Eskuak lotuta dauzkala ari da Frantziako Gobernua erregaien garestitzeari erantzuten. Gasolioaren eta gasolinaren gaineko zergak jaitsiz erantzun diote inguruko herrialdeetako gobernuek, baina Parisek ez du halakorik egin, eta oraingoz ez du halakorik egingo, defizit publiko handia are gehiago ez handitzeko. Gauzak horrela, orain arte indarrean jarritako neurri mugatuekin jarraitzea erabaki du, eskua zerbait zabaldu badu ere. Horien artean dago autoa lanera joateko derrigorrez behar dutenei emandako laguntza herritar gehiagori zabaltzea.
Maud Bregeon Frantziako Energia ministroak gaur azaldu duenez, beste bi hilabetez zabaldu dute «gidari handiak» deitzen direnek jasotzen duten laguntza zuzena, ehun euro hilero. Orain arte hiru milioi lagunek zuten laguntza hori eskatzeko aukera —errenta jakin batetik behera izan eta egunero lanera joateko gutxienez 30 kilometro egiten bazuten—, baina orain beste 2,5 milioi laguni zabalduko zaie laguntza. Bakarrik bizi direnei dagokienez, lehen 1.508 euroren soldata garbia zutenek zuten laguntza jasotzeko aukera, eta orain 2.035 eurora arteko saria dutenek ere eskatu ahal izango dute; bi seme-alaba dituzten bikoteei dagokienez, berriz, 4.525 eurotik 6.100era handitu dute laguntza jasotzeko muga.
Azken hilabeteetan laguntza hori jaso dutenek automatikoki eskuratuko dute urrian eta azaroan, eta besteek «sistema sinplifikatu bat» izango dutela agindu du Bregeonek.Â
Era berean, energia ordaintzeko laguntza berezia beste urtebetez luzatzea erabaki du Sebastien Lecornuren gobernuak. Hori bai, lehen apirilean jasotzen zen dirua, eta orain urtarrilean ordaintzen saiatuko dela agindu du gobernuak.
Sektorekako laguntzei dagokienez, Frantziako Gobernuak erabaki du garraiolariei emandakoa kentzea, argudiatuz garraiolariak «legez behartuta» daudela beren kostu gehigarriak beren bezeroei pasaraztera. Abenduaren 31 arte luzatu dituzte, berriz, beste sektore batzuek jasotakoak, hala nola laborariek, arrantzaleek, eraikuntza arloko enpresek eta etxez etxeko osasun langileek eskuratzen dituztenak.Â
Europako Batasunean, lau lurraldeetan baizik ez da prezioa Frantzian eta Ipar Euskal Herrian bezain garesti. Gerra hasi zenean, gasolio litroak batez beste 1,7 euro balio zituen Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gasolindegietan, baina, gaur-gaurkoz, 2,3 euroan salerosten ari da. Hau da, 60 zentimo inguru garestitu da: %35. Gasolina ere antzera zegoen Donald Trumpek Irani eraso egitea erabaki aurretik, 1,74 euroan, eta orain bi euroren langa gainditu du batez beste.
407Zenbat milioi euro gutxiago bildu duten erregaiaren gaineko zergetan. Frantziako Gobernuak ukatu egin du erregaien garestitzeari etekina ateratzen ari zaiola. David Amiel Kontu Publikoetako ministroaren arabera, kontsumoaren jaitsieraren eraginez, iaz baino 407 milioi euro gutxiago bildu dituzte.
Merkeagoa da erregaia Hego Euskal Herrian. Historikoki hala izan da —zergak txikiagoak direlako—, baina tartea zabaldu da azken hilabeteetan, zerga horiek beraiek arindu dituelako Espainiako Gobernuak. Martxoan, erregaiaren gaineko BEZa %21etik %10era apaldu zuen, eta hidrokarburoen gaineko zerga gutxitu zuen. Ekainean, prezioek behera egin zutenean, BEZa %21era itzuli zen, baina erregaien gaineko deskontuek