Behin gurpil zoroa abiadura bizian doala, ez da erraza hura frenatzea. Baina helburu hori lelotzat duela aterako da burtsara Anthropic, adimen artifizialaren (AA) ereduak garatzen dituen konpainiarik handiena. Alde batetik, adimen artifizialak mundua akabatu zezakeela ohartarazi zuen irailean, eta horri galga jartzeko beharra zabaldu zuen Dario Amodei enpresako buruak. Bestetik, burtsara aterako da ostegunean, inbertitzaileen diruarekin bere asmoak hauspotzeko, baina baita enpresaren galerei aurre egiteko ere, konpainia oraindik ez baita errentagarria.
Erlazionatuta
2020 amaieran sortu zen Anthropic. Hain zuzen, Open AItik irtendako zenbait langilek sortu zuten, kezkatua enpresak ez zielako lehentasuna ematen AAren etikari eta segurtasunari. Urte batzuk geroago, konpainia adimen artifizialeko erraldoi bihurtu da, enpresen alorrean bereziki, Claude izeneko bere txatbotaren bidez. Segurtasuna hartu izan du oinarritzat, eta AEBetako Nasdaq indizean kotizatzen hasiko da —konpainia teknologiko handienak hartzen ditu—. Aurreikusten dute historian izan diren hasierako eskaintza publiko handienetako bat izango dela.
Zenbat diru biltzea espero dute?
Burtsaratzea dela eta 90.400 milioi dolar —81.700 milioi euro— biltzea espero du Anthropicek. Batetik, 64.400 milioi dolar jaso nahi ditu hasierako eskaintza publikoan, akzioak 70 eta 78 dolar artean salduz. Bestetik, akzioen salmenta pribatuan 26.000 milioi dolar eskuratzea aurreikusi du, batez ere akzioak konpainia teknologikoei salduz: besteak beste, Advanced Micro Devices, Broadcom, Google, Micron Technology, Microsoft, Nvidia eta Taiwan Semiconductor Manufacturing enpresei.
Akzio guztiak kontuan hartuta, uste dute enpresak 1,4 bilioi dolarreko balioa izango duela gutxi gorabehera. Hori dela eta, Elon Musken Space X konpainiarekin alderatu dute Anthropic. Errekorra ezarri zuen hark burtsaratzean: 86.200 milioi dolar lortu zituen, eta 1,77 bilioi dolarreko balioa izatera iritsi zen.
Zein da Anthropicen egoera finantzarioa?
Burtsara ateratzeko hainbat datu aurkeztu behar izan ditu, eta, oraingoz, erakutsi du erritmo bizian ari dela hazten. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan 17.000 milioi dolar lortu ditu diru sarreretan, iazkoan baino hamabi aldiz gehiago, eta bigarren hiruhilekoan baino %47 gehiago. Horrez gain, 2026ko lehen bederatzi hilabeteetan, konpainiaren diru sarrerak 33.200 milioi dolarrekoak izan dira, eta iazko epe berean 2.500 milioikoak izan ziren.
Hala ere, gastuak ere erraldoiak dira, eta horiek direla-eta konpainia ez da oraindik errentagarria. Urteko lehen seihilekoan, 80.700 milioi dolarreko galerak izan zituen, eta 901.000 milioi dolarreko inbertsio konpromisoak ere iragarri zituen datozen urteetarako, AAren ereduak entrenatzeko eta garapenerako eta azpiegiturarako behar diren gaitasun handiak finantzatzeko. Kopuru horretatik 452.000 milioi dolar inguru 2030aren amaierarako inbertitzea aurreikusten dute.
Hainbesteko diru mugimenduak burbuilaren mamua piztu du. Gero eta gehiago ari dira enpresak AAn inbertitzen, baina ez dago argi oraingo gastuak gerora irabaziak ekarriko dituen.
datuak
2,67Zenbat bilioi dolarreko gastuak izango dituzten AAko konpainiek. Gartner aholkularitza enpresak aurreikusi zuen AAko konpainien gastuak 2,67 bilioi dolarrekoak —2,40 bilioi euro— izango direla 2026an, iaz baino %49,5 handiagoak.
0,54Zenbat bilioi dolarreko diru sarrerak izango dituzten AAko konpainiek. Grand View Research etxeak iragarri du AAk mundu osoan 0,54 bilioi dolarreko diru sarrerak izango dituela 2026an. Gastatutakoa baino bost aldiz gutxiago izango litzateke, eta alde hori nola txikitu aztertzen ari dira enpresak.
Zer dakarkio enpresari burtsara ateratzeak?
Burtsak epe motzera begiratzen du, egunetik egunera, eta, hortaz, epe motzean pentsatzea ere garrantzitsua izango da Anthropicentzat. Burtsan kotizatzeak esan nahi du enpresak hiru hilean behin eman behar duela bere emaitzen berri, eta, hortaz, gutxienez hiru hilean behin egin behar duela enpresan dirua inbertitu dutenen azterketa. Ikusitakoa gustuko badute, litekeena da akzioen eskaera handitzea eta haien prezioak gora egitea; zenbakiak okerrak badira, berriz, saltzeko gogoa hedatzen da, eta konpainiak balioa galtzen du.
Zer arrisku dituzte inbertsoreek?
Ez dago argi zenbat gehiago hazteko gai izango den Anthropic, aurreikuspen oparoak dituela aterako baita burtsara. Gainera, lehia gero eta handiagoa da sektorean, AEBetako eta Txinako enpresekin batez ere. Baliteke, bestalde, Amodeik sektorearen desazkundea galdegin izanak ere ziurgabetasuna areagotzea, eta, horrez gain, AEBetako aginaldi erdiko hauteskundeetan demokratak gailendu izanak datu zentroei murrizketak ezartzeko aukera mahaigaineratu du, eta hori oztopo izan daiteke AAren garapenerako.Â
Nortzuk dira enpresa handienak AAren sektorean?
AA ereduak garatzen dituztenen artean, Anthropic da gaur egun handiena, eta bere atzetik daude OpenAI, Google eta Meta, guztiak AEBetakoak. Txinan, Moonshot, Deepseek eta Z.ai konpainiak dira handienak, eta Europan, Mistral. Gutxi asko, AAren fakturazio osoaren %89,7 inguru hartzen dute AEBetako konpainiek, %9,5 Txinakoek eta gainontzeko %1 baino gutxiago Europakoek.
Konpainia horiek garatzen dituzte erabiltzaileengana iristen direnak ereduak, baina horrek ez du esan nahi AAren alorrean enpresa handienak horiek direnik. Izan ere, garapena ez da gastu handiena, baizik eta sistema horiek funtziona dezaten lortzea. Nvidia eta AMD gisako enpresek AA ereduak entrenatzeko eta erabiltzeko behar diren txipak saltzen dizkiete konpainiei, eta Amazon, Microsoft eta Googleren moduko enpresek hodeiko azpiegitura osoak, garapen plataformak eta software zerbitzuak alokatzen dizkiete, enpresek zerbitzari fisikorik erosi behar ez dezaten. Haien menpe ere badaude konpainiak.