Iberdrolak ekainera arte 4.336 milioi euro irabazi ditu, iaz baino %22 gehiago

Mexikoko negozio atalaren salmentak gainsari handiak eragin dizkio, baina ohiko jarduera aintzat harturik ere etekinak %8 igo dira lehen seihilekoan.

Iberdrolaren Bilboko eraikina. LUIS TEJIDO / EFE
Iberdrolaren Bilboko eraikina. LUIS TEJIDO / EFE
joxerra senar
2026ko uztailaren 22a
11:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iaz, inoiz baino gehiago irabazi zuen Iberdrolak, eta aurten etekin horiek gainditzeko bidean da. Gaur jakinarazi du urtarriletik ekainera 4.336 milioi euro irabazi dituela, aurreko urtean epe berean baino ia %22 gehiago. 

Mexikoko zentral termikoa saldu dio Cox taldeari, eta bertako negozio atalaren salmentak eragindako gainsariek handitu dituzte etekinak. Haatik, ezohiko diru sarrera horiek kenduta ere, markak hausteko bidean da berriz argindar konpainia: 3.565 milioi irabazi ditu, aurreko urtean baino %8 gehiago.

Iberdrolak bere inbertsioak bizkortu ditu. Lehen sei hilabeteetan 7.000 milioi euro inbertitu ditu. Gehienbat, inbertsioen %70, Erresuma Batura, AEBetara eta Brasilera zuzendu du. Atzo bertan jakin zen Caruna Finlandiako argindar banaketa enpresaren %80 bereganatu duela, 2.015 milioi euroren truke. 

Sareen aldeko apustua

Hain zuzen ere, argindar konpainiak argindar sareen azpiegituren aldeko apustua egin du, eta, hala, bi heren inguru (4.400 milioi) inbertitu ditu negozio atal horretan. Hala, argindar konpainiaren aktiboetatik 40.000 milioi banaketa negozioari dagozkio eta beste 15.000 milioi garraio sareari.

Argindarra sortzeko proiektuetan, berriz, 2.200 milioi euro inbertituko ditu, batik bat energia berriztagarrietan, hala nola lurreko zein itsasoko parke eolikoetan.

Inbertsio handi horiek eginagatik, irabazien zati handi bat akziodunen artean banatu zuen iaz. Izan ere, 6.285 milioi euro garbi irabazi zituen, eta 4.500 milioi euro banatuko ditu jabeen artean, 2024an baino %12 gehiago. Zehazki, akzio bakoitzeko 68,5 zentimo banatuko ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA