Hamabi geltoki beste mundu batera iristeko

Barking izan zen Londresen 'brexit'-aren alde bozkatu zuten barruti bakanetako bat. Desindustrializazioak eta aldaketa demografiko bizkorrak sortutako ondoezaren emaitza izan zen, baina azken urteetan lanean aritu dira zauriak ixteko.

Barkingeko kale nagusia. IKER ARANBURU
Barkingeko kale nagusia. IKER ARANBURU
Iker Aranburu.
Barking
2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbat dira hamabi kilometro? Batzuetan, hamabi kilometro besterik ez, Tolosatik Andoainera dagoen distantzia, edo Galdakaotik Bilbora. Baina beste batzuetan, mundu bat dira hamabi kilometro. Eta Londresko Citytik Barkingera dauden hamabi kilometroetan, mundu bat dago, edo agian bi.

Etxe orratz zein baino zein garaiagoak eta distiratsuagoak daude lehenengoan, turistak haiei begira, eta batetik bestera nahiko azkar mugitzen den jendea ―zuriak eta nahiko gazteak, gehienbat―. Taberna eta jatetxe dotoreak ikusten dira, eta onddo kapela daraman gizon trajedun bat edo beste ere bai.

Metroaren District Line hartuz gero, hamabi geltoki ekialderago, Barkingen, neurri eta itxura apalagokoak dira etxe gehienak, eta luxuaren aztarnarik ez dute mundu guztiko janariak eskaintzen dituzten dendek eta taberna xumeek. Kale nagusiko azokan, 50 pennytan eros daitezke kuleroak eta galtzontzilloak, eta zortzi liberatan alkandora koloretsuak ―15 libera, bi erosiz gero―. Ostegun goiz euritsu batean, azal ilunagoko herritarrak dira gehienak, eta haien artean ez dira falta begiak soilik agerian dituzten emakumeak ere. Turista itxurako bakar bat, eliza zaharrari argazkia ateratzen.

20260611 105508
Dendak eta tabernak, Barkingen. IKER ARANBURU

Europako finantza zentro nagusia da City, eta Londresko aldirietako langile hiri bat Barking (218.000 biztanle). Garai batean, fabrikak bete-betean ari zirela, Londresko barruti aberatsenen artean izan zen —eta etxe dotore batzuk eta BMWak ez dira falta—, baina desindustrializazioarekin, pobreenetakoa da gaur egun.

Bi eremuen arteko alde hori ikusi zen duela hamar urte ere, brexit-aren erreferendumean. Cityn, %75ek bozkatu zuten EBn geratzearen alde; Barkingen, %62,4k uztearen alde.

Emaitza horiei ñabardura bat egin die Darren Rodwellek. Garai hartan eta orain gutxira arte, Barking eta Dagenhameko borough edo barrutiko liderra izan zen Rodwell laborista, alkate baten modukoa. «Egun hartan sekulako euri jasak izan ziren, eta lau hauteslekutan uholdeak izan ziren. Hortaz, benetan komunitatearen %32k soilik egin zuen brexit-aren alde», azaldu nahi izan du, Londresko hiru dimentsioko mapa ikusgarria daukan Cityko hitzaldi areto batean, bere liburuaren aurkezpenaren aurretik.

20260609 154325
Darren Rodwell, Barking non dagoen erakusten Londres Handiaren mapa batean. IKER ARANBURU

Baina eguraldia gorabehera, EBri ezezkoa eman zioten Barkingeko eta Dagenhameko herritarrek, orduan bezala gaur egun ere, laboristak alde handiz nagusi diren eremuan; eta Alderdi Laborista, ofizialki —baita Rodwell ere—-, brexit-aren aurka azaldu zen.

Itxuraz kontraesana izan zen emaitza hori, baina Barkingekoa ez zen salbuespena izan; gauza bera gertatu zen Ingalaterra iparraldeko hainbat hiritan. Denek ezaugarri bat dute: garai bateko industria ahaltsua itzali egin dela haietan. Barkingen eta Dagenhmanen kasuan, Ford lantegiaren itxiera. Garai batean 50.000 langile ere izan zituen, eta beste 100.000 langile haien zerbitzuan. Baina Fordekin batera, hamarkada batean desagertu ziren May & Baker botikagilea eta beste hamaika lantegi. «Eta komunitatea bere buruari galdezka hasi zen: 'Nortzuk gara gu? Zein da geure lekua gizartean?' Funtsean, esan zieten ez zutela etorkizunik», azaldu du Rodwellek.

