Laboristek ateak itxi dituzte

Immigrazioa apaldu nahia erabakigarria izan zen 2016ko erreferendumean, baina, kontserbadore brexitzaleak agintean zirela, inoiz baino jende gehiago iritsi zen Erresuma Batura. Gobernu laboristak, ordea, baldintzak zorroztu ditu, eta migratzaileak gutxitu

Mugen kontrola Heathrow aireportuan, joan den astean. ANDY RAIN / EFE
Mugen kontrola Heathrow aireportuan, joan den astean. ANDY RAIN / EFE
Iker Aranburu.
Londres
2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontrola berreskuratzea. Lelo arrakastatsu horrek azaldu dezake zergatik irabazi zuten 2016ko erreferenduma Europako Batasuna uztearen aldekoek. Baina kontrolaz ari zirenean, gai batek zuen lehentasuna beste guztien gainetik: mugen kontrolak. Edo, beste modu gordin batera esanda, amaitu egin behar zirela EB barruko biztanleen joan-etorri libreak, haren ondorioz Erresuma Batua poloniarrez eta herrialde urrunetatik iristen ari ziren azal ilunagoko etorkinez betetzen ari zitzaielako.

2020ko otsailaren 1etik, bere mugen gaineko kontrol osoa berreskuratu zuen Londresek, eta orduz gero berak erabakitzen du nor sartzen den uhartean eta nor ez —Ipar Irlanda beste kasu bat da, muga irekia baitu hegoaldeko errepublikarekin—. Eta zer gertatu da orduz gero? Bada, poloniarrak eta beste europar askok alde egin dutela, baina, hala ere, immigratuen kopurua asko handitu dela. Eta, aldi berean, migratzaileen aurkako manifestazioak eta erasoak ugaritu dira, batez ere kanpoko jatorrikoak eraso oso mediatikoen egile izan direnean; urrun joan gabe, joan den astean, Belfasten, migratzaileen etxebizitzei su eman zieten eskuin muturreko taldeek.

2022an eta 2023an, kontserbadoreak boterean zirela, ia 2,5 milioi bat lagunek emigratu zuten Erresuma Batura —eta milioi batek emigratu—: inoizko kopururik handiena. Horietatik, Mantxako itsasartea zeharkatuz txalupetan iritsitakoek piztu dute arretarik handiena, baina horiek gutxiengoa dira; gehienak hegazkinez iritsi ziren.

Horren ondorioz, 2021etik, Erresuma Batutik kanpo jaiotakoen kopurua 2,4 milioi lagun handitu da, eta, azken kalkuluen arabera, %19 dira dagoeneko.

DATUAk

 
813.000

 

Iaz iritsitakoak. 813.000 pertsonak migratu zuten Erresuma Batura, 2024an baino %20 gutxiagok. Horietatik 627.000 dira EBtik kanpokoak, eta %14k eskatu zuten asiloa. Aldi berean, 642.000 lagunek alde egin zuten.

%49

 

Immigrazioa handitu dela uste dutenak. Iaz immigrazioa asko apaldu arren, British Futurek galdekatutakoen %16k soilik zekiten hori gertatu zela. %49k uste dute handitu egin zela.

%55

 

Etorkin gutxiago nahi dituztenak. Immigrazioa apaltzea nahi dute %55ek, eta %40k, oraingo kopuruei eustea edo handitzea. 

Kopurua asko txikitu da azken urtean, Keir Starmerren gobernu laboristak legedia asko zorroztea erabaki zuenetik. «Geure mugen kontrola berreskuratzeko» asmoa azaldu zuen, eta kritika ozenak entzun zituen «arrotzen uhartea» bihurtzeko arriskua aipatu zuenean —esamolde desegokia izan zela aitortu zuen gero—.

Arau gogorragoek asko haserretu dituzte migratuen alde lan egiten duten taldeak, baina baita diputatu laboristen talde zabal bat ere. Baina Starmerrek argudiatu du neurrien bitartez erantzun egin nahi diola herritarren kezka bati —arazoen artean lehen postuan azaltzen da inkesta askotan—. Jendaurrean esango ez duen arren, neurri horiekin eutsi egin nahi die Reformera alde egiteko tentazioa izan dezaketen bere boto emaileetako batzuk.

migratzaileak Erresuma batua
Migratzaileen aldekoak eta aurkakoak, aurrez aurre, Orpingtonen, iazko abuztuan. TOLGA AKMEN / EFE

Neurriak progresiboki jartzen ari dira indarrean, baina dagoeneko izan dute eragina: 2024. urtean, migrazioaren saldo positiboa 331.000 izan zen, eta erdira jaitsi zen iaz, 171.000ra. Horietatik, 42.000 izan ziren EBko herrialdeetakoak.

Sektore kaltetuak

Araudi berria dela-eta kaltetuenak migratzaileak berak dira, baina baita sektore ekonomiko batzuk ere —langile beharrean dira ostalaritza, laborantza, zaintza...—. Hizkuntza eskolei ere eragin die, eta ez da arlo txikia, urtero dozenaka mila lagun joaten baitira ingelesa ikastera. Horietako baten arduraduna da Sam Harper australiarra. Kexu da brexit-ak «eragin masiboa» izan duela bere negozioan. «Orain pasaportea behar da etortzeko, eta herrialde batzuetan, Italian esaterako, prozesu garestia eta luzea da. Horiek horrela, ikasle batzuek ez dute molestatu nahi ere, eta Irlandara eta Maltara doaz; han, gainera, lan egiteko aukera daukate, eta hemen ez». Gurasoek seme-alabak ekarri ahal izateko zailtasunak ere ikasleak kendu dizkie.

«Ohartu behar dute ikasle bat hona datorrenean ez duela soilik matrikula ordaintzen: etxebizitza, garraioa, janaria, ikuskizunak... dena ordaintzen du»

SAM HARPER Londresko hizkuntza eskola bateko arduraduna

Brexit-aren ondorioz prezioak asko handitu direla ere uste du Harperrek, eta horrek are garestiagoa egin duela Londresen bizitzea. Ingalaterrako hiriburuan %20 gutxitu ziren iaz ikasleak, eta aurten ere galduko dituztela kalkulatu du. Bere inguruan bi hizkuntza eskola itxi dituzte, baina Harperrek oraindik badu itxaropena: «Kokapen ona daukagu, Londres erdi-erdian gaude, eta mugitzen ari gara. Kazakhstanen, Georgia eta halako herrialdeetan izan naiz hango ikasleak hona erakartzeko, eta Kanadako, Sri Lankako eta Zeelanda Berriko unibertsitateekin ere harremanetan ari gara, graduondoko ikastaroak emateko».

Edonola ere, sektorea presio egiten ari da gobernuari atzerriko ikasleekin malguago joka dezan. Australia, Kanada eta beste herrialde batzuetako gazteek Erresuma Batuan ikasi eta bi urtez lan egiteko plan bat aurten da indarrean jartzekoa, eta Europako Batasunarekin ere gauza bera egiteko negoziatzen ari dira. «Ohartu behar dute ikasle bat hona datorrenean ez duela soilik matrikula ordaintzen: etxebizitza, garraioa, janaria, ikuskizunak... dena ordaintzen du».

Giltzak

  1. Langileentzako bisak. Erresuma Batuan lan egiteko —eta bizitzeko— baimena lortzeko bide bat zen kontratu bat izatea. Orain arte, formakuntza ez oso handiko lanpostuetarako ere lor zitekeen bisa, baina, erreformarekin, unibertsitateko titulua edo baliokidea beharko da, eta gutxienez 38.700 liberako soldata izan behar du langileak (45.000 euro inguru).

  2. Zaintzako langileak. Asiatik iritsitako langileek bete dituzte EBkoek utzitako erizain eta mediku postu asko; Filipinetakoek bereziki. Baina iazko uztailetik bide hori itxi dute, eta ikusteko dago zer gertatuko den Erresuma Batuan daudenekin.

  3. Epeak. Orain arte, Erresuma Batuan bizitzeko behin betiko baimena lortzeko, gehienez bost urte itxaron behar zen. Orain, kasu gehienetan hamar urtera igaro da, eta, hortaz, luzaroago bete behar dira baldintzak.

  4. Hizkuntza eskaerak. Herrialde ingelesdunetatik kanpoko langileek B2 maila erakutsi beharko dute —B1 orain arte—. Haien menpekoek, berriz, A1 lehen baimena lortzeko, baina B2 geratu ahal izateko.

  5. Ikasleen bisa. Erresuma Batuko unibertsitateetan ikasitakoek bi urterako zuten bertan bizitzeko baimena, eta tarte hori zuten lan bat bilatzeko eta egonaldia luzatzeko. Aurrerantzean, urte eta erdi izango dute. Doktoretza egin dutenek hiru urteko epea izango dute, eta haiek soilik izango dute senideak eramateko aukera.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA