Etxeen prezioek goranzko joerari eusten diote Hego Euskal Herrian

Urteko lehen erdian, etxebizitzen prezioak %6,5 garestitu dira Nafarroan, eta %6,3 EAEn.

Emakume bat Bilboko higiezinen agentzia bateko erakusleihoari begira. LUIS TEJIDO / EFE
Emakume bat Bilboko higiezinen agentzia bateko erakusleihoari begira. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko irailaren 7a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxeak geroz eta garestiagoak dira Hego Euskal Herrian, eta goranzko joerak ez du etenik. 2026. urtea hasi zenetik %6 baino gehiago egin dute gora prezioek —%6,5 Nafarroan eta %6,3 Euskal Autonomia Erkidegoan—, eta INE Espainiako estatistika erakundeak emandako azken datuek, beraz, 2014. urtetik gorakada etengabea izan dela berretsi dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxebizitzen prezioek iaz gainditu zituzten burbuilaren arokoak, eta Nafarroako prezioak ere abiada bizian ari dira gerturatzen garai hartakoetara: 2007ko hirugarren hiruhilekoan, prezioek goia jo zutenean, orain baino %4,9 garestiagoak ziren etxeak Nafarroan. EAEn, berriz, %8,8 merkeagoak. 

Hori bai, kontuan hartu behar da 2007az geroztik inflazioa handitu egin dela —%45 inguru—, eta harekin batera soldatak ere bai; hau da, oro har, orduko kostu erreala handiagoa dela oraindik. Alokairuetan, ordea, ezin da halakorik esan, inflazioaren gainetik garestitu baitira oro har.

Moteltzerik ez

Prezioek gora egin arren, Hego Euskal Herriko etxe merkatuak ez du moteltzeko sintoma nabarmenik, oraingoz behintzat. Aitzitik, jarduerak azken urteetako maila handienei eutsi die, INEk emandako azken datuen arabera. Urteko lehen sei hilabeteetan 16.755 etxebizitza salerosi dira, iazko aldi berean baino %1,2 gutxiago, baina 2022ko lehen seihilekoan baino %3,7 gehiago.

Horrek erakusten du pandemiaren ondoren hasitako susperraldiari eutsi diola merkatuak, eta egonkortze fase batean sartu dela: azken hiru urteetan, salerosketak 16.000 etxeren bueltan ibili dira urtearen lehen erdian. Ez da, beraz, beherakada nabarmenik antzeman; aitzitik, jarduera handiko ziklo baten sendotzea islatzen dute datuek.

Dena den, finantzaketa baldintzak berriro gogortzen hasi dira. 2025ean beheranzko joera hartu ondoren, Euriborrak gora egin du berriro 2026an: otsaileko %2,221etik abuztuko %2,952ra igo da. Dena dela, maila hori oraindik urrun dago 2008ko finantza krisiaren aurreko %5etik gorako tasetatik. Hipotekak garestitzen ari diren arren, horrek oraingoz ez du kolpe nabarmenik eragin salerosketetan.

INEren arabera, urteko lehen bost hilabeteetan 12.733 hipoteka sinatu dira Hego Euskal Herrian etxea erosteko, iazko aldi berean baino 78 gutxiago (%0,6).

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA