Nafarroako garraiolariek salatu dute «hilabete bat gehiago» lan egin behar dutela zergak ordaintzeko

ANET, Tradisna eta Hiru garraio elkarteek errepide nagusietan garraioaren sektoreari bidesariak jartzeko asmoa alde batera uztea exijitu diote gobernuari. Aurki mobilizazioak egingo dituztela ohartarazi dute.

ANET, Tradisna eta Hiru elkarteetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ANET, Tradisna eta Hiru elkarteetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2025eko urriaren 2a
12:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako garraio sektorea kalera ateratzeko prest da berriro ere. ANET, Tradisna eta Hiru garraio elkarteen arabera, Nafarroako garraiolariek urtean «hilabete bat gehiago» lan egin behar dute foru ogasunari zergak ordaintzeko, Hego Euskal Herriko beste lurraldetako garraiolarien aldean. Horrez gain, kexu dira Nafarroako Gobernuak lurraldeko bost errepide nagusietan bidesariak ezarri nahi dizkielako, eta azpiegituren baldintzek okerrera egin dutela salatu dute. «Egoera jasanezina da», gaitzetsi du Ignacio Camacho Tradisnako eledunak.

Nafarroako Parlamentu aurrean prentsaurrekoa egin du Camachok, Ignacio Orradre ANET elkarteko ordezkariarekin eta Alberto Nuñez Hiruko eledunarekin batera. Sektorea «albo batera uztea» egotzi diote Nafarroako Gobernuari. Hala, energiaren kostuen garestitzea salatzeko 2022ko udaberrian egin bezala, orain ere prest dira kalera berriro ateratzeko. «Laster» mobilizazio egutegi baten berri emango dute.

Euren baldintzak hobetzeko egin dituzten proposamenei «entzungor» egitea leporatu diote gobernuari. Hiru elkarteen arabera, otsailean bildu ziren azkenekoz Ogasun Departamentuarekin zergen egoera aztertzeko, eta, beste bilera batera deitu bazituzten ere, «gaur arte» ez dute berririk izan. Garraio eta Lurralde Kohesioko Departamentuan ere garraiolariak iaztik ari dira salatzen lehiakortasuna galtzen ari direla beste erkidegoen aldean. «Isiltasuna izan da beti haien erantzuna», salatu du Orradrek. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak neurriak ezarri ditu sektoreari laguntzeko, baina Nafarroako Gobernuak «bestela» jokatu du. 

Kexu nagusietako bat bidesarien ingurukoa da. Aurreko legealdian, gobernuak iragarri zuen ibilgailu astunei bidesariak ezarriko zizkietela lurraldeko bost errepide nagusietan: N-121 errepidean, A-15 Leitzarango autobidean, A-10 Sakanako autobidean, Altsasutik Ziordiara arteko A-1 autobidean, eta Castejon eta Cortes arteko A-68 autobidean. Izan ere, errepideen mantentze lanak finantzatzeko egun dagoen defizita diru sarrera horien bidez ordaindu nahi du gobernuak. Baina, sektorearen ustez, proposamen horrek «kalte egingo dio Nafarroako ehun ekonomikoari», eta egokiagoa litzateke «gastu publikoa optimizatzea eta eraginkortasuna hobetzea». «Nafarrok jada nahikoa zerga ordaintzen ditugu», gaineratu du Orradrek.

41,8

Zenbatekoa den errepideak mantentzeko aurrekontua. Aurtengo aurrekontuetan, 41,8 milioi euro jarriko dira Nafarroako errepideetako baldintzak hobetzeko. Dena den, Nafarroako Gobernuak kalkulatu du urtero 70-72 milioi euro inguru behar direla sarea egoki mantentzeko. Hots, benetako beharrei erantzuteko, 30 milioi euroko zuloa dago urtero, eta urtetik urtera handitzen ari da.

 

Europan ere bidesariak ezartzen ari dira, baina, garraio elkarteen arabera, argudio hori ez da baliagarria: «Ez dira jabetzen gure kasua desberdina dela; gu herrialde periferiko batean gaude». 

Orradrek gaineratu du garraiolariak bitartekaritza katearen «katebegi ahulena» direla, oso zail egingo baitzaie gainkostua bezeroei helaraztea: «Haiek dira salgaien jabeak, baina guk ordainduko ditugu sariak. Kalkulatzen dugu hilean mila euro aurreratu beharko ditugula». 

Bidesariak ezarrita bi aldiz zergapetuko dituztela ziurtatu dute, eta sektoreak zergen presio handia jasaten duela jada. Haien arabera, sektoreak %4,5eko ekarpena egiten dio BPGari, baina Nafarroan bildutako zergen %7,5 pagatzen dute. Erregaien gaineko tasez, bidesariez, ibilgailuen azterketa teknikoaz eta BEZaz gain, Nafarroan «are gehiago» pagatzen dute errenta eta sozietate zergetan, garraiolarien hitzetan. «Urtean 125.000 euro fakturatzen dituen garraio negozio batek EAEn baino lau bider gehiago pagatzen du», adierazi du Ignacio Camachok.

Gogora ekarri du 2021etik Nafarroan diru sarreren arabera ordaintzen dela eta Espainian, aldiz, moduluen erregimenaren arabera —diru sarreren estimazio baten arabera, alegia—. «Zertarako balio du fiskalitateak ez badu nafarren lehiakortasuna hobetzen?». 

Zazpi hildako

Bilketa horren ondorioz errepideetako egoerak okerrera egin duela salatu dute, eta Hiruko Alberto Nuñezek gogora ekarri du aurten zazpi garraiolari hil direla Nafarroan. «Bideak zaharkituta daude, ez dute behar besteko seinalerik, ezta zabalera nahikorik ere, eta zerbitzuguneak falta dira». Nuñezen arabera, sektorea alboratua du gobernuak, eta ez du aintzat hartu aurtengo heriotza kopuru handia. «Baldintzak okertzen ari dira. Bezeroek presa dute, eta garraiolariak estutzen dituzte; hala, desorduetan lan egitera behartzen dituzte, ahalik eta pisu handiena eramanda doaz kamioiak, eta tarifak estutzen dizkigute». Haren esanetan, ez da kasualitatea aurtengo istripu larrienak «gauez» gertatu izana.

Azkenik, Nuñezek gogorarazi du errelebo falta «larria» duela sektoreak. Gaur egun, 8.919 garraiolari aritzen dira Nafarroan —horietatik 2.452 autonomoak dira, eta 6.467 soldatapekoak—, eta batez besteko adina 56 urtekoa da. Lan arrisku handiko sektorea izaki, garraiolari gazteei laguntzeko neurriak eskatu dituzte, baita garaiz erretiratzeko laguntzak ere. «Entzun gaitzatela eskatzen diegu, baita gure eskaerei erantzun bat eman diezaietela ere». 

sortu berri den Nafarbide, eztabaidagai

Nafarroako bost errepide nagusietan ibilgailu astunei bidesariak ezartzeko asmoz, Nafarbide sozietate publikoa eratu zuten iragan uztailean. Hain zuzen ere, UPNk elkarte hori indargabetzeko eskatu du mozio bidez, eta horri buruz eztabaidatuko dute gaur taldeek Nafarroako Parlamentuan. Eguneko azken puntua da. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.