Ahal Dugu-k ez du «zerga pribilegioak handitzen dituen erreforma bat lagunduko»

Ezkerreko taldearen babesik gabe, oso zaila da EAJk eta PSE-EEk hitzartutakoa Araban eta Gipuzkoan ere ezartzea. Sindikatuek aho batez salatu dute «enpresa eta errenta handiei mesede egiten dien» erreforma bat.

Miren Etxebeste eta Marivi Eizagirre Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusietan dituen ordezkariak, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
Miren Etxebeste eta Marivi Eizagirre Elkarrekin Podemosek Gipuzkoako Batzar Nagusietan dituen ordezkariak, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 2a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerga sistemari egin beharreko aldaketa batzuk hitzartu dituzte EAJk eta PSE-EEk, baina adostasuna, oraingoz, horretara mugatzen da. Sindikatuek beren iritzia plazaratu dute, eta aho batezkoa da: ez dute gustuko, haien iritziz enpresa eta errenta handiei soilik egiten baitie mesede. Gainera, moldaketa horiek Araban eta Gipuzkoan aurrera egin dezaten, beharrezkoa da beste alderdi batek ere ontzat hartzea, eta horretarako hautagai zen taldeak, Ahal Dugu-k, argi utzi du ez duela «zerga bilketa txikitu eta pribilegioak handitzen dituen» erreformarik babestuko. Hau da, aldaketarik egin ezean, uler daiteke ez duela babestuko.

2025eko zerga moldaketak Elkarrekin Podemosekin negoziatu zituzten EAJk eta PSE-EEk, eta, hark egindako zuzenketa batzuk ontzat jo ondoren, moldaketek aurrera egin zuten hiru Batzar Nagusietan. Baina, orain, uzkurrago azaldu da koalizio horretako osagai nagusietako bat, Ahal Dugu. Agiri baten bidez, ziurtatu du EAJk eta PSE-EEk hitzartutakoa «gutxieneko akordio» bat dela, alderdien desadostasunak «estaltzeko», eta ez duela argitzen zer gertatzen den Bizkaiko Aldundiak egindako proposamen eztabaidatuenetako batzuekin —esaterako, osasun seguru pribatuei kenkariak ematea—. 

Ahal Dugu-k aldarrikatu du iazko erreformak zerga sistemaren progresibitatea, justizia soziala eta babes soziala handitu zituela, eta ziurtatu du Bizkaiko Aldundiaren proposamena kontrako bidetik doala. Gauzak horrela, «orain ez dugu lagunduko egindako bidean atzera egitea», ohartarazi du.

EH Bildu oso kritiko azaldu zen Bizkaiko Aldundiaren proposamenarekin eta erabat baztertuta dago EAJren eta PSE-EEren proposamenak ontzat hartzea. Ondorioz, eta Elkarrekin Ahal Dugu-k negoziazioen bitartez jarrera aldatuko ez balu, PPren botoa ezinbestekoa izango litzateke Araban eta Gipuzkoan moldaketek aurrera egin dezaten; baina hori, hauteskundeen atarian, kostu politiko handia izan dezake jeltzaleentzat eta sozialistentzat. 

Sindikatuak, erabat aurka

Erreformaren kritikoen artean dago ELA. Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak nabarmendu du EAJk eta PSE-EEk Bizkaiko Aldundiaren proposamenaren gainean egindako moldaketek ez dutela «sakoneko arazoa» aldatzen. Hau da, «berresten du EAJk eta PSEk bat egiten dutela enpresei, kapitalari eta errenta handiko zenbait kolektibori beste pizgarri batzuk eskaintzeko zerga politikan». Okerreko bidea iruditzen zaio hori ELAri; izan ere, haren ustez, bi alderdiek aukera galdu dute zerga sistemaren progresibotasuna handitzeko eta gehien dutenei ekarpen handiagoa eskatzeko.

Agiri baten bitartez, ELAk ziurtatu du bi alderdien arteko desadostasunak funtsean ez zirela neurriei buruzkoak, baizik eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga sistemen harmonizazioari buruzkoak. «Erantzuna ez da izan Bizkaian planteatutako ikuspegia kentzea, baizik eta esparru komun bat adostea horrelako politikak Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara hedatzeko, gero lurralde bakoitzean berrikusteko aukera izanda».

Aitor Murgia eta Mitxel Lakuntza, Bizkaiko zerga erreformaren balorazioa egiten, ekainean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Aitor Murgia eta Mitxel Lakuntza, Bizkaiko zerga erreformaren balorazioa egiten, ekainean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

ELAren ustez, kapitala erakartzeko eta enpresa eliteak asetzeko diseinatutako zerga politika bat da EAJrena eta PSE-EErena, eta sindikatuak justu kontrakoa proposatzen du: «Beharrezkoa da enpresen eta kapitalaren errenten ekarpena handituko duen zerga erreforma bat egitea, iruzurrik eta zerga ihesik ez izateko, eta aberastasunaren banaketa bidezkoagoa sustatzeko».

LAB eta CCOO

ELAkoen antzera mintzatu da LAB. «Patronalak eta kapital errentek beren pribilegioei eusten diete», ziurtatu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak. Gogorarazi du gaur egun lan errentek gehiago ordaintzen dutela kapitalaren errentek baino, eta, beraz, langileak direla sistemari eusten diotenak, noiz-eta enpresek inoiz baino etekin handiagoak dituzten honetan, gainera.

Bilbon egindako agerraldian, Arroyok nabarmendu du EAJk «31 eskutik» duela eta PSE-EE bazkideen nahietara moldatzen dela. Horren ondorioz, ez da zerga erreforma sakonik egingo, Arroyok deitoratu duenez; are, gaineratu du ezinezkoa dela kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea zerga erreforma sakon bati ekin ezean.

CCOOren iritzia ere beste sindikatuenen antzekoa da. «Erreforma, nagusiki, enpresa handien eskaerak betetzeko egina da. Horrela, talentua erakartzea guztion artean ordaindu beharreko ekintza gisa planteatzen da, enpresek eskaintzen dituzten baldintzak aintzat hartu gabe». Agiri baten bitartez, CCOOk azpimarratu du lanaren errenten bizkar dagoela zergen parterik handiena, eta EAJk eta PSE-EEk proposatutakoak ez duela egoera hori aldatzen. Zerga sistemaren erreforma sakonagoa eta gardenagoa izan dadila eskatu du, eta sozietate zerga ere alda dezatela. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA