ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioaren aldeko «konpromiso irmoagoa» eskatu diote Jaurlaritzari

Patronala estu hartzea galdegin diote Pradalesi, «negoziatzeko eginkizuna bete dezan». Sindikatuen iritziz, auzi honetan «amaitu da ekidistantziaren garaia».

Pradales, Torres, Aranburu eta Lakuntza, gaur, Gasteizen egindako bileran. RAUL BOGAJO / FOKU
Pradales, Torres, Aranburu eta Lakuntza, gaur, Gasteizen egindako bileran. RAUL BOGAJO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urriaren 21a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxieneko soldata propioaren auzian amaitu da «ekidistantziaren garaia». ELAk eta LABek bilera egin dute Eusko Jaurlaritzarekin, eta han «konpromiso irmoagoa» eskatu diote aldarrikapen horren alde, hura lortzeak «autogobernua zabaltzea» ekarriko duelakoan. Patronala estu hartzeko ere eskatu diote, negoziatzeari ekin diezaion; behar izanez gero, diru iturria itxita.

Sindikatuen aldetik, ELAren idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu izan dira bileran. Lehendakaritzaren egoitzan hartu dituzte Imanol Pradales lehendakariak eta Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak. Ez da lehenengo bilkura izan; Pradalesek ELA eta LAB hartu zituen irailaren 14an, eragile politiko eta sozialekin egindako bilera sortan, eta, orduan ere gutxieneko soldata propioa mintzagai izan bazuten ere, bi sindikatuek iragarri zuten beste bilera bat egiteko eskatuko ziotela Pradalesi, gai horretaz beren-beregi eztabaidatzeko.

«Patronalak uko egiten dio gutxieneko soldata arautzeari, haren helburua langileen lan baldintzak prekarizatzea delako»

MITXEL LAKUNTZA ELAren idazkari nagusia

«Lidergo handiagoa» eta «orain artekoa baino konpromiso irmoagoa» eskatu diote sindikatuek Jaurlaritzari, batez ere patronalari presioa egin eta auziaz negoziatzera bultza dezan. «Amaitu da ekidistantziaren aroa», esan du Aranburuk. «Negoziazio kolektiboan aldeek izan beharreko autonomia ezin da aitzakia gisa erabili esku ez hartzeko eta interpelaziorik ez egiteko. Confebaski mezu argia bidali behar zaio, hura baita negoziazio faltaren erantzule nagusia, eta Jaurlaritzak ezin du jarrera hori ontzat eman».

Patronalaren eginkizuna

Sindikatuek argi ikusten dute zein den patronalaren betebeharra gutxieneko soldata propioaren aferan. Eta proposamen zehatza ere egin diote Jaurlaritzari: Confebaskek auziaz eztabaidatzeari uko egiten jarraitzen badu, itxi diezaiola diruaren iturria. Zehazki, patronalak Elkarrizketa Sozialaren Legearen bidez jaso beharko lituzkeen diru laguntzak ez emateko eskatu diote Jaurlaritzari, uste baitute patronala «dagozkion eginkizunak» albo batera uzten ari dela.

Lakuntzak azaldu duenez, ordezkaritzarik handiena duten sindikatuek eta patronalak badute egiteko bat: negoziazio kolektiborako aukerarik ez duten arloetan eta sektorerik ahulenetan ere lan baldintzak arautzea, alegia. Baina Confebaskek uko egiten dio horri, eta, Lakuntzaren iritziz, hala jokatzen du bere helburua «langileen lan baldintzak ahal duen neurrian prekarizatzea» delako: «Horregatik uko egin dio gutxieneko soldata arautzeari, baita hainbat sektoretako hitzarmenak negoziatzeari ere, hala nola kimikaren sektorean, etxeko langileenean, enplegu zentro berezietakoan, euskaltegietakoan...».

«Aldeek izan beharreko autonomia ezin da aitzakia gisa erabili esku ez hartzeko eta interpelaziorik ez egiteko»

GARBIÑE ARANBURU LABeko koordinatzaile orokorra

Lakuntzaren iritziz, «lotsagarria» eta «onartezina» da patronalak hiru aldiz uko egin izana gutxieneko soldata propioaren aferaz eztabaidatzeari, eta pentsatzen du Jaurlaritzak ezin duela «saritu» jarrera hori Elkarrizketa Sozialaren Legearen bitartez. Are gehiago: gogorarazi du Torresek «ondorioak» iragarri zituela ELArentzat eta LABentzat Elkarrizketa Sozialerako Mahaian parte ez hartzeagatik, eta hori ere «onartezintzat» jo du: «Jaurlaritzak ezin du aldatu euskal langileek erabaki dutena, hau da, ELAri eta LABi ordezkaritzaren gehiengo oso zabala ematea».

Autogobernuaren defentsa

Baina gutxieneko soldata propioaren aferan, ELAren eta LABen kezkak ez dira soilik patronalaren jarreraren ingurukoak, eta Jaurlaritzari ere etxeko lanak jarri dizkiote. Sindikatuen iritziz, Pradalesen gobernuak «defendatu» egin behar du alor honen inguruko eskumena, eta horren alde borrokatzeko eskatu diote.

Aranbururen iritziz, Jaurlaritzak «jarrera argiagoa» erakutsi beharko luke auzi honetan, Espainiak ezarritakoaren langa gaindituko lukeen gutxieneko soldata propio bat lortzeak «zabaldu» egingo bailuke autogobernua, eta, gainera, «milaka langileren bizitza hobetzeko» balioko bailuke. «Beste gai batzuetan erakutsi dute autogobernua zabaltzeko borondatea, baina, zoritxarrez, gai honetan ez dugu ikusten horrelako jarrera politiko argirik». Gogorarazi du herri ekinaldi legegilea aurkeztu zutela Eusko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioari bide emateko, eta hura «modu antidemokratikoan» baztertu zutela, «eztabaidatzeko aukerarik ere eman gabe».

Bat etorri da Lakuntza analisi horretan, eta Jaurlaritzari eskatu dio «borroka» egin dezala eskumena lortzeko. «Zoritxarrez, bileran entzun duguna ez da izan guk entzun nahiko genukeena», erantsi du.

Jaurlaritzak bileraren berri eman du Irekia atariaren bitartez, baina ez du horren inguruko baloraziorik egin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA