Gutxieneko soldata: nork erabaki eta noren kontura igo

Hauteskundeak erabakigarriak izan daitezke gutxieneko soldata propioaren auzian. Eskumen hori galdegin dute EAJk eta EH Bilduk, baina Espainiako alderdiek eta sindikatuek ez dute begi onez ikusten. PPk eta Voxek zergak txikituz igo nahi dituzte soldatak.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazio bat, apirilean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazio bat, apirilean, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gorteetako hauteskundeak begi bistan dira; kanpaina amaieran daude alderdiak, eta promesen eta konpromisoen garaia da. Gutxieneko soldatak eta herritarren erosahalmenak pisua hartu dute oraingoan ere, eta alderdi gehien-gehienek egin dituzte adierazpenak horiek hobetzearen alde. Hego Euskal Herrian, hain justu, bolo-bolo ibili da aurten gutxieneko soldata propio bat ezartzearen auzia, eta oraindik ere hala dago, baina ez aurrera eta ez atzera. Hortaz, Euskal Herriko langileentzat ere garrantzitsuak dira, alde horretatik, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak.

PSOEk eta Sumarrek ateak itxi dizkiote agintaldi honetan Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzeko aukerari. Hain justu, ELAk eta LABek Madrilera eraman zuten Langileen Estatutua aldatzeko eskaera, eta Yolanda Diaz Lan ministroarekin bilera egiteko eskatu zuten, baina aukera horren aurka egin zuten hala Diazek nola Espainiako sindikatuek.

Hala ere, EH Bilduk eta EAJk beren programan sartu dute eskaera. Euskal sindikatuekin lerrokatu da EH Bildu, eta «hemengo bizitzaren salneurriei egokitutako» gutxieneko soldata propioa galdegin du. EAJk ere zera eskatu du bere programan: gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izateko estatus politiko bat. Era berean, Katalunian ere, horren eskumena Generalitatearen esku gera dadin eskatu du ERCk.

Agintaldia eta kanpaina

Espainian ere asko hitz egin izan da gaiaren inguruan. 2023ko hauteskunde kanpainan, PSOEk hainbat konpromiso hartu zituen gutxieneko soldataren gainean, eta, agintaldia hasi eta hiru urte geroago, esan daiteke erdizka bete dituela esandakoak; neurri batzuk bai, baina beste batzuk ez. Hain zuzen, bete ez dituen neurriak dira datorren agintaldirako proposatzen dituenak.

Zehazki, gutxieneko soldata legez babestea hitzeman zuen PSOEk, hura batez besteko soldataren %60 izan zedin, legez. Horretarako, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatu behar zuen. Baina ez du halakorik egin, eta gutxieneko soldata errege dekretuen bidez igo du Madrilek urtero. Hau da, gai izan da urtez urte igotzeko, bai, baina ez modu loteslean, eta etorkizunean ez du zertan horrela izan. Orain, berriro, Langileen Estatutuan neurri hori ezartzeko konpromisoa sartu du PSOEk bere programan.

Hala ere, urratsak egin ditu PSOEk herritarren erosahalmena babeste aldera. Azken agintaldian, %13,1 igo du gutxieneko soldata Sanchezen gobernuak, eta datorren urterako ere %5,3 igoko du, 1.286 euroraino. Horrela, Sanchezen gobernuak gutxieneko soldata %74,7 handitu du zortzi urtean.

Talkak ere hor egon dira. Aurreneko aldia izan da Ministroen Kontseiluak gutxieneko soldata igotzeko errege dekretu bat ontzen duela alde bakarrez. Izan ere, igoera handiagoa eskatzen zuten sindikatuek, eta, sari gehigarriei dagokienez, arauak moldatzeko eskatzen zioten, enpresek ez zitzaten soldata igoerak konpentsatu sari gehigarriak ezabatuz.

Azaroaren 17an onartu zuen dekretua Ministroen Kontseiluak, eta, errege dekretu bat denez, gobernuak ahalmena du hura onartzeko gorteen oniritzirik gabe. Diazek esan zuen igoera ezin zela atzeratu hauteskundeengatik, argudiatuta enpresa guztiek jakin behar zutela urtarrilaren 1ean gutxieneko soldata zein izango den. Patronalak, bestalde, ez ditu babestu gutxieneko soldataren azken igoerak, eta oraingo igoera hauteskundeei begirako estrategiatzat jo du.

Hauteskundeei begira

Oposizioko buruak, PPko Alberto Nuñez Feijook, ez du oraingoz konpromisorik hartu gutxieneko soldata igotzearen inguruan, baina zera esan zuen elkarrizketa batean: «Nire herrialdeko ekonomia hobetzeko konpromisoa hartzen dut». Erantsi zuen bere helburua ere badela batez besteko soldata igotzea, ez soilik SMIa: «Soldaten batez bestekoa baino %33 gehiago igo da etxebizitza, eta erosketa saskia, %44 gehiago», kritikatu zuen. Hala PPk nola Voxek zergak txikitzearen alde egin dute soldata handitzeko.

Bestalde, Podemosek eta Fronte Zabalak gutxieneko soldata igotzeko eskatu dute, baita lanaldia murrizteko ere. Daturik eman gabe, inflazioaren gainetik igo dadila eskatu du Fronte Zabalak datorren legealdirako, eta lanaldia 37,5 ordura murriztu dadila. PSOEk gutxieneko soldata batez bestekoaren %60 izateko konpromisoa berretsi du. Horrela izan dadin eskatzen du Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak.

Baina neurri horren atzean bada ezkutuko errealitate bat: gero eta langile gehiago ari direla gutxieneko soldata jasotzen. 2018an, langileen %3,5ek jasotzen zuen gutxieneko soldata, eta 2024an, %12,7k. CCOOk eta UGTk egindako estimazioen arabera, Espainiako estatuko langileen %64k kobratzen dute batez besteko soldata baino gutxiago. 

65.000

Zenbat langilek jasotzen duten gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian. Gutxieneko soldataren azken igoerak 65.000 langile ingururi eragingo die Hego Euskal Herrian: 50.000ri EAEn, eta 14.000ri Nafarroan. Guztien %4,7 dira horiek, gehienak gazteak eta emakumeak.

Errealitatea bestelakoa da Hego Euskal Herrian, eta horregatik eskatzen dute bertako alderdiek gutxieneko soldata bertan erabaki ahal izatea. Oraingoz, aukera horri ateak itxi dizkiote PSOEk eta Sumarrek, baina PPk eta Voxek ere ez dizkiote irekiko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA