«Gaur lan ez egitea eskatu dugu, eta ez dute onartu»

Petronorreko langile batzordeak gaurko lan jarduna oinarrizko segurtasunera mugatzeko eskatu du, baina zuzendaritzak ez du onartu, Jaurlaritzaren neurrietan oinarrituta. Sindikatuek erabakia kritikatu dute.

Petronorreko langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Petronorreko langileen protesta bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko otsailaren 27a
14:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Petronorreko findegiko langileek lanera joan behar izan dute, beren borondatearen aurka, hori bai. Langile batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin dute gaur goizean, eta langileen ordezkariek jarduna bertan behera uzteko eskatu dute. Zuzendaritzak, baina, Eusko Jaurlaritzaren gomendioen arabera jokatuko dutela esan du. «Eta debeku argirik ez dagoenez, gomendioak baino ez dira; lanera joan behar izan dugu», salatu du Javi Losa (TU) Petronorreko langile eta batzordeko kideak.

Batzordeak eskaintza argia egin du bileran: egoera normaltasunera itzuli arte findegiko jarduna oinarrizko mantentzera eta segurtasunera mugatzea. Enpresak, aldiz, ez du onartu, eta lan egun normal bat balitz bezala antolatu du. Goizean zabaldu da langile batzuek lanpostua utzi dutela, baina batzordean ez dute izan horren berririk. «Agian azpikontrataren bateko langile batzuk izango ziren, baina lantalde propioan inork ez du kale egin», azaldu du. Petronorrek mila langile propio ditu, baina azpikontrata ugarik dihardute findegian.

«Larriena da egoera hau eragin duen gas ihesa asteazken gauean jazo zela, eta atzo egun osoan egin genuen lan baldintza hauetan»

JAVI LOSA Petronorreko langile batzordeko kidea

Langile batzordeak ez du haserrea ezkutatu, eta Losak salatu du azken 28 orduetan informaziorik eza izan dela nagusi. «Larriena da egoera hau eragin duen gertakaria asteazken gauean jazo zela, eta atzo egun osoan egin genuen lan baldintza hauetan». Goizeko txandan ere anabasa zen nagusi. Informazioa falta zutela salatu dute, eta 09:00ak arte inork ez diela argibiderik eman. Ordu horretan, herritarrek jaso dituzten aholku berak bidali dizkie enpresak. Ondoren bildu dira enpresa eta batzordea.

Petronor
Petronorrek Muskizen duen findegia, gaur goizean. Ohiko erritmoan egin dute lan. MIGUEL TOÑA / EFE

Mantentzerik eza

Losak nabarmendu du ez dela kasu bakan bat, eta «mantentze ezaren» eta «utzikeriaren» ondorio dela. Kritika ez da berria, hilabeteak baitira findegiko langile batzordea azpiegituraren mantentze kaskarra salatzen ari dela. Iragan irailean, ohar bidez jakinarazi zuten istripuak gero eta ugariagoak zirela eta findegiaren inguru osoa arriskuan dagoela. Salatu zuten produktu kutsatzaile eta toxiko askorekin egiten dutela lan, istripuetan halakoak «kontrolik gabe» isurtzeko arriskua dagoela, eta horrelako ezbehar batek kalte handia sor diezaiekeela findegiaren inguruan bizi direnei.

Hilabeteak dira Petronorreko langile batzordeak azpiegituraren egoera kaskarra salatu zuela eta istripuak gero eta ugariagoak direla

Sindikatuek ere enpresaren neurria kritikatu dute. LABek, ELAk eta CCOOk jarduna eteteko eskatu dute, eta hainbat eskaera egin. CCOOk salatu du enpresa «baldarkeriaz» ibili dela erabakiak hartzen eta haien berri zabaltzen. ELAk, berriz, zuzendaritzaren kontraesana kritikatu du: «Agintariek herritarrak etxean konfinatzeko gomendioa egin dute, baina plantako langileek, berriz, lanean jarraitu dute, informazio argirik gabe».

LABek lan ikuskaritzari eskatu dio findegira joan dadila, ofizioz jarduteko, eta «jarduna eten dezala baldin eta zuzendaritzak berak hala egiten ez badu». BERRIAk jakin duenez, Jaurlaritzako Lan Sailaren ikuskariak eta Osalaneko teknikariak Petronorren daude goiz-goizetik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.