Enpresak

Euskalteli irabaziak eta salmentak txikitu zaizkio, bezeroak irabazi arren

Espainia erdialdera eta hegoaldera hedatzeko asmoa du 2020. urtearen lehen erdian.

Jose Miguel Garcia, Euskalteleko kontseiari ordezkaria. EUSKALTEL.
Iker Aranburu.
2020ko otsailaren 25a
18:20
Entzun

Urtetik urtera emaitzak hobetzen zituen garaia atzean utzi du Euskaltelek. Telefonia taldeak bezeroak irabazi zituen 2019. urtean, baina pixka bat txikitu ditu bai salmentak (-%0.9), baita irabaziak ere (-%1,2). Edonola ere, emaitza «onak» direla ziurtatu du Euskaltelek, «osatu» dituelako bere ibilbide orriaren mugarri nagusiak, eta prest dagoelako bere hurrengo erronkarako: Espainia erdialdera eta hegoaldera hedatzea.

Euskaltelek 62 milioi euro irabazi zituen iaz, 2018an baino 800.000 euro gutxiago. Jaitsiera horren arrazoi nagusia da diru gutxiago jaso zuela beren bezeroen aldetik. Zehazki, 685,5 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtean baino 6,1 milioi gutxiago.

Hala ere, taldeak nabarmendu du diru-sarreren beheranzko joera eten ahal izan duela azken hiruhilekoan. Horrela, 2018ko azken hiruhilekoan 170,5 milioi patrikaratu zituen, eta 171,6 milioi izan dira 2019ko azkenekoan. Maila handiagoan hazi dira irabaziak ere: 16,3 milioi 2018ko azken hiruhilekoan, eta 20,1 milioi 2019koan.

Bezeroen hazkundeari erreparatu dio gehien Derioko komunikazio taldeak. Oroitarazi du 2017an eta 2018an bezeroak galdu zituela —3.500 2018an—, baina 2019an joera horri buelta eman eta 8.757 bezero irabazi zituela. Zerbitzu finkoen bezeroak 669.671 dira, eta beste 101.403 lagunek telefonia mugikorra soilik kontratatu dute (-7.826).

Hazkundea hiru zerbitzutan lortu du: 17.673 lagunek gehiagok kontratatu dute banda zabala, 21.669k gehiagok ordainketapeko telebista, eta 46.906k gehiagok sakelakoa. Telefonia finkoan, berriz, 5.076 zerbitzu gutxiago kontratatu dizkiote.

Batez beste, bere bezeroek 3,69 zerbitzu dituzte kontrataturik —3,59 zerbitzu ziren 2018. urtearen amaieran—.

Zegonaren kontrolpean

Udaberrian, Ingalaterrako Zegona funtsak hartu zuen Euskaltelen kontrola, akziodun nagusi bilakatu baitzen Kutxabanken aurretik. Hark jarri du kontseilari ordezkari berria, Jose Miguel Garcia, eta helburu bat ipini dio: gaur egun ez dagoen Espainiako merkatuetara zabaltzea. Urtearen lehen erdian egin nahi du, Virgin markarekin, eta Orangeren sarearekin. Hego Euskal Herrian eta Errioxan, Euskaltel markari eutsiko dio. Xehetasun gehiago emango ditu martxoaren 10ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.