Industriak atzeraldian hasi du 2026. urtea

Eraikuntzak eta batez ere zerbitzuek eusten diote EAEko ekonomiari. Urteko lehen hiruhilekoan %2,2 handitu da BPGa, baina urteak aurrera egin ahala indarra galduko duela uste du Eusko Jaurlaritzak.

Ostalaritzan egindako gastua izan da EAEko ekonomiaren motorretako bat. LUIS TEJIDO / EFE
Ostalaritzan egindako gastua izan da EAEko ekonomiaren motorretako bat. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2026ko ekainaren 5a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den urtearen bigarren zatian industriak izandako suspertze txikia erabat eten da 2026. urtearen lehen zatian. Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industria atzeraldian sartu da lehen hiruhilekoan: jarduera %0,9 apaldu zaio 2025eko azken hiruhilekoarekin alderatuta, eta %0,2 iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Askotan esaten da industria dela ekonomiaren motorra, baina, hura hondatuta egon arren, EAEko barne produktu gordina hazteko gai izan da urteko lehen hiruhilekoan: %2,2 urte arteko tasan, eta %0,5 hiruhileko artekoan. Moteltze arin bat besterik ez da hori, 2025 osoan %2,3 hazi baitzen ekonomia. 

Beheranzko joera horrek hurrengo urteotan ere jarraitzea espero du Eusko Jaurlaritzak, baina hondoratzerik gabe: %1,9 hazkundea iragarri du aurtengorako, eta %1,6 datorren urterako. Europako herrialde gehienetan ere motelaldia izango dela ohartarazi du Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak.

Ostalaritza, indartsu

Industria matxuratuta, zerbitzuak dira ekonomiari tira egiten diotenak, eta iazko erritmo berari eusten diote: %2,8 hazi zen iaz atal hori EAEn, eta %2,9 2026ko lehen hiruhilekoan. Zergatik? Modu sinple batean esanda, herritarrek kontsumitzen jarraitzen dutelako. Zerbitzuen artean, merkataritza, ostalaritza eta garraioa dira gehien hazi diren atalak (%3,4), administrazioaren, hezkuntza eta osasunaren (%2) eta gainerako zerbitzuen gainetik ―higiezinak, finantzak, jarduera profesionalak...―.

Eskariaren aldetik ere ikusten da kontsumoaren indarra. Familien kontsumoa %2,7 handitu da, eta %4,1era egin du jauzi gastu publikoak.

Kontsumoa da barne eskariaren zati handi bat, eta, horregatik, %3,5 hazi da azken urtean. Industriari lotuago dago esportazioen atala, eta horrek negatiboan jarraitzen du (-%1,4); nagusiki, atzeraldiaren ertzean daudelako merkatu nagusiak, Alemania eta Frantzia.  

 

%4,8

 

 

Inbertsioa zenbat hazi den. Pattal dabil industria, baina ez dabil geldi. 2026ko lehen hiruhilekoan %4,8 handitu da enpresen inbertsioa, 2025eko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero. Eta inbertsioaren barruan, ekipo ondasunetan egindako inbertsioa nabarmendu da (%5,5), hau da, makinetan egindakoa.

Kontsumoaren indarra azaltzen duen beste datu bat eman du Eustatek: enpleguak hazten jarraitzen du: aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, %0,2 enplegu gehiago daude eta duela urtebete baino %1,3 gehiago (lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtuta). Gizarte Segurantzaren datuek ere hori esaten dute: aurtengo maiatzean iazkoan baino 13.500 lagun gehiago daude lege barruan lanean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Eta enplegu horietako batzuen edo askoren baldintzak prekarioak izanagatik, kontsumoa ekarri ohi dute eta horrekin batera enplegua haztea hari lotutako jardunetan. Horrela, zerbitzuetan enplegua %1,7 handitu da azken urtean. Eraikuntzan ere bilakaera positiboa izan du enpleguak (+%1,2), baina pixka bat (-%0,2) apaldu da industrian eta lehen sektorean. 

%2,3

 

 

Hazkundea Bizkaian. EAE osatzen duten hiru lurraldeen artean Bizkaia nabarmentzen ari da 2026. urtearen hasieran. %2,3 hazi da hango BPGa azken urtean, Araban eta Gipuzkoan (+%2) igo denaren gainetik.

eurogunea %0,2 uzkurtu da 2026ko lehen hiruhilekoan

Duela aste batzuk aurreratutako datua zuzendu du gaur Eurostatek. Hiruhileko arteko tasan euroguneko barne produktu gordina %0,1 handitu zela kaleratu zuen, baina orain esan du %0,2 egin zuela atzera. Irlandaren datuaren berrikuspenak ekarri du zuzenketa: %2 txikitu beharrean %12,1 txikitu dela baieztatu du hango estatistika erakundeak, CSOk. Eroriko ikusgarria da, baina kontua hartu behar da AEBetako multinazionalek neurriz kanpoko pisua dutela Irlandaren ekonomian, eta enpresa haien kontabilitateetan egindakoek gorabehera handiak eragiten dutela herrialdearen kontu publikoetan ere.

Edonola ere, Irlandarena ez da Eurostatek zuzendu duen datu bakarra: Frantziaren BPGa egonkor geratu beharrean hamarren bat uzkurtu dela dio orain. Italiarena, ordea, hamarren bat handitu du, %0,3raino. Lituania eta Suedia ere atzeraldian daude. Alemania, berriz, %0,3 hazi zen.

Urte arteko tasan, berriz, %0,5 hazi ziren eurogunea eta Europako Batasun osoa. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA