Industria ahul dagoela baieztatu dute Eustaten datuek

EAEko barne produktu gordinak hazkunde erritmo sendoari eusten dio: %2,2 handitu da 2025eko bigarren hiruhilekoan. Azken urtean 14.000 lanpostu sortu dira, zerbitzuetan batik bat, baina baita eraikuntzan ere.

Turistak Bilboko Plaza Barrian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Turista batzuk Bilboko Plaza Barrian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2025eko irailaren 19a
10:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eustatek berretsi du Makroekonomiaren azkenaldiko joeretan ez dagoela aldaketa handirik. Ekonomiaren hazkundea sendoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta enpleguaren sorrera ez da eten, pixka bat moteldu bada ere. Eta hori guztia zerbitzuei eta neurri txikiago batean eraikuntzari esker da, industriak ez baitu atzean uzten pattalaldia: azken urtean %0,1 baizik ez da hazi.

Uztailean aurreratutako datuak zabaldu ditu gaur Eustatek, eta orduan zabaldutako bi datuak baieztatu ditu: 2025eko bigarren hiruhilekoan, apiriletik ekainera, EAEko barne produktu gordina %2,2 hazi zen urte arteko tasan, eta %0,5, berriz, hiruhilekoko tasan. Urte artekoan bizkortze bat izan da —%1,8 eta %2,1 izan zen aurrekoetan—, baina hiruhilekokoan, moteltze bat —%0,4 eta %0,7, aurrekoetan—. 

Moteltze hori nahiko orokorra izan da, baina industrian bildu da daturik txarrena: 2025eko bigarren hiruhilekoan %0,3 uzkurtu da, bai industria osoa (energia barne), baita manufaktura hutsa ere. Kanpoko merkatu nagusien ahultasunak (Alemania eta Frantziarenak) eta AEBek abiatutako merkataritza gerrak kalte egin diete esportazioei, eta, ondorioz, industriaren ekarpena txikitu egin da. Hain zuzen ere, INEk gaur zabaldu du EAEko industriaren salmentak %1,7 txikiagoak izan zirela aurtengo uztailean, iazkoan baino.

%2,5

Zenbat. hazi zen EAEko BPGa 2024an. Eustatek zenbait zuzenketa egin ditu aurreko urteetako datuetan, 2023ko behin betiko datuak jaso baititu jada. Urte horretako hazkundea %2,7tik %3ra igo du, eta hiru hamarren handitu du 2024koa ere, %2,5eraino. 

Industriaren motorra astiro doa, baina bizkorrago doa zerbitzuena. %2,8 hazi da azken urtean, batez ere merkataritzari, ostalaritzari eta garraioan egindako gastuari esker (%3,3). Apalagoa baina sendoa da (%2,1) administrazio publikoaren, hezkuntzaren eta osasunaren ekarpena.

Hori bai, hiruhilekoen arteko hazkunde tasa nabarmen apaldu da: %1etik %0,7ra zerbitzu guztiena, eta %1,4tik %0,6ra merkataritzarena eta ostalaritzarena.

Moteltze horretan salbuespena da eraikuntza: azken urtean gehien hazi den sektorea da (%3,1), eta udaberriko hilabeteek mesede egin diote (%1,3), negukoen aldean gehiago hazi baita (%0,8). 

ETXEBIZITZA, ERAIKUNTZA
Etxebizitzak eraikitzen, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE

Eskariaren araberako banaketan ere ikusten da zerbitzuen indarra: familien gastua %2,9 handitu da azken urtean, gastu publikoaren oso gainetik (%0,2). 

Edonola ere, inbertsioaren ekarpena ere oso positiboa izan da: industria ez dabil fin, baina ekipo ondasunetan (makinetan, nagusiki) egindako inbertsioa %4 handitu da, eta horren zati handi bat udaberriko hilabeteetan egin da.  

Enpleguak, hobera

Kontsumoa handitzearen arrazoietako bat da lan merkatua badabilela, bere ohiko arazoekin bada ere. Eustatek lanaldi osoko lanpostu baliokideetan neurtzen du enplegua, eta ziurtatu du 2024ko bigarren hiruhilekoan baino %1,4 lanpostu daudela; zenbaki osoetan, 14.035 gehiago. Lanpostu gehienak zerbitzuetan (%1,8) eta eraikuntzan sortu dira (%1,9), eta gutxi batzuk industrian (%0,2). 

Enplegu sorrera 2025eko lehen hiruhilekoan izandakoaren parekoa da, baina 2024koa baino apalagoa, orduan 17.000 lanpostu sortu ziren eta.

%2

Zenbat handitu den BPGa Araban. Hamarren batzuen aldea dago lurraldeen artean. Eustatek dio Arabako BPGa hazi dela gutxien azken urtean (%2), eta Gipuzkoakoa gehien (%2,3). Tartean dago Bizkaia (%2,2).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.