Aste Santuko oporraldia bete-betean dela hasiko dute greba Loiuko aireportuko lurreko langileek, CCOO, UGT eta USO sindikatuek egindako deialdia tarteko. Hitzarmen kolektibo berri baten negoziazioan izandako desadostasunek haserrea eragin dute Globaliarentzat lurreko asistentziaz, fakturazioaz, ontziratzeaz eta ekipajeaz arduratzen den Groundforce enpresako beharginen artean. Horiek horrela, martxoaren 30ean eta apirilaren 1ean, 3an eta 6an egingo dituzte lanuzteak AENAren hamabi aireportutan, Loiukoan (Bizkaia) barne. Hondarribian (Gipuzkoa), Forondan (Araba) eta Noainen (Nafarroa) ez du eraginik izango grebak.
CCOOk, UGTk eta USOk jakinarazi dute martxoaren 30ean greba hasiko dutela Groundforcen, Globaliako lurreko zerbitzuen enpresan, AENAk kudeatzen dituen hamabi aireportutan, hitzarmen kolektibo berri baten negoziazioan lan desadostasunak baitaude.
Globaliarentzat lurreko asistentziaz, fakturazioaz, ontziratzeaz eta ekipajeaz arduratzen den Groundforce enpresako langileek egingo dute greba
Greba deialdiak Loiuko aireportuari ere eragingo lioke, enpresa horretako 230 langilek dihardute eta bertan. Lanuzteekin bat egitera deituta daude lurreko asistentziako langileak, fakturazio eta ontziratzekoak, ekipajeen karga eta deskargakoak, eta enpresa horrek egiten dituen lurreko zerbitzu guztietan jarduten dutenak.
Sindikatuek ohar bateratuan zehaztu dutenez, lanuzteak martxoaren 30ean eta apirilaren 1ean, 3an eta 6an egingo dituzte, hiru tartetan: 05:00etatik 07:00etara, 11:00etatik 17:00etara eta 22:00etatik gauerdira arte.
Soldata igoera da arazoa
CCOOk, UGTk eta USOk salatu dute enpresa «bere irizpidearen arabera» aplikatzen ari dela soldaten taula, bereziki KPIaren ondoriozko diferentzialari dagokionez, eta esan dute hitzarmen kolektiboaren 94. artikuluan jasotako erosahalmenari eusteko bermerik ere ez dutela. «Ez da onargarria adostutako soldata igoera ez aplikatzea», salatu dute langileen ordezkariek.
Groundforceko hitzarmenaren arabera, soldatak %7,82 igo beharko lirateke, baina enpresak dio igoera ezin dela izan sektoreko hitzarmenak ezartzen duen %4,58 baino handiagoa.