CAFek azkenean itxi du Belgikako kontratua, bere historiako mardulena

Gutxienez 180 tren egingo ditu SNCB-NMBS konpainia publikoarentzat, baina beste 380 egiteko aukera ere badu, eta 3.400 milioi euro jaso. Alstomen helegiteen eraginez, zenbait hilabete atzeratu da adjudikazio prozesua.

CAFen logoa, artxiboko irudi batean. CAF
CAFen logoa, artxiboko irudi batean. CAF
Iker Aranburu.
2025eko abenduaren 19a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hainbat hilabeteko atzerapenarekin bada ere, CAFek azkenean lortu du bere historiako kontratu mamitsuena adostea. Belgikako SNCB-NMBSk, ofizialki, Beasaingo konpainiaren esku utzi du 180 tren egiteko kontratua. 1.700 milioi euro jasoko ditu horren truke, baina 3.400 milioi eurora iritsiko da agian, beste 380 tren egiteko aukera mahai gainean baitago. 

Lehiakideen helegiteek eta presio politikoek markatutako kontratua da Belgikakoa. Izan ere, Belgikako trenbideen konpainia publikoaren administrazio kontseiluak otsailean erabaki zuen lana CAFen esku uztea eta harekin kontratuaren azken xehetasunak negoziatzea. Baina gauzak okertu egin ziren berehala, CAFen lehiakideetako batek, Frantziako Alstomek, helegitea aurkeztu zuelako, bere eskaintza 100 milioi euro merkeagoa zela argudiatuta. 

Helegiteak ohikoak dira kontu hauetan, baina oraingoan luze jo du korapiloa askatzeak. Batetik, Alstomek esan zuen kontratua lortu ezean arriskuan leudekeela Belgikan dituen bi lantegiak, Charleroikoa eta Brujaskoa, eta 1.500 lanpostu galduko zirela. Hiri horietako hautetsiek eta sindikatuek presio egin zuten, eta apirilean Belgikako Estatu Kontseiluak operazioa geratu zuen, argudiatuta SNCB-NMBSk ez zuela ongi azaldu zer irizpide tekniko erabili zituen eskaintzaren kalitate teknikoa zenbatekoa zen zehazteko. 

Eskaintzak berriro aztertu ondoren, SNCB-NMBSko zuzendaritzak ekainean berretsi zuen CAFena zela aukerarik onena; are gehiago, lehen azterketan baino kalifikazio hobeagoa lortu zuen haren eskaintzak. Baina beste urrats bat falta zen: administrazio kontseiluaren oniritzia. Ekainaren amaierako bileran, zarata mediatiko handiko giroan, ez ziren gai izan gaiari buruzko akordioa hitzartzeko. Uztailean egin zuten azkenik, eta horretan ere CAFen alde egin zuen.

Jerusalemgo tranbia

Baina dena lotuta zegoela zirudienean, presio politikoa areagotu egin zen, beste osagai bat ere agertu baitzen mahai gainean: Israelek okupatutako Jerusalem ekialdean CAF eraikitzen ari den tranbia. Alstomek eta Siemensek beste helegite bat jarri zuten, eta horretara batu ziren Belgikako lau gobernuz kanpoko erakunde, argudiatuta euskal konpainia nazioarteko legedia hausten ari zela indar okupatzaile baten mesederako lan eginda. Helegite horiek guztiak atzera bota zituen berriro Belgikako Estatu Kontseiluak, irailaren amaieran, eta atea ireki zuen kontratua ixteko.

Hain zuzen ere, irailaren amaieran jo zuen goia Jerusalemgo tranbiari buruzko eztabaidak, Nazio Batuen Erakundeak CAF sartu zuenean Palestina okupatuan lan egiten duten konpainien zerrendan. Izendapen horrek ez du zigorrik ekartzen enpresentzat, baina haren bitartez, NBEk enpresei eskatzen die eragin ditzaketen giza eskubideen urraketak gerta ez daitezen «neurri eraginkorrak» hartzeko.

NBEren oharra etorri bezperan, CAFek ziurtatu zuen neurri zorrotzak hartu dituela tranbiaren proiektuak giza eskubideak bortxatzen ez dituela egiaztatzeko, eta, nazioarteko aditu batzuen txostenak aipatuz, esan zuen palestinarrei lapurtutako lurretan lan egitea ez dela nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa, besteak beste, palestinarrei ere mesede egingo dielako.

15.579

Eskarien poltsaren balioa milioi eurotan, urrian. Belgikako kontratu erraldoiarekin CAFek are gehiago beteko du bere eskaera poltsa. 2025eko urrian, inoizko handiena zen, 15.579 milioi eurorena. Orduz gero beste bi kontraturen berri eman du: 22 tren egin behar ditu Proventzarako (Frantzia), eta 107 tren elektrikoren mantentze lanak, Sao Paulorako (Brasil). Kontratu mardul batek, ordea, ihes egin dio: Dublin eta Belfast lotzen dituzten trenak berritzeko lana Stadlerrek egingo du, 650 milioi euroren truke.

SNCB-NMBSk azaldu duenez, CAFi eskatutako lehen trenak 2030. urtean hasiko dira zerbitzuan, eta gutxika ordezkatuko dituzte 1980ko hamarkadaz geroztik martxan dauden tren zaharrenak. Nabarmendu dute makina berriak elbarrientzat egokituta daudela, isilik bidaiatzeko eremuak dituztela, eta Interneterako sarbidea eta bizikletak eramateko lekuak ere izango dituztela.

CAFek gogorarazi du azken urteetan lan asko egin dituela Belgikan. Harenak dira, esaterako, Lieja eta Anberes hirietako tranbiak, baita Flandriako kostaldea zeharkatzen duten tranbiak ere.

bederatzi tranbia egingo ditu euskotrenentzat

Belgikarako ez ezik, Euskal Herrirako ere lan egingo du CAFek hurrengo urteetan. Euskotrenek Beasaingo konpainiaren esku utzi du Gasteizko tranbiarako bederatzi unitate egiteko kontratua. 48,8 milioi euro jasoko ditu horren truke. Tranbiak 2028 eta 2029 bitartean entregatu beharko ditu, eta erdialdeko Lovaina plaza Zabalgana auzoarekin lotuko duen tranbia linea berrirako izango dira. 2026an dira hastekoak linea hori egiteko lanak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.