Aspaldi honetan, patronala behin eta berriro ari da absentismoaren gaia hizpidera ekartzen, eta berdin egin du Confebaskeko presidente Tamara Yaguek, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean. Oraingoan, gaixoaldian dauden langileek jasotzen dituzten soldata osagarriak izan ditu autu, eta horretaz «gogoeta» egiteko eskatu du.
Zehazki, gaixoaldiko lehenengo hiruzpalau egunetako osagarriak kentzea eta gaixoaldi luzeetakoei eutsi edo indartzea proposatu du Yaguek. Haren esanetan, soldata osagarriak duela bizpahiru hamarkada ezarri ziren «helburu jakin bat lortzeko», eta komenigarria litzateke gaia berriro aztertzea, «absentismoa hain arazo larria den honetan bideragarriak ote diren jakiteko».
Araban ostalaritza arloan sinatutako lan hitzarmena jarri du horren adibidetzat. Hitzarmen horretan, lehenengo egunetako soldata osagarriak kendu egin dituzte, baina osagarriak jasotzeko epea 180 egunetik 210 egunera luzatu dute, «benetan osasun arazo larria duten langileak babesteko». Gogorarazi du ELAk eta LABek baiezkoa eman diotela hitzarmen horri. «Gakoa ez da eskubideak murriztea, egokitzea baizik», erantsi du.
Greba orokorra, «oportunista»
Azaroaren 11n Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen eta soldatak igotzearen alde egingo den greba orokorra ere mintzagai izan du Yaguek. Haren ustez, deialdia «politikoa» eta «oportunista» da: «Grebek helburu jakin bat izan behar dute. Oraingoan, soldaten gaia sartuta, badirudi ahalegindu direla lan arlokoa baino gehiago politikoa den deialdi bat justifikatzen».
Yaguek erantsi du enpresariak ez direla «interpelaturik» sentitzen greba deialdia dela eta. «Etxebizitzaren arazoa ez da dekretu bidez konponduko. Etxe gehiago jarri behar dira merkatuan, baina eraikitzeko baimenak emateko epeak asko luzatzen dira, eta, gainera, lehengaien eta eskulanaren prezioak gora doaz».
«Badirudi ahalegindu direla lan arlokoa baino gehiago politikoa den deialdi bat justifikatzen».
TAMARA YAGUE Confebaseko presidentea
Gutxieneko soldata propioaren auziari dagokionez, orain arteko argudioei eutsi die Yaguek, eta berretsi du patronalak ez duela eskumenik horren inguruan negoziatzeko. Gogorarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sinatutako lan hitzarmenetan KPIaren zenbatekoa baino gehiagoko igoerak jaso ohi dituztela, «baina gero Ogasunak igoeraren erdia eramaten du, eta ez da ezer gertatzen».
Yagueri «harrigarria» begitantzen zaio PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren deflatazioa inork ez eskatzea: «Azken finean, erosahalmenaz ari garenean, poltsikoratzen dugun diruaz ari gara. Ez dezagun demagogiarik egin soilik KPIa aipatuta».