erretreten erreforma

Erretreten erreformaren aurka milaka lagun bildu dira Baionan

Pentsioen erreforma atzera bota ezean, ezer negoziatzekotan ez direla berretsi dute gaur. Kontseilu Konstituzionalaren erabakia baino lehen aurreikusten dute hurrengo manifestazio jendetsua.

Erretreten erreformaren aurkako manifetazioa Baionan, LABen blokea. PATXI BELTZAIZ
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko apirilaren 06a
15:43
Entzun

Baionako xingar feria hasi da gaur, baina ez da Baionako kaleak bete dituen ekimen bakarra. Hain zuzen, batzuk ospakizun giroan zeuden artean, beste hainbat lagunek erretreten erreformaren aurkako hamaikagarren manifestazioan parte hartu dute. Intersindikalak amaierako hitzartzean 15.000 pertsonako manifestazioa iragarri du, Frantziako poliziak berriz, 5.000 inguru zenbatu dituela adierazi du. Mobilizazioa giro lasaiean iragan da iritsieraino. San Leon biribilgunean, LAB, FSU eta Solidaires sindikatuek asanblada irekia proposatu dute datozen egunetarako «borrokari» segida emateko.

Atzo, Intersindikala Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroarekin bildu zen. Intersindikalak argi utzi zion lehen ministroari, pentsioen erreforma atzera bota ezean, ezer negoziatzekotan ez zirela. Gaurko manifestazioan postura berdina berretsi dute. Bartelemi Mottay FSU sindikatuko kidearen arabera: «Ez genuen deus espero bilkura horretatik, eta beraz ez gara asegabeturik atera; Hala ere, garrantzitsua zen joatea erakutsi behar baitzen intersindikala legea atzera botaz gero prest dagoela [Frantziako] Gobernuarekin hitz egiteko eta blokatzea Gobernuarengandik datorrela».

Sindikatuak Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren beha daude, datorren ostiralean eman beharko bailuke haren erreformari buruzko epaia. Hala ere, erreformaren indargabetzerako aukera bakarra ez dela deritzote protestariek. Moteren hitzetan: «Ez da daukagun aukera bakarra, aukeretako bat da beste hainbaten artean». 2006an CPE lehen enplegatze kontratu lege proiektua izan du gogoan, herri presioari esker Frantziako Parlamentuak eta Frantziako Kontseilu Konstituzionalak legea onartu eta hamar egun geroago indargabetu baitzuten. Datorren manifestazioa, Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakiarengandik hurbil egingo dela aurreikusten dute Baionako sindikatuek, hala nola, Patricia Glory CGT sindikatuko kideak: «orrialdea itzuliko ez dugula erakutsi behar dugu, ahal bezain jendetsua izan behar du datorren manifestazioak»

CGT sindikatuko kideak Baiona inguruan bereziki trenbideetako langileak eta energia sektoreetako langileak greban daudela aipatu du. Argitxu Dufau LABeko ordezkariak kide batzuk greban daudela azaldu du ere, baina azpimarratu nahi izan du «zaila» izaten hasten dela: «Hala ere, sindikatu antolatuak gara eta erresistentzia kutxa bat daukagu gure afiliatuentzat». Beraz, greba mobilizazioek sortzen duten tentsioa «atxikitzeko prest» direla azaldu du. LABen baitan eta «nahi duten» beste sindikatuekin antolatzen direla adierazi du ekonomia blokatzeko xedez ekintzak egiteko. «Baldintzak sortu eta mantentzen baditugu irabaziko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.