20260611 113827
Kale bat, Barkingen. IKER ARANBURU

Baina, Rodwellek dioenez, bada brexit-aren botoa azaltzen duen beste faktore bat: aldaketa demografikoa. Urte gutxiren buruan, betiko enplegua galdu ahala, biztanleen mugimendu handia izan zen. 2001etik 2011ra britainiar zuriak %85,2 izatetik %58,3 izatera igaro ziren; %45 ziren 2021ean, eta ziur aski gutxiago gaur egun. «Bi urtean, 50.000 lagunek alde egin zuten, eta beste 50.000 etorri ziren. Gehientsuenak atzerritarrak ziren, bizimodua atera nahian zetozen, eta gauza handia da hori. Baina arazoa da udalak ez zuela nahiko azpiegiturarik komunitateari eusteko», nabarmendu du Rodwellek. 

Etxebizitza ere arazo bilakatu zen. «Kontuan hartu behar duzu jende horrek bizilagun berak izan zituela 20, 30, 40, 50 urtez. Eta bat-batean, kalearen erdia atzerritarrak ziren, eta haien seme-alabek eta bilobek ezin zuten etxe bat aurkitu. Berez, etxebizitza pribatuak ziren ordurako, baina jendeak uste zuen oraindik udalarenak zirela. Baina jabeek epe laburrerako, urte beterako edo erdirako kontratuekin alokatzen zituzten, eta batzuetan inguru hori ezertxo ere inporta ez zitzaien jendea iritsi zen, eta etxeak ez ziren zaindu».

«Jendea oso burumakur zebilen, oso bakartuta, eta sentimendu horiek egosi egin ziren Barkingen. Tantaka-tantaka hasi ziren atzerritarrei botatzen beren egoeraren errua, baina baita EBri ere»

DARREN RODWELL Barking-Dagenham barrutiko lider ohia

Migrazio bizkor horrek BNP Alderdi Nazional Britainiarra hauspotu zuen. 2006ko udal hauteskundeetan hamabi zinegotzi lortu zituzten. «Baina 51 hautagai aurkeztu izan balituzte, gutxienez 30 lortuko zituzketen, eta distrituaren kontrola». Denak, laboristen kalterako. «Jendeak ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen beren inguruan, baina inork ez zien erantzunik ematen. Eta horrek eskuin muturrari aukera eman zion bere politika sinplista hedatzeko, hau da, besteei leporatzea norberaren arazoak».

Orduan sartu zen Rodwell politikan. «Jendea oso burumakur zebilen, oso bakartuta, eta sentimendu horiek egosi egin ziren Barkingen. Tantaka-tantaka hasi ziren atzerritarrei botatzen beren egoeraren errua, baina baita Europako Batasunari ere».

20260611 120701
Urbanizazio berriak, Barkingen. IKER ARANBURU

Komunitatea berriro indartzen saiatu zen Rodwell, etxebizitzak eraikitzen, industria berriak erakartzen, eta harrotasun puntu batekin dio horri esker lortu zutela BNPren «usteldura» desagerraraztea. Baina kaltea egina zegoen, eta, brexit-aren erreferenduma iritsi zenerako, «eskuin muturraren ideien geruzak» dagoeneko sustraituta zeuden herritarren parte batean. «Gezur bat esan zieten, motorrik edo aulkirik gabeko auto bat saldu, baina ez zegoen inor kontrako mezua emateko».

Orain, beste boto bat

Gauza bera gertatu zen Ingalaterra iparraldean, eta azken udal hauteskundeetan Reformek indar handia lortu du laboristak nagusi ziren Red Wall edo Horma Gorrian. Barking eta Dagenhamen, berriz, Reformek uste baino emaitza kaskarragoa lortu du, eta laboristek gehiengoari eutsi diote. Rodwellek uste du aurreko urteetako lanaren ondorio dela. Etxebizitza soziala erruz eraiki zuten, fabrikak eta etxe zaharrak zeuden tokiak dorre berri modernoekin urbanizatzen ari dira, eta lanpostuak ere ekarri dituzte —enplegu tasa Erresuma Batukoaren parekoa da orain—. «Eta kanpotik etorritakoak komunitatearen parte sentitzen dira gaur egun». 

Rodwellek uste du brexit-aren bozketa gaur egingo balitz Barkingen emaitza bestelakoa litzatekeela: orduan bozkatutakoa okerra izan zela onartu diote auzokide batzuek, «hitz erdika; inork ez baitu aitortu nahi huts egin zuela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA