Interes tasek %2an jarraituko dute, luzaroan agian

Inflazio mailarekin gustura dago Europako Banku Zentrala, eta, hazkunde ekonomikoak eusten dionez, ez du diruaren prezioa aldatzeko arrazoirik ikusten. Euro digitala 2029an kaleratzeko urratsa egin du.

Christine Lagarde EBZko presidentea, atzo, Florentzian. CLAUDIO GIOVANNINI / EFE
Christine Lagarde EBZko presidentea, atzo, Florentzian. CLAUDIO GIOVANNINI / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urriaren 30a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehuneko bi kopuru magikoa da Europako Banku Zentralarentzat. Kopuru horretan nahi du euroguneko inflazioa, eta gutxi gorabehera maila horretan dagoenez —%2,2 irailean—, gaurko bileran aldaketarik ez egitea erabaki du. Horrenbestez, interes tasa ofizialek ere %2an jarraituko dute, hau da, bankuak maila neutrala deitzen duen horretan: ez dute ez ekonomia sustatzen, ezta nahita uzkurtzen ere. Are gehiago, aldi luze baterako aldaketarik ez dela egongo espero da.

Garai zailean da Europako Batasuna: krisi politiko sakona dago Frantzian, gainbehera ekonomikotik atera ezinik dago Alemania, eskuin muturra goraka ari da herrialde gehienetan, eta indarge dago AEBen eta Txinaren arteko lehia geopolitikoaren eta ekonomikoaren erdian. EBZren barruan, ordea, gauzak nahiko bare daude. Banku barruko belatzak —inflazioaren aurka oso gogor jokatzea nahi dutenak— eta usoak —jarduera ekonomikoari ere erreparatzeko eskatzen dutenak— ados daude diruaren prezioa egokia dela. 

Gauzak horrela, gaurko bileraren osteko agerraldian, Christine Lagarde EBZko presidenteak irailaren hasierako agerraldian erabilitako esaldi batekin laburtu du egoera: «Leku onean gaude». Baina berehala gaineratu du egoera aldakorra dela. «Egoera finkoa da? Ez». Azaldu du inflazioak uste baino gehiago behera egiteko arrazoiak badaudela, baina aldi berean ez direla falta prezioak uste baino gehiago handitzeko arrazoiak ere.

Horiek horrela, ohi bezala izkin egin die hurrengo mugimenduen berri jakin nahi zuten kazetarien galderei, eta adierazi du jasotzen dituzten datuen araberako erabakiak hartuko dituztela. 

%0,2

Zenbat hazi den eurogunea. Hazkunde erritmo motel bati eusten dio euroguneko ekonomiak. 2025. urteko lehen hiruhilekotik bigarrenera %0,2 hazi zen, eta gauza bera egin du bigarrenetik hirugarrenera. Urte arteko tasan, %1,3 hazi da. Kopuru handiagoak nahiko zituela onartu du Christine Lagardek, baina %0,2ko tasarekin ez dela «kexu» azaldu du.

Merkatuetan, ordea, derrigortuta daude gertatuko denari buruzko iragarpenak egitera, eta oraintxe bertan iritzirik zabalduena da %2ko interes tasak luzaroan iraun dezakeela. Uste hori islatzen da Euriborrean ere. Apirilera arte, EBZk interes tasak jaitsi ahala, bizkor jaitsi zen, baina, orduz gero, aldaketak oso azalekoak izan dira. Urria, esaterako, %2,187an bukatuko du, irailean baino ehuneko bat gehiago. Edonola ere, orain eguneratu behar diren mailegu gehienak merkatu egingo dira, iaztik puntu erdia galdu duelako Euriborrak.

Euro digitala, 2029rako

Florentzian (Italia) egindako bileran, banku zentralak beste urrats bat egin du euro digitalaren sorreran. Oraindik ez du modu ofizial batean esan euro digitala sortuko duenik —hari buruzko legedia egiteko zain dago urrats hori egiteko—, baina proiektuarekin aurrera jarraitzen duela erakutsi nahi izan du, eta egutegi bat aurkeztu du. 2026rako nahi du Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak legedia prest izatea, eta, hala egongo balitz, 2027aren erdialdean hasiko litzateke harekin proba batzuk egiten. Dena ongi joanez gero, 2029rako jaulkiko litzateke lehen aldiz. 

Euro digitala ordainketak egiteko modu bat da izango da eurogune osorako, diru fisikorik gabekoa. EBZk azaldu duenez, hiru ordainketa mota egiteko erabili ahal izango litzateke: denda fisikoetan edo ostalaritzan ordainketak egiteko, Internet bidezko erosketetan, eta pertsonen artekoan. Gaur egungo sistemarekin alderatuta, euro digitalak hautsi egingo luke AEBetako enpresa handiek —Visa, Mastercard...— diruaren truke digitalean duten erabateko nagusitasuna, eta, Bizum, Paylib eta antzeko beste sistemek ez bezala, eurogune osoan erabili ahal izango litzateke, mugarik gabe.

Euro digitalaren inguruko kezka adierazi dute bankuek, beldur direlako herritarrek beren kontuak hustu eta diru guztia ez ote luketen euro digitaletan izango. Hori dela eta, adierazi dute banku zentralak muga bat jarriko diola norberaren diru zorro digitalean gorde ahal izango duen kopuruari.

 

 

 

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.