Herritarren babes sendoa zuten bi herri ekinaldi legegile atzera bota zituen iragan udazkenean Eusko Legebiltzarrak. Batetik, EHPM Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsio txikiak osatzeko aurkeztutakoa, herritarren 145.000 sinadurarekin batera, eta, bestetik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek sindikatuek gutxieneko soldata lege bidez arautzeko aurkeztutakoa, herritarren 138.000 sinadura bildu zituena. Horiek ikusita sortu zen galdera: zertarako balio du herri ekinaldi legegile batek? Zer aukera eta muga ditu? Zer bide egin dezake erakundeetan? Zer eredu daude? Hegoaldeko erakundeei dagokienez, alderdien nahia lehenesten duen formula gailentzen zaie herritarrei, Maite Zelaia zuzenbide konstituzionaleko aditu eta EHUko irakasleak eta zuzenbidean doktoreak azaldu duenez.Â
Hasteko eta behin, haren ustez, ez da anekdota hutsa bi herri ekinaldi horiek eztabaidatzeko aukera eman ere egin gabe atzera bota izana. «Testuinguru oso jakinetan atzera botatako prozedurak dira, gai oso espezifikoei lotuak». Zergatik dio hori? «Lehenean, mugimendu oso-oso indartsu bat sartuta dago, pentsiodunena; eta bestean, sindikatu nagusiak daude.Â
Hala pentsiodunek nola sindikatuek rol bat dute gizartean, konstituzioaren ikuspegitik. Konstituzioak berak, Espainiakoak, sindikatuak jartzen ditu, alderdi politikoekin batera, gizartearen aniztasun politikoaren eredu modura. Konstituzioan aitortzen da rol jakin bat dutela sistema konstituzionalean. Honela dio 7. artikuluak: Langile sindikatuak eta enpresaburu elkarteak lagungarri dira dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko. «Sustatzeko horrek indarra aitortzen die: konstituzioak berak indartzen ditu aktibo politiko modura», Zelaiaren esanetan.
«Herri ekinaldi legegileak parte hartze aurreratuaren itxurako tresna bat dira, baina botere mugatua dute»
MAITE ZELAIA Zuzenbide konstituzionalean aditua - EHUko irakaslea
Beraz, iruditzen zaio herri ekinaldi legegile bat atzera botatzeko orduan kontu handiz aritu beharko litzatekeela, eta benetan ondo eta sakon arrazoitu zergatia. Aipatutako bi ekinaldiei dagokienez, iruditzen zaio kezka sozial errotuetan oinarrituta aurkeztu zirela biak ere, eta horren erakusgarritzat dauka bildutako sinadura kopurua. Baina, aldi berean, uste du Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek ekinaldiei emandako ezezkoak nahikoa arrazoituak zeudela. Funtsean, argudiatu zuten ez zutela eskumenik ez gutxieneko pentsioak osatzeko, ezta gutxieneko soldataz erabakitzeko ere. Hain zuzen ere, azaldu zuten arlo horiei lotutako legeren bat eginez gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera botako zuela. Eragileek, baina, borondate politikorik ez izatea egotzi zieten.

Gobernuen legitimitate krisia
Zelaiaren ustez, herri ekinaldi horiek atzera bota izanak ematen du zer pentsatua sistemari buruz. Izan ere, herritarrek bi bide dituzte gizartea arautzen duten legeei buruz erabakitzeko: zuzenekoa edo zeharkakoa. Bide zuzena herri ekinaldi legegileena da; zeharkakoa, berriz, lau urtean behin boto bidez ordezkari politikoak hautatzea eta haiei legeak egin eta moldatzeko boterea ematea.Â
Pentsiodunen eta sindikatuen babesarekin aurkeztutako herri ekinaldiak atzera bota izanak erakusten duenez, egun indarrean den sistemak zeharkako parte hartzearen bidezko eredua indartzen eta lehenesten du, zuzeneko parte hartzearen ordez. «Sindikatuek eta pentsiodunen elkarteek aurkeztu dituzte herri ekinaldi legegileak, baina gero zer egin dezakete zeharkako parte hartzearen bidez ordezkaritza politikoa lortu dutenek? Hori geldiarazi. Ondorioa zein da? Sistema honek zeharkako ordezkaritza politikoa lehenesten duela zuzenekoaren gainetik».
«Pentsiodunen eta sindikatuen ekinaldi legegileak atzera bota izanak Euskadiko parte hartze instituzionalaren eredua bera interpelatzen du»
MAITE ZELAIAÂ Zuzenbide konstituzionalean aditua - EHUko irakaslea
Uste du horrek ondorio batzuk izan ditzakeela. Hiru zerrendatu ditu: «Arriskua dago gobernuen legitimitate krisia areagotzeko, instituzioen eta herritarren arteko urruntzea handitzeko eta parte hartzearen inguruan mesfidantza sortzeko». Izan ere, instituzioek adierazten badute ere herritarren parte hartzea sustatzearen alde daudela, parte hartze hori tresna formal baten bidez gauzatu baina bide parlamentarioa ixten denetan, arriskua sortzen da frustrazio demokratikoa eta instituzioekiko urruntzea nabarmenago bilakatzeko, Zelaiaren esanetan. «Halako gertakariek Euskadiko parte hartze instituzionalaren eredua bera interpelatzen dute».
Agenda politikoa baldintzatzeko tresnak
Aitzitik, uste du herritarren parte hartze zuzena bermatzeko tresna sendoagoak izanez gero aurrerapauso nabarmenak izan daitezkeela hiru eremutan: lehenik, gizartean, parte hartzearen kultura sendotzen delako, atxikimendu politikoa sendotzen delako, eta mobilizazio soziala legitimatzen delako; bigarrenik, gobernuetan, agenda politikoa irekitzen eta baldintzatzen delako, presio demokratikoa handitzen delako eta gardentasuna eta kontu ematea indartzen direlako; eta, azkenik, alderdietan, posizionatzera behartzen dituelako, gehiengo osoen inertziak apurtzen dituelako eta herritarren eskakizunekiko lotura estutzen delako.
«Parte hartze zuzena bermatuz, parte hartzearen kultura sendotzen da gizartean, atxikimendu politikoa handitu, eta mobilizazio soziala legitimatu»
MAITE ZELAIAÂ Zuzenbide konstituzionalean aditua - EHUko irakaslea
Dena den, oro har iruditzen zaio herri ekinaldi legegileak parte hartze aurreratuaren «itxurako» tresna bat direla, baina «botere mugatua» dutela. Benetako eragina izan dezaten, beharrezkoa iruditzen zaio ekinaldiak onartzeko berme gehiago izatea, atzera botatzeko justifikazio zorrotzagoak behar izatea, eta zenbaitetan herri kontsulta lotesleekin uztartzea.
7 Galdera
- Zer da herri ekinaldi legegile bat?
Herritarrek gai politikoetan zuzenean parte hartzeko daukaten bide bat, Espainiako Konstituzioan jasoa. Testu horretan esaten da herritarrek eskubidea dutela gai politikoetan parte hartzeko zuzenean edo ordezkari bidez. Herri ekinaldi legegileak, herri kontsultak edo erreferendumak eginez parte har dezakete zuzenean. Eta zeharka, berriz, sufragioaren bidez, ordezkarien bitartez, boto eskubidea baliatuta. Horrenbestez, ekinaldi legegileak instituzioetan parte hartzeko bide bat dira, eta legitimitate soziala erakusten dute. Aitzitik, ez dute botere erabakitzailerik, parlamentuaren borondatearen menpe daude, eta frustrazio demokratikoa sortzeko arriskua izaten da sistematikoki baztertzen badira.- Edonork proposa dezake herri ekinaldi legegile bat?
Hautesle erroldan izena emanda dauden herritarrek aukera dute herri ekinaldi legegileak bultzatzeko, baldin eta sufragio eskubidea baliatzeko ezartzen den gutxieneko adina badute, eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean helbidedun gisa behar bezala izena emanda badaude, Europako Batasuneko estatu kideetako herritarrak badira edo indarrean den legeriaren araberako bizileku baimena badute.- Edozein gairi buruz proposa liteke lege bat?
Gai bat lege organiko bidez arautu behar bada, ezin da haren inguruko herri ekinaldi legegilerik aurkeztu. Lege organikoei dagozkien gaiak dira, adibidez, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren edo ordenamendu juridikoaren parte diren giza eskubideei eta oinarrizko eskubideei buruzko nazioarteko beste itun eta akordioen aurka doazen ekinaldiak, bai eta aipatutako tresna horietan jasotzen diren eskubide zibil, politiko, ekonomiko sozial edo kulturalak deuseztatu nahi dituzten ekinaldiak ere. Adibidez, herri ekinaldi legegile baten bidez ezin da eskatu heriotza zigorra ezartzea. Badira beste salbuespen batzuk ere: zergekin lotutako gaiak; Autonomia Estatutuen erreforma; jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzkoak; legegintza ekimena edo prozedura; hauteskunde legea, eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenekoak diren gaiak, aurrekontuak kasurako.- Zein da prozedura?
Prozedura hasteko, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari idazki bat aurkeztu beharko zaio, Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiaren bidez. Idazki horretan aurkeztu behar dira herri ekinaldiaren helburua, lege proposamena egiteko arrazoiak, eta hura sustatzeko batzordea osatzen dutenen zerrenda. Behin Mahaiak oniritzia emanda, sinadura bilketa has daiteke.- Zenbat sinadura behar dira?
1986an egin zuten lehen legea, eta 30.000 behar ziren. 2016an erreformatu zuten lege hura, ordea, iritzita ez zela eraginkorra. 10.000 sinadurara jaitsi zuten gutxienekoa.- Eta gero zer?Â
Behin sinadurak jasota, Eusko Legebiltzarreko Mahaiari aurkeztu beharko zaizkio, eta hark egiaztatu beharko du benetakoak direla. Horren ondotik, Eusko Legebiltzarraren Araudiaren 149. artikuluan zehazten denaren arabera, Mahaiko lehendakariak gobernuari galdetuko dio aztergai den lege proposamen hori aintzat hartzen duen edo ez. Hor dago gakoa. Alderdiek atzera bota ditzakete ekinaldi legegileak tramitazioa hasterako. Nafarroako Parlamentuaren araudia tankera horretakoa da, baina atzera botatzeko orduan arrazoiketak sendoa izan behar du.- Gobernuek dute beti azken hitza?Â
Beti ez. Badaude beste eredu batzuk. Autonomiez osatutako estatu baten eredua da Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari eragiten diena. Eredu hori parekagarria izan daiteke Alemaniako landerrekin, eredu deszentralizatua baita. Hango eredua, halere, irekiagoa da. Han, herri ekinaldi legegile bat proposatu eta legebiltzarrak atzera botatzen badu, badago aukera atzera bota duten gai horri buruzko erreferendum bat egiteko. Alegia, zeharkako ordezkaritza duten horiek ezetz esaten badute, bada modua herritarrei galdetzeko ea beren nagia ordezkatua, islatua dagoen benetan zeharkako ordezkari horien bidez. Hor bi formulak uztartzen dira, zeharkakoa eta zuzenekoa.
Â