Ikuskizun dago AEBen eta Iranen arteko bake akordioa zertan amaituko den, eta horrek zelako eragina izango duen munduko merkatuetan, baina, oraingoz, ekonomiaren egoera eta haren bilakaera aztertzen duten erakundeek nahiago dute zuhur jokatu. Halaxe egin du IEA Nazioarteko Energia Agentziak gaur plazaratutako txostenean: haren iritziz, petrolioaren eskaera apaldu egingo da, eta aurten eguneko 1,1 milioi upel txikiagoa izango da. Maiatzean argitaratutako txostenarekin alderatuta, eguneko 700.000 upeleko jaitsiera dago IEAren aurreikuspenetan.
Ez da aztia izan behar asmatzeko zerk eraman duen munduko ekonomia egoera horretara: AEBen eta Iranen arteko gerrak eta, bereziki, Ormuzko pasabidea itxi izanak hankaz gora jarri dute petrolioaren merkatua. 2026ko bigarren hiruhilekoan, eskaintza %4,8 txikiagoa izan da iazkoarekin alderatuta, prezioek gora egin dute, eta, IEAk berak maiatzean ohartarazi zuenez, petrolio erreserbak bizkor murriztu dira gatazka hasi zenetik.
Pentsatzekoa da Ormuzko itsasartea berriro irekitzeak errotik aldatuko duela egoera. Eta horixe bera espero du IEAk ere, baina txostenean nabarmendu du ziurgabetasuna oraindik handia dela, inork ez baitaki akordioa gauzatuko ote den, gauzatzekotan zenbat iraungo duen eta pasabidea zer baldintzatan irekiko den.
Itsasartea zabalduta ere, IEAk ez du uste horren eragina berehalakoan nabarituko denik, eta horregatik adierazi dute 2026ko hirugarren hiruhilekoan eskaera iazkoa baino 1,7 milioi upel txikiagoa izango dela eguneko.
94,5Zenbat petrolio upel atera ziren merkatura egunero maiatzean, milioitan. Maiatzean aurreko hilabetean baino 600.000 upel gutxiago izan ziren eguneko, eta gatazka hasi aurretik baino 13,6 milioi upel gutxiago.
Eta ekoizpenean ere eragina izango du Iranen eta AEBen arteko gatazkak: IEAk espero du aurten petrolioaren produkzioa eguneko 102,4 milioi upelekoa izango dela, iazkoa baino 3,9 milioi upel txikiagoa.
2027rako, aldaketa
Gauzak ondo bidean, egoera 2026ko bukaerarako aldatuko da. Eta 2027an zerbait bitxia gerta daiteke: petrolioaren produkzioa lehengoratzen bada, litekeena da berreskuratze hori eskaerarena baino azkarragoa izatea, eta, hortaz, petrolioaren soberakinak handiak izatea eta horrek prezioak asko apaltzea. Zehazki, IEAk uste du datorren urtean eskaera eguneko bi milioi upel handiago izan daitekeela, baina eskaintza zortzi milioi upel handituko litzatekeela eguneko.Â
«Horrek asko arinduko luke merkatuaren estualdia», azaldu du IEAk bere txostenean, «eta aukera emango luke agortutako erreserbak berriro osatzeko, herrialdeek krisiaren osteko energia estrategiak berraztertzen dituzten bitartean».
Edonola ere, IEAk argi utzi nahi izan du kalkulu horiek guztiak gatazkaren bilakaerak baldintzatuta daudela, eta badaudela argitu beharreko kontu ugari; adibidez, Ormuzko itsasartea erabat zabalduko ote den, itsasontziek trabarik izango ote duten hortik igarotzeko, beharrezkoa izango ote den eremutik minak kentzea eta abar. Eta ohartarazpena egin du: petrolioaren garraioa berriro etengo balitz, askoz motelagoa izango litzateke egoeraren oneratzea.