Baikorrenek ere irudikatuko ez luketen bezalako urtea izan da 2025a burtsan kotizatzen duten Euskal Herriko enpresentzat. Izan ere, geopolitikak eta merkataritza gerrak nazioarteko ekonomia baldintzatu duten arren, urte oso ona izan da gehienentzat. Haietako hamabik lortu dute beren balioa handitzea, eta soilik bostek galdu dute. Finantzen eta energiaren alorrek bilakaera bereziki ona izan dute aurten ere, horiexek erantzun baitiote hobekien ziurgabetasunari. Hodigintza sektoreak, aldiz, zurrunbilotik atera ezinik segitzen du.
Espainiako Ibex-35ak inoizko emaitza onenekin itxi du urtea: indize horretako konpainien balioa ia %50 handitu da batez beste. Aldeko haize horrek hauspotuta egin dute gora hartan kotizatzen duten eta Euskal Herrian egoitza duten bi erraldoiek ere: Iberdrolak eta BBVAk. Argindar konpainiaren akzioek %38 egin zuten gora iaz, 18,4 euroraino, mozkin historikoek lagunduta. Izan ere, energia konpainia markak hausten ari da urtez urte, eta espero da datozen urteetan ere bide berean ibiliko dela.
Bilbon egoitza duen bankuak ere bilakaera ezin hobea izan du, nahiz eta Sabadell erosteko operazioak huts egin zuen. Are, ez dirudi porrot horren albo ondoriorik nabaritu duenik, haren akzioek lehen halako bi balio baitute: %112 egin du gora akzio bakoitzaren balioak, eta 20 euroren langa gainditu. BBVAk inoizko emaitza onenak lortuta hasi zuen iazko urtea, eta, lehen aldiz, 10.000 milioi euro baino gehiagoren irabaziak izan zituen. Baliteke kopuru hori txiki geratzea, ordea, urtarriletik irailera bitarte emaitzak %5 hobetu baitzituen aurreko urtearekin alderatuta.
Are gehiago handitu da Artecheren akzioen balioa, halere: %201 gehiago balio dute orain. 2021etik, hau da, burtsan kotizatzen hasi zenetik, ez dute sekula hainbeste balio izan: 22 euro. Mungiako (Bizkaia) multinazionalak energia berriztagarrien haizea izan du lagun beste behin, iaz ere %87ko igoera izan baitzuen haize horiek bultzatuta. Enpresa txikien eta ertainen BME Growth indizean kotizatzen du taldeak, baina aurrerantzean handienekin eseri nahi du, merkatu nagusian sartzeko eskaera egina baitu taldeak.
Autogintza eta trengintza, sendo
Garraio sektorean aritzen diren enpresek ere igoera nabarmenak izan dituzte. CAFen akzioak, esaterako, aurreko urtean baino %67 garestiago daude, 58 eurotan. Beasaingo (Gipuzkoa) tren konpainiak beteta dauka eskari zorroa, eta, berriki, bere historiako kontraturik handiena eskuratu du, gainera: gutxienez 180 tren egingo ditu Belgikako SNCB-NMBS konpainia publikoarentzat. Nazio Batuen Erakundeak Palestina okupatuan lan egiten duten konpainien zerrendan sartu zuen CAF irailean, eta haren kontrako jarrerak areagotu egin dira, baina oraingoz ez dirudi horrek eraginik izango duenik haren negozioan.

Nahiz eta auto elektrikorako trantsizioak ere zalantzak eragiten dituen oraindik, autogintzan jarduten duten euskal enpresek bilakaera ona izan dute. Gestampek, adibidez, aurreko urtean galdutakoaren parte bat berreskuratu du 2025ean, Zamudion (Bizkaia) egoitza duen multinazional horren akzioen balioak %21 egin baitu gora, hiru euroraino. CIE Automotivenak, berriz, %16 egin du gora, 29,6 euroraino.
Faes Farma farmazia konpainiak gainditu egin ditu bere produktu batzuen harira izandako buruhausteak. Urtebetean %46 egin du gora enpresaren balioak, eta haren akzioek 5,1 euro balio dute. Higiezinen sektoreko Neinor Homes enpresaren balioak ere %34 egin du gora. Etxebizitza eskari handiak eta horien garestitzeak erakarri ditu inbertitzaileak enpresa horretara. Baita Aedas lehiakidea erosi izanak ere.
Urtea berdez amaitu dutenen artean azaltzen dira, halaber, Dominion teknologia enpresa (%18), Gipuzkoako Iberpapel paper konpainia (%12) eta Vocento komunikabide taldea ere (%11).Â
Hodigintza, sufritzen
Txanponaren beste aldean agertzen dira, ordea, hodigintza sektoreari lotutako enpresak. Donald Trumpen administrazioak aluminioari eta altzairuari ezarritako %50eko muga zergek bete-betean eragin diote sektoreari, eta horrek enpresen jarduerari ez ezik haien kapitalizazioari ere eragin dio. Tubos Reunidosen akzioen balioak, esaterako, %36 egin du behera urtebetean, 0,29 euroraino. Tubacexek, aldiz, ozta-ozta baina eutsi dio: %1eko igoerarekin amaitu du urtea —3,3 euroraino—, nagusiki Arabiar Emirerri Batuetan egiten ari den inbertsioei esker.
Urte txarra izan da, halaber, Vidrala beiragilearentzat ere: %2,8 egin du behera haren akzioen balioak, 90 euroraino. Are okerragoa izan da Agile Content bideo eta telebista digitaleko soluzioen hornitzailearentzat: %24 jaitsi da akzioen balioa, 2,2 euroraino.
Nafarroako bi enpresa daude burtsan, eta haientzat ere ez da urte ona izan. Kasedako (Nafarroa) Viscofan konpainiaren akzioek ere %11,7 egin dute behera, eta NBI Bearings errodamendu ekoizlearenek, %28.