi, ez egin atzeraka. Eutsi 2035etik aurrera autoentzat eta furgonetentzat ezarritako zero emisioen helburuari», dio agirian. Sinatzaileen arabera, 2023an Von der Leyenen taldeak berak 2035. urtea aukeratu zuenean, «bide orri garbi eta sinesgarri bat sortu zuen inbertitzaileentzat, gobernuentzat eta herritarrentzat: aurrea hartzea mundua elektrifikatzen ari den honetan». Bide orri horren ondorio da, haien esanetan, auto ekoizleek «ehunka mila milioi euro agindu» zituztela inbertsioetan, eta horiekin jada «150.000 lanpostu sortu» direla —baterien gigafaktoriak Frantzian eta Alemanian, planta berriak edo eraberrituak Eslovakian eta Belgikan—, eta autoak kargatzeko azpiegitura «bizkor» ari dela hedatzen kontinentean.Â
Sektore elektrikoaren arabera, «2035eko helburua atzeratzeak edo teknologia ez hain eraginkorrei lekua emateak arriskuan jarriko lituzke aurrerakuntza kolektibo horiek guztiak, inbertitzaileen konfiantza hautsiko luke, eta betirako abantaila emango lieke lehiakide globalei».
Lehiakide horietan lehena Txina da. Hura da auto elektrikoen ekoizle nagusia, baina baita merkatu nagusia ere. Abuztura arte, herrialde hartan matrikulatutako autoen %54,6 dira guztiz elektrikoak eta hibrido entxufagarriak (%24,2, EBn).Â
autogileen lehen garaipena
Aurrekariek zerbaitetarako balio badute, itxaropentsu egoteko arrazoia dute Europako autogileek, eta ezkor egoteko arrazoia, berriz, argindarraren negozioan ari direnek. Joan den martxoan, Europako Batzordeak urardotu egin zuen 2035erako bidean autoen gas kutsakorren emisioak gutxitzeko EBk jarritako araua, CAFE izenekoa. Haren arabera, 2025ean EBn saldutako autoen batez besteko CO2 gasaren emisioak gehienez 93,6 gramokoa izan behar zuen ehun kilometroko (115,1 gramo ziren 2024 arte), baina, moldaketaren ondoren, 2026ko eta 2027ko datuak ere aintzat hartuko dira autogile batek muga gainditu ote duen kalkulatzeko. Ordurako auto elektrikoen salmenta orain baino handiagoa izatea kalkulatu denez, autogile gehienek bete egingo dutela espero da; Mercedes izango litzateke salbuespena, Transport & Environment talde ekologistak egindako ikerketaren arabera. Hain zuzen ere, Mercedeseko buruzagi Olla Kallenius da gaur egun ACEA patronaleko burua. Gaur-gaurkoz, Volvo eta BMW soilik daude muga horretatik behera.