Oxium Errioxako (Espainia) enpresari taldeak Astore erosi du. 72.600 euro ordaindu ditu —60.000 eta BEZa— marka historikoarengatik, konkurtso administratzaileak eskatzen zuena baino askoz gutxiago. Salmenta horrekin, Ternua Group osatzen zuten lau markek jabe berriak dituzte. Beste hirurak, Ternua, Lorpen eta Loreak Mendian, iazko udazkenean saldu zituzten.
Nork erosi du Astore? Oxium taldeak lotura estua du Mas Por Menos kirol arropa eta oinetakoak saltzen dituen denda katearekin. Kate horrek, webguneaz gain, sei saltoki ditu Euskal Herrian, eta Astoreren biltegietan gelditzen ziren 45.000 arropa aleak erosi zituen urtarrilean. Hori bai, Astorerengatik ordaindurikoa konkurtso kudeatzaileak hasieran eskatzen zuena baino askoz gutxiago da, haren ustez 150.000 euroko balioa baitzuen.
Oxiumek kirol arropa egiten zuen etxe historikoaren azken arrastoak erosi ditu: markaren izena, logotipoa eta webgunea. Orain ikusteko dago zer egiten duen haiekin. Hainbat hedabidek azaldu dutenez, enpresariek oraindik ez dute erabaki, baina ez dute baztertu arropa ekoizteko arlo bat martxan jartzeko aukera.
Ikono bat
Astore marka soil bat baino gehiago izan da euskal gizartean. Ikoniko izaera hain merke aitortzen zen garai batean, Astore etxeak ondo irabazia du izendapen hori 1990eko eta 2000ko hamarkadetako janzkerari erreparatzen bazaio. Import Arrasate ehungintza inportazio enpresak —Arrasateko Uribesalgo familiaren enpresak— sortu zuen, 1989an, eta hedapen oso zabala izan zuen denbora gutxian. Kirol arropaz gain zapatilak ere merkaturatzea aztertu zuten, baina ez zuten pausoa eman. Sei urte geroago ekin zioten mendiko arropa ekoizteari, Ternua markarekin. 2009an, Gipuzkoako beste familia batek —Lasa familiak— hartu zuen bi enpresa horien kontrola, eta 2014an sortu zuten Ternua Group, Lorpen mendiko galtzerdi teknikoen enpresa erostearekin batera. 2019an, Loreak Mendiak kaleko moda egiten duen marka batu zuten taldera.

Astoreren hedapenaren gakoetako kirol profesionalaren aldeko apustua izan zen. Marka ezagutarazteko erakusleiho aparta bilakatu zen. Aspe eta Asegarce pilota enpresen hornitzaile ofiziala izan zen, eta pilotarientzako galtza zuri elastikoak ekoizten aurrenekoa izan zen. Futbolean, besteak beste, Realaren, Eibarren eta Osasunaren elastikoak egin zituen, baita Kataluniako selekzioarenak eta euskal selekzioarenak ere. Amu izandako jarduna, baina, alboratu egin zuen gero kaleko arropa bakarrik ekoizteko.Â
25 milioiren zorra
Konkurtsora aurkeztu zutenean, Ternua Groupek 180 langile zituen, lau enpresa horietan banatuta. Taldeak orduan jakinarazi zuenez, salmenta operazio guztiak gauzatu ondoren ehun lanpostu ingururi eusteko asmoa zuen. Langile horiek administrazio, diseinu eta logistika lanak egiten zituzten, taldeak ez baitzituen produktuak Euskal Herrian ekoizten, Lorpen markako galtzerdiak salbu. Salmenta honekin amaitu da Ternua Group osoaren hartzekodunen prozedura. Taldea duela urtebete sartu zen konkurtsoan, ezin ziolako aurre egin hogeita bost milioi euroko zorrari, eta administratzaileak 2,7 milioi berreskuratu ditu haien zatiak salduz. Azkenean, ehun bat lanposturi eutsi zaie, eta enplegu espedientean geratu ziren 70 langileek kalte ordaina jaso zuten –2,5 milioi euro inguru–.Â
2,7Ternua Gruopen balioa Ternua Groupen hartzekodunen konkurtsoa kudeatu duen administratzaileak 2,7 milioi euro lortu ditu lau markak salduz. Ternua izan zen garestiena, 1,5 milioi euroan saldu baitzuen. Loreak Mendian-ek, berriz, 800.000 balio ditu. Pilaturiko zorraren %10 inguru baino ez da. Halako prozesuetan, baina, normalean, jarduera ekonomikoari eta langileei eusteko asmoa duten inbertitzaileak lehenesten dituzte administratzaileek.
2025ean 28 milioi euro fakturatu zituen konpainiak, baina, beste behin galerak izan, eta 25 milioi euroko zorra zuen pilatua. Pandemiaren ostean kontsumo ohiturak aldatu izanaren beste biktimetako bat izan da Ternua Group, taldeak berak iazko ekainean kaleratutako oharrean azaldu zuenez. Asko nabaritu du Internet bidezko erosketak ugaritu izanaren eragina, baita Txinako enpresa erraldoiena eta haien produktu merkeena ere.
Astore izan da kudeatzaileari saltzea kostatu zaion atal bakarra, beste hiru markek interes handia sortu baitzuten hasieratik. Ternua Dikar kooperatibak erosi zuen, 1,5 milioi euroan. Dikar Mondragon Taldeko enpresa bat da. Nagusiki ehizarako eta kiroletarako eskopetak eta osagarriak egiten ditu, baina mendirako materiala ere egiten du Columbus markaren bitartez.
Lorpenena da Ternua taldeak Euskal Herrian zuen fabrika bakarra, Etxalarren (Nafarroan), jantzi gehienak hemendik kanpo egiten baitituzte. Ternuako langile ohien talde batek erosi zuen Lorpen.Â
Loreak Mendian ere bizkor saldu zuen administratzaileak. Borobitex konpainiak erosi zuen, 800.000 euroan. Borobitexen buru Victor Serna da, bere garaian marka sortu zuen enpresaria, eta beste bi bazkiderekin batera berreskuratu du. Haiena izan zen eskaintza bakarra eta hemezortzi langileei eta hiru dendei (Bilbo, Donostia eta Madril) eusteko konpromisoa hartu zuten.
Lorpen galtzerdi etxeari dagokionez, Ternuako langile talde batek erosi zuen, 400.000 euroan. Horretarako, Artain 25 enpresa sortu zuten. Haren buruak hiru dira: David Uria Ternua Groupen industria zuzendaria, Gerardo Ameztoi taldeko kontseilari ohia eta Josune Cordoba administrazioko kidea. Lorpenena da Ternua taldeak Euskal Herrian zuen fabrika bakarra, Etxalarren (Nafarroan), jantzi gehienak hemendik kanpo egiten baitituzte. Bertan 50 langilek dihardute, gehienak emakumeak.Â
Â
Â