Inflazioa azken hiru urteetako mailarik gorenera iritsi da eurogunean

EBZk bilera dauka datorren ostegunean, eta merkatuek ziurtzat jo dute interes tasak berriro igoko dituela. Euriborra %3ren mugan dago.

Prezioak erakusten dituen kartela, Madrilgo gasolindegi batean, joan den astean. MARCOS VILLAOSLADA / EFE
Prezioak erakusten dituen kartela, Madrilgo gasolindegi batean, joan den astean. MARCOS VILLAOSLADA / EFE
Iker Aranburu.
2026ko irailaren 1a
12:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eurostaten azken datuak interes tasak igotzeko erabakia hartzea erraztu dio Europako Banku Zentralari. Estatistika erakundearen arabera, inflazioa lau hamarren handitu da uztailetik abuztura, %3,3raino. Halako tasarik ez zen ikusi azken hiru urteetan, eta haren ondorioz ia ziurtzat jo daiteke EBZk diruaren prezioa igoko duela hilaren 10eko bileran.

Energia izan da igoera horren eragile nagusia, lau puntu igo baita hilabete bakarrean: %10,3tik %14,3raino. Ormuzko itsasartearen itxiera eta Persiar golkoko petrolio eta gas putzuen aurkako erasoak hidrokarburoen ekoizpena eta haren garraioa oztopatzen ari dira, eta eskasia horrek erregaiaren, gas naturalaren eta argindarraren garestitzea ekarri du. 

Eurostaten arabera, energiaren garestitzeak ez du oraingoz eragin handirik izan inflazioaren beste ataletan. Horrela, elikagaien, tabakoaren eta alkoholaren inflazioak indarra galtzen jarraitzen du, eta %1,2an kokatu da, martxoan zuen tasaren erdian. Hori bai, bada alderik janari ez-prozesatuaren (%2,7) eta prozesatuaren, tabakoaren eta alkoholaren artean (%0,6). 

Azken urteetako inflazioaren beste motor nagusia, zerbitzuena, hiru hamarren apaldu da, %3raino. 

Asmoak, hankaz gora

2026. urtearen hasieran, beherantz zihoan inflazioa, eta aspaldiko partez kokatu zen banku zentralak gogoko duen mailan, %2 inguruan. Gauzak horrela, interes tasak ere aldi baterako %2an geratzeko itxura zuen. Baina AEBek eta Israelek Irani eraso egin izanak hankaz gora jarri ditu EBZren prebisioak eta asmoak. Interes tasak %2,25era igo zituen maiatzean, baina orduz gero ez ditu ukitu, Washingtonek eta Teheranek egindako su-etenek arindua ekarri zutelako energiaren merkatuan.

Azken asteetako erasoek, ordea, argi utzi dute gatazkaren konponbideak luze jo dezakeela, eta berriro goranzko joera hartu dute petrolioak eta gasak. Gainera, kontuan hartu behar da prezioak neurriz kanpo handitzea eragotzi duen faktorea, erreserbena, nahiko agortuta dagoela gaur egun, eta, hortaz, erregaien eskasia egoteko arriskua handiagoa dela orain gerraren hasieran baino.

Egoera horretan, finantza merkatuek ziurtzat jotzen dute EBZk interes tasak handituko dituela iraileko bileran, %2,5eraino, eta ez dute baztertzen hurrengo bileretan beste koska bat handitzea.

Espektatiba horiek ikusten dira jadanik Euriborrean. Tasa aldakorreko maileguak kalkulatzeko gehien erabiltzen den indizea %2,952ra heldu zen abuztuan, azken bi urteetako mailarik gorenera. Gaurko kotizazioan, %3ko muga gainditu du (%3,003).

EBZk ez ezik, AEBetako Erreserba Federalak, Ingalaterrako Bankuak eta Japoniako Bankuak ere interes tasak handituko dituzten ustea zabaldu da inbertitzaileen artean, eta, horren ondorioz, azken asteetan handitzen ari dira zor publikoaren bonuen truke eskatzen duten errentagarritasuna.

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA