Tubos Reunidoseko Amurrioko langileak greba mugagabean hasi dira bart gauean, baina enpresaren zuzendaritzak arratsaldean jakinarazi du enplegu erregulazio txostena aurrera ateratzeko oinarri gisa jarri zuen helburua lortu duela: lana uzteko baldintzak onartu dituzte 301 langilek baino gehiagok, eta, beraz, Amurrioko (Araba) eta Trapagarango (Bizkaia) plantetan enplegu erregulazioarekin aurrera jarraitu ahal izateko lehen baldintza bete duela iragarri du. Orain, baina, enpresaren zorra berregituratzeko baldintzak landu behar dituela ere ohartarazi du.
Zuzendaritzak, hala ere, ez du zehaztu planta bakoitzean zenbat langilek onartu duten enplegua uzteko eskaintza, eta horrek ere badu garrantzia. Izan ere, lanpostu gehien Amurrioko plantan kendu nahi ditu enpresak —301etik 274 lanpostu—, eta, orain arte ezagutu diren datuengatik, ematen du Amurrioko plantan zuzendaritzak proposatutako kaleratzeak (27) baino lana uzteko eskari gehiago jaso dituztela. Ikusteko dago zuzendaritzak nola kudeatuko duen egoera hori.
ESK sindikatuak zalantzan jarri du egiaz lana uzteko proposamena 301 langilek beren borondatez onartu ote duten. Enpresak emandako datuak ez dira fidatzekoak, sindikatuko ordezkarien ustez, baina, egiaz datu horretara iritsi balitz ere, altzairutegia ixteko planak aurrera jarraitzen du, eta logistika arloa kanpora eramateko intentzioak ere bai, eta hori «onartezina» da, lantegiak ez duelako etorkizunik edukiko baldintza horietan. Hortaz, borrokatzen jarraitzeko asmoa agertu du. CCOOk, aldiz, esan du «positiboa» dela kaleratze «traumatikorik» ez egin behar izatea; aldiz, nabarmendu du enpresak horrela ere ez duela etorkizuna ziurtatua.Â
Joan den astean, enplegua erregulatzeko espedienteari buruz negoziatzen aritu ziren zuzendaritza eta langile batzordea, baina ez zuten akordiorik lortu. Enpresak kaleratzeak adostea eta erretiro batzuk aurreratzea eskaini zien beharginei, baina batzordeko hamahiru kideetako batek ere ez zuen proposamena sinatu ostiralean, azken bileran. Hartara, zuzendaritzak jakinarazi zuen «erregulazio espedientea indarrean jartzera behartuta» zegoela, eta, hortaz, langileak kaleratuko zituela. Beren borondatez lana utzi nahi zutenei gaurko 15:00ak arte luzatu zien epea.
Beren kasa lana uztea onartu dutenei lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldatak ordaintzea eskaini zuen enpresak, gehienez ere 24 hilabeteko soldata osatu arte; horrez gain, lan egindako urte bakoitzeko 1.500 euroren kalte ordaina gehituko liekete —gehienez ere hamar urte osatu arte—. Behin-behineko langileei, berriz, lan egindako urteko, 30 eguneko soldata zatia emango liekete —gehienez hamabi hilabeteko soldata osatu arte—.
Enpresak joan den ostiralean zehaztu zituen erretiro aurreratua hartzeko baldintzak ere: 57 eta 62 urte artean duten langileek erretiro aurreratua hartu ahalko lukete, soldata gordinaren %70 jasoz, langileak 63 urte bete arte, eta hortik aurrera Gizarte Segurantzarekin hitzarmen berezi bat edukiko lukete 65 urteak bete arte. Hilez gero, langileak izendatutako pertsonari emango dizkiote ordain horiek. Gaur egun 63 urte baino gehiago dutenei, berriz, zera eskaini diete: lan egindako urte bakoitzeko, hogei eguneko soldata zatia —gehienez ere hamabi hilabeteko soldata osatu arte—.
1.300 langile inguru ditu enpresak Amurrioko eta Trapagarango plantetan, eta ia lautik bat kaleratuko luke beraz, 300 lagun baino gehiago enplegua uzteko prest agertu ondotik. Enpresaren zuzendaritzak, baina, zehaztu du bideragarritasun planak aurrera egiteko ez dela nahikoa langileak kaleratzea: «Tubos Reunidosen bideragarritasun plana osatzeko lehen urratsa da hau, baina, horrez gain, beharrezkoa da SEPIrekin zorra birnegoziatzea [260 milioitik gorako zorra duela adierazi du enpresak], bankuen birfinantzaketa, eta finantzaketa berria».
SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak 113 milioi euro eman zizkion enpresari 2021ean, erreskate gisa, eta hura da hartzekodun handiena; enpresak eta Eusko Jaurlaritzak eskatua diote zorra kitatzeko.
Amurrioko lantegian eragingo dute kaleratzeek batez ere: zuzendaritzak 274 langile egotzi nahi ditu —900 dira guztira—, eta bertako altzairutegia itzali; enpresak esan du itzalketa behin-behinekoa izango dela, baina sindikatuek argi dute ekoizpen hori ez dela berreskuratuko. Amurrioko langileek greba mugagabea egitea adostu zuten joan den astean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek deituta, eta bart gauean abiatu dute lanuztea. Trapagarango lantegian eragin txikiagoa izango dute kaleratzeek, eta, oraingoz, beharginek ez dute grebarik egingo.
«%100eko» greba
Hortaz, greba mugagabea abiatu dute bart gauean Amurrioko lantegiko beharginek, eta lehen orduetan erabatekoa izan da lanuztea, sindikatuek azaldu dutenez. Atzo 22:00etako txandan hasi zen greba mugagabea, eta geroztik hainbat mobilizazio egin dituzte langileek; gaur goizean, esaterako, piketeek A-625 errepidea itxi dute bi aldiz, eta manifestazioak egin dituzte Aiaraldeko enpleguaren defentsan.
LAB sindikatuko iturriek berri agentziei azaldu dietenez, langilerik ez da sartu Amurrioko lantegian, mantentze lanetako eta segurtasuneko gutxieneko zerbitzuak eta azpikontratetako beharginak kenduta; beraz, greba «%100ekoa» izan da. Ohartarazi dute, gainera, egunero izango direla piketeak txanda aldaketetan.
Bide judiziala ere izango du lan gatazkak, itxura denez, ELA sindikatuak esana baitu auzitara joko duela lan erregulazioaren aurka.
Sindikatuek esan dute ez dituztela kaleratzeak onartuko, baina, 301Â langilek baino gehiagok zuzendaritzaren baldintzak onartu ostean, ikusi egin beharko da lan gatazkak zer norabide hartuko duen hemendik aurrera.