Inflazioa %4,5era igoarazi dute erregaiek

Ormuzko itsasarteko gatazkaren areagotzea igarri egin da abuztuko prezioetan Hego Euskal Herrian, erregai garestiek zazpi hamarreneko jauzia eragin baitute KPIan. Azpiko inflazioa %3,2ra igo da.

Irailean dira iraungitzekoak Espainiako Gobernuaren erregaien gaineko deskontuak. ELISEO TRIGO / EFE
Irailean dira iraungitzekoak Espainiako Gobernuaren erregaien gaineko deskontuak. ELISEO TRIGO / EFE
Irune Lasa.
2026ko irailaren 15a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herritarrek dagoeneko igartzen dutena berretsi dute gaur kaleratutako inflazioari buruzko datuek: bizitza garestitzen ari da. Abuztuan, kontsumo prezioen indizeak urte arteko %4,5eko igoera izan du Hego Euskal Herrian, eta INE Espainiako Estatistika Erakundeak gaur zabaldutako datuei begira, prezioek hilabeteko %0,8ko erritmoan egin dute gora.

Hego Euskal Herrian urte arteko inflazio tasa horren handia ikusteko 2023. urteko otsailera egin behar da atzera.

Prezioen igoera orokorraren oinarrian, nagusiki, erregai garestiagoak daude: haien salneurriak batez beste %19 garestiagoak dira iazkoak baino.

Gasolinaren, gasolioen eta beste erregaien prezioek dagoeneko jauzi handia emana zuten uztailean. Ormuzko itsasartean ekainean iritsitako su eten ahularen azkenak ageriko egin ziren hilabete geroago, eta petrolio upelaren salneurria berriz ere gorantz hasi zen. Abuztuan egoerak ez du hobera egin Ekialde Hurbilean, eta ondorioz, Donald Trumpen balentria beliko ustelei esker, erregaiak are garestiago salerosi dira.

Ez da espero aldaketarik joera horietan. Irailean, Iranek Saudi Arabiako petrolio bideetan egindako erasoak direla medio, petrolioa are garestiago saltzen ari da, eta horrek eragina izango du, derrigorrean, iraileko kontsumo prezioetan.

Neurriak

Gogoratu behar da energiaren shocka murrizteko Espainiako Gobernuak erregaietan ezarritako deskontuak abuztuan txikiagoak izan direla uztailean baino, eta ziurrenik hori ere islatzen da azken jauzian: uztailean deskontuak hamabost zentimokoak ziren diesel eta gasolina litro bakoitzeko; abuztuan deskontu horiek hamar zentimokoak izan dira.

Abuztuko garestitzeek neurriontzako aurreikusitako babes klausula aktibatu zuten, eta irailean deskontuak honako hauek dira: hogei zentimo diesel litroan, eta bost zentimo gasolinan. Baina, berez, deskontu horiek irail bukaeran iraungitzekoak dira. Ondorioz, Ekialde Hurbilera begira jarrita, galdera ezinbestekoa da: neurri horiek luzatuko al ditu Ekonomia Ministerioak?

Gerraren ondorioak

Urte honetan inflazioak izan duen bilakaerari begira, berehala ikusten da Ormuzko Itsasarteko krisia noiz gertatu zen: martxoan izan zen; hori argi islatu zen hilabete hartan, inflazioa %3,4ra igo zenean, ordura arte hilabeteak pasatu ostean %2ko tasatik pixkatxo bat gorago.

Uztailean eta abuztuan beste jauzi bana iritsi dira, eta eurogunean abuztuan inflazioak %3,3ko tasa iritsi du, urrun Europako Banku Zentralaren %2ko helburutik. Horrexegatik, eta prezioetan apaltzerik ez zuelako espero, joan den astean interes tasak puntu laurden igo zituen EBZk, prezioei eutsi nahian.

Izan ere, gero eta argiago dago erregaien bitartez gerraren eragina beste kontsumo gaietara ere zabaldu dela. Kontsumo gai aldakorrenak, energia eta elikagai freskoak, aintzat hartzen ez dituen azpiko inflazioak bi hamarren egin du gora, %3,2raino.

Igoerarik ez elikagaietan

Ormuzko itsasartea ezin igaro dauden ongarrien falta ez da horren nabarmena izan abuztuan elikagaien prezioetan, eta oraindik ikusteko dago lehorteak zer-nolako eragina izango duen. Datu orokorrari begiratuta, hilabeteko tartean, uztailetik abuztura ia ez da aldaketarik izan elikagaien salneurrian.

Hala ere, iazko salneurriekin alderatuta, elikagaien urte arteko inflazio tasa zazpi hamarren igo da, %3,9ra. Oraindik ere arrautzak dira gehien garestitu direnak (%9,2). Behikia, arrain freskoa, eta lekale eta barazki freskoak iaz baino %8 inguru garestiago daude.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA