Zientzia politikoetako irakaslea da James Tilley Oxfordeko Unibertsitatean (Ingalaterra). Sarah Hoboltekin batera, How Brexit Divided Britain (Brexit-ak Erresuma Batua nola zatitu duen) liburua argitaratu berri du, Europako Batasunari buruzko erreferendumak Erresuma Batuan sortutako arrakala soziala eta politikoa azaltzeko. Idatziz erantzun die BERRIAren galderei, elkarrizketaren egunean gaixotu egin zen eta.
Brexit-aren erreferendumak bi nortasun politiko berri sortu dituela diozu. Nola?
Erreferendumean, hiru faktorek bat egin zuten, eta horrela sortu dira nortasun politiko berriak, tribu berriak. Batetik, gaia oso zatitzailea zen berez, eta emaitza estua izateak are zatitzaileagoa egin zuen. Bigarren baldintza boto bera da: erreferendum batek eskatzen du alde bat edo bestea hautatzea, eta horrek gizarte bat erdibitzen du. Eta, gainera, brexit-aren prozesua asko luzatu zen, eta horrek jendeari aukera gehiago eman zizkion eztabaidak izateko, protestetara joateko... Hau da, norberaren nortasuna indartzeko aukerak eman zituela.
Azken faktorea da erreferendumak talka egin zuela aurreko nortasun politikoekin, eta hori oso garrantzitsua da; alderdi kontserbadoreak eta laboristek ez zizkieten jarraibide garbiak eman beren aldekoei, eta, azkenean, toryen gutxiengo handi batek remain [jarraitu] bozkatu zuen, eta laboristen gutxiengo handi batek leave [utzi]. Horrek erraztu egin du nortasun berriak sortzea.
Erreferendumetik hamar urte igaro direnean, nortasun horiek bizirik daude?
Bai, oraindik badaude. Erreferenduma egin eta gutxira, herritarren %75ek bere burua remainer edo leaver-tzat zuten; gaur egun, %60 dira. Eta hori baino interesgarriagoa da nortasun horri heldu diotela gehien-gehienek; horrek esan nahi du jendeak bere aldekoekiko sentitzen duen gertutasuna eta besteekiko areriotasuna oso egonkorrak izan direla azken hamarkadan.
Zergatik diozu nortasun horiek tribalak direla?
Nik uste dut nortasun politiko guztietan badagoela tribalismorako aukera, baina ia saihetsezina da lehian dauden bi nortasun daudenean. Nola adierazten da tribalismoa? Batetik, talde batekiko aldekotasuna eta bestearekiko aurkakotasuna daukazu. Bestetik, gu haien aurka ikuskera horrek baldintzatu egiten du beste gauzak nola ikusten dituzun: aurreiritziak indartzen ditu eta, zure aldea hobesten duzunez, bestea baztertzen duzu. Baina, are garrantzitsuagoa dena, errealitateari buruz daukazun pertzepzioa moldatzen du, zure aldea zuzen eta bestea oker dabilela aurretik duzun ustera egokitzeko.
«Jendeak pentsatzen du 'nolakoa da nire tribua edo taldea? Zer pentsatzen du gai horren inguruan?' Eta, ondorioz, zuk zure taldeari buruz duzun pertzepzioaren arabera moldatzen dituzu zure ikuspuntuak»
Hau da, jendeak bere ideia politikoak moldatu zituela bere nortasun berriarekin bat egin zezaten...
Bai. Jendeak pentsatzen du 'nolakoa da nire tribua edo taldea? Zer pentsatzen du gai horren inguruan?' Eta, ondorioz, zuk zure taldeari buruz duzun pertzepzioaren arabera moldatzen dituzu zure ikuspuntuak. Esaterako, EBri buruzko ikuspegia polarizatu du erreferendumak, baina immigrazioan edo laguntza humanitarioan, esaterako, jendeak bere ikuspegia aldatu du bere taldearen parte izan nahi duelako.
Alderdiekiko leialtasuna txikitu du erreferendumak; aldi baterako ala luzarorako?
Alderdiekiko leialtasuna ahultzen aritu da azken 20-30 urteetan, baina erreferendumak are gehiago ahuldu du, jendeari arrazoi bat eman ziolako beren alderdia alde batera uzteko. Gaur egun, jarraitzaile porrokatuek baizik ez dituzte kontserbadoreak eta laboristak babesten. Luzarorako ote den? Ez dakit. Pentsa, jendea has daiteke alderdi baten aldeko botoa ematen behin eta berriro, eta horrek beste leialtasun bat indartuko luke.
Beste aukera bat da blokeen politika bat sortzea, Europako herrialde askotan gertatzen den moduan, ezkerreko eta eskuineko blokeekin. Kasu horretan, jendeak ez du oro har blokez aldatzen, baizik eta haren barruan mugitzen da. Eta jada hasi gara hori ikusten Erresuma Batuan: talde bat Kontserbadoreen, Reform eta Restoreren artean mugitzen da, eta bestea Labour, Berdeak eta Liberal Demokraten artean.
Kontserbadoreak leave tribukoak bilakatu dira? Ala EBtik atera nahi zutenak dagoeneko joan dira Reformera, EBren aldekoak liberal demokratengana, eta oraingo boto emaileak neutralagoak dira?
Gaur egun kontserbadoreei botoa emango dietela esaten dutenen erdiek diote alde egitearen alde bozkatu zutela eta beste erdiek geratzearen alde. Hortaz, kontserbadoreak ez dira jada leave tribukoak. Reformen, berriz, ia bi herenek bozkatu zuten alde egitearen alde, baina %20k diote aurka bozkatu zutela. Horrek esan nahi du bi nortasunak ez daudela erabat lerrokatuta alderdi nortasunarekin. Alderdi nortasunak ahulagoak dira, eta horrek bide ematen dio jendea mugitzeari.
Eta laboristak?
Laborismoa Reformen ispiluaren irudia da: bi herenek remain bozkatu zuten, eta %20k, leave.
«Politika tribalak onurak ere baditu: politikariak erabaki zailak hartzera eraman ditzake, pentsatuz boto emaileek jarraitu egingo dietela. Eta herritarrek, berriz, zerbaiten parte sentitzearen onura izan dezakete»
Erresuma Batuko hauteskunde sistema ez al da tribalismoa amaitzeko oztopoa?
Nik uste dut onartu behar dugula gizakiaren ezaugarrietako bat dela talde desberdinetan kokatzea, gu haien aurka batean. Horrela funtzionatzen dugu, eta ez da posible hori amaitzea. Are gehiago, politika tribalak onurak ere baditu: egonkortasuna ematen du, eta hori orokorrean gauza ona da, politikariak erabaki zailagoak hartzera eraman ditzakeelako, pentsatuz boto emaileek jarraitu egingo dietela. Eta herritarrek, berriz, zerbaiten parte sentitzearen onura izan dezakete. Hauteskunde sistemari dagokionez, ez dut uste alde handia eragiten duenik.
Argudiatu duzue jendeak ekonomiari buruz duen pertzepzioak beren botoaren araberakoa dela, baina gaur egun EB uztearen alde bozkatu zuten batzuek ere diote brexit-a ez dela gauza ona izan. Horrek panorama politikoa aldatuko al du?
Bi aldeen arteko aldea nahiko egonkorra da. Leave-aren aldekoa izanda ere, esan dezakezu ekonomia ez dabilela ongi, baina ez duzu ezinbestean esango brexit-aren errua dela; esan dezakezu oraingo gobernuaren errua dela, pandemia dela, Ekialde Hurbileko gerra edo dena delakoa. Edo onartu dezakezu epe motzean bai izan duela eragina, baina epe luzekoa ona izango dela. Edo asmoa ona zela, baina gaizki egin dutela. Beti daude argudioak maite ez duguna azaltzeko.
Eta beste aldean, gauza bera. Ekonomia ongi joan balitz, esan zenezake «pentsa nola egongo zatekeen EB utzi izan ez bagenu». Jende asko harritzen duen datu bat da azken hamar urteetan BPG per capita-ren hazkundea praktikoki bera izan dela Erresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian. Hortaz, esan dezakezu inor ez dabilela zuzen: ez da bereziki ona izan, ezta txarra ere, eta, funtsean, ez da ezer gertatu.