Hauteskunde sindikalak egingo dituzte Bizkaiko Glovon

ELAk erregistratu du bozak egiteko aurreabisua. Sindikatuaren esanetan, langileak kezkatuta daude enplegua erregulatzeko prozesua dela eta.

Glovoko banatzaileak, hauteskunde sindikalak eskatzeko agerraldi batean, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
Glovoko banatzaileak, hauteskunde sindikalak eskatzeko agerraldi batean, Iruñean. JESUS DIGES / EFE
gotzon hermosilla
2026ko ekainaren 11
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaian ere, langile batzordea izango dute Glovoko beharginek. ELA sindikatuak jakinarazi du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua erregistratu duela, 40 langilek baino gehiagok babesa emanda, eta, hortaz, aurki egingo dituzte bozak. Helburua da «langileen eskaerak bideratu eta enpresan parte hartzea indartuko duen ordezkaritza propioa sustatzea», sindikatuaren esanetan.

ELAren arabera, enpresak ezarritako enplegu erregulazioko prozesua dago erabakiaren iturburuan. UGTren eta CCOOren oniritziarekin abiarazi zuten espedientea, eta, horren ondorioz «ehunka lanpostu» galdu ziren arren, bi sindikatuok «positibotzat» jo dute horren emaitza. ELA ez dator bat ikuspegi horrekin: haren iritziz, prozesu horrek ez zuen gertatu behar, enpresak «baliabide ekonomiko nahikoak» baditu-eta enpleguari eusteko, eta UGTren eta CCOOren jarrera ez zen bat etorri lantaldearen interes orokorrekin.

Enplegua erregulatzeko prozesuak «kezka» sortu du Glovoko langileen artean, eta horietako zenbaitek «ordezkaritza sindikal alternatiboa sustatzeko hautua» egin dute. ELAren iritziz, argi gelditu da enpresaren interesetatik independentea izango den ordezkaritza baten beharra, «lan baldintzak hobetu eta hitzarmen probintzialak defendatzeko gaitasuna izango duena». Azken hilabeteotan batzarrak egin ditu ELAk Bizkaiko Glovoko langileekin, eta horren ondorioa izan da orain eman duten pausoa.

Denbora luzean isun ugari pilatu eta gero, azkenean, 2024ko abenduan iragarri zuen Glovok autonomo faltsuen eredua albo batera utzi eta langileak kontratatzeari ekingo ziola. Geroztik, langileek urratsak egin dituzte euren burua antolatzeko: 2025eko irailean eratu zen lehen langile batzordea, Nafarroan, eta Araban ere hauteskunde sindikalak egin zituzten aurtengo martxoan, CCOOk sustatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE