Industria atzeraldian sartu da Nafarroan ere

Nafarroako BPGak %2,1eko hazkunde erritmoari eutsi dio urteko lehen hiruhilekoan, zerbitzuei eta kontsumoari esker. Soldatak gehiago handitzen ari dira enpresen irabaziak baino.

Langile bat lanean Alloko Essity enpresan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Langile bat lanean Alloko Essity enpresan, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 25a
11:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Industriaren pattalaldia Hego Euskal Herri osoari dagokiola baieztatu du Nastatek. Duela hiru aste Euskal AutonomiaErkidegoko industria atzeraldian zegoela kaleratu zuen Eustatek, eta gaur Nafarroan ere hala dela egiaztatu du Nastatek. Haren arabera, 2026. urteko lehen hiruhilekoan 2025ekoan baino %0,3 txikiagoa izan da haren jarduna. Iazko azken hiruhilekoan %0,5 egin zuen behera.

Industria da Nafarroako ekonomiaren motor nagusia —EAEn baino pisu handiagoa du—, baina hura gabe ere lurraldea gai izan da bere ekonomia handitzeko. Nastaten arabera, Nafarroaren barne produktu gordina 2025eko lehen hiruhilekoan baino %2,1 handiagoa izan zen aurtengoan. Datu hori bera eman du azken hiru hiruhilekoetan, eta, hortaz, baieztatu egin du moteltze bat dagoela —2025ean, %2,3 handitu zen BPGa—.

Zerbitzuak dira hazkunde horren arrazoi nagusia (+%3), baina ekarpen positiboa egin dute eraikuntzak (+%2,1) eta nekazaritzak ere (+%1,4). 

Eskariaren datuek ere berresten dute zerbitzuen garrantzia. Izan ere, kontsumoa sendo ari da hazten (+%3,2), eta, horren barruan, familien kontsumoa bereziki (+%3,3). Baina urtearen hasieran handitu egin da sektore publikoaren ekarpena ere (+%2,6).

Ahulago dabil inbertsioa: %0,5 baizik ez da handitu da azken urtean.

Enplegua eta errenta

Hazkundearen moteltzeak ez du, ordea, enpleguaren sorrera eten: %1 handitu da azken urtean. Baina atal horretan ere ikusten da industria ez dagoela bere onenean: 2025eko lehen hiruhilekoan baino %0,3 langile gutxiago enplegatzen ditu. Zerbitzuetan (+%1,4) eta batez ere eraikuntzan (+%1,9) areagotu da enplegua.

Eustatek ez bezala, Nastatek errentaren banaketari ere erreparatzen dio bere azterketan. Atal horretan ikusten da langileen errentak (+%5,3) gehiago handitzen ari direla enpresen mozkina baino (+%3,5). Hori bera gertatu zen 2024an eta 2025ean ere. Baina, kontsumoa eta enplegua egoera onean daudenez, zergak ari dira gehien handitzen errenten atalean (+%8,4).

%1,8

Nafarroako Gobernuaren aurreikuspena. Urteek aurrera egin ahala hazkundea moteltzea espero du Nafarroako Gobernuak. Zehazki, aurten BPGa %1,8 handituko dela iragarri du, eta 2027an, berriz, %2,1. Aurki berrituko ditu aurreikuspenak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA