Europako Legebiltzarrak lau hilabete behar izan ditu Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza ituna onesteko; elkarrekiko mesfidantza ez ezik, Ipar Irlandako bakearen hauskortasuna erakutsi duten lau hilabete. Atzo egindako bozketaren emaitza gaur goizean jakinarazi dute: aldeko 660 boto izan dira, aurkako bost, eta 32 abstentzio.
Europako Legebiltzarraren oniritziak ez du praktikan ezer aldatuko, ituna jada indarrean zegoelako. Hala ere, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak haren garrantzia nabarmendu du: «Bide luze baten azken urratsa da; egonkortasuna ematen dio EBrekin dugun harremanari; funtsezko bazkide komertzialak gara, aliatu estuak, eta subiranotasun aldetik berdinak gara».
Ituna ez ezik, Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzea«akats historikoa» dela esaten duen ebazpen bat ere onetsi dute europarlamentariek.
Eguberri bezperako akordioa
Londresek eta Bruselak Eguberria ate joka zegoela lortu zuten brexit osteko egoera argitzeko akordioa, negoziazio luze eta katramilatsu baten ondoren. Ituna behin-behinean sartu zen indarrean urtarrilaren 1ean, eta orduz gero argi geratu da Johnsonek bere herritarrei agindutako trabarik gabeko merkataritza promesa hutsal bat zela. Muga zergarik eta kuotarik ez dago bi blokeen arteko produktuetan, baina bai bete beharreko burokrazia, eta horrek dakartzan kostu gehigarri batzuk.
Ondorioz, EBko enpresek Erresuma Batura bidalitako esportazioak %20,2 jaitsi dira. Are kolpe handiagoa jaso dute Erresuma Batuko esportatzaileek, %47 jaitsi zaizkielako salmentak. Galtzaile nagusiak elikagai freskoen esportatzaile britainiarrak dira, eta, haien artean, arraina eta itsaskiak Europan saltzen zutenak, mugako igarobideak moteltzeak ekarri baitu beren merkatu nagusia galtzea. Deigarria da egoera, arrantzaleak eta haien inguruko industriako langileak, oro har, brexit-aren defendatzaile sutsuak izan zirelako.
Brexit-aren beste bultzatzaile batzuek ere ikusi dute beren egoera ahultzen: Ipar Irlandako unionistek. Irlandarako protokoloak praktikoki merkatu bakarrean jarri ditu uharteko ipar ekialdeko sei konderriak, eta merkataritza muga jarri du haien eta Britainia Handiaren artean. Hiru ondorio nagusi izan ditu: protestak eta kale istiluak langile auzo loialistetan (unionista sutsuak), produktu britainiar batzuen eskasia dendetan eta produktuen joan-etorri handiagoa bi Irlanden artean.
Kontrolerako deiak
Irlandarako protokoloaren zenbait atal ez betetzeko Johnsonen mehatxuak Europako Parlamentuko eztabaidaren zati handi bat bete zuen atzo. Parlamentari askok eskatu zioten Europako Batzordeari Londres estu hartzeko protokolo hori bete dezan. Martxoan, Bruselak zigor prozedura bat ireki zuen Erresuma Batuaren aurka, Ipar Irlandako portuetan aduana kontrolik ez jartzeak protokoloa hausten duelakoan. Gatazka negoziazioen bitartez konpondu nahi dute bi aldeek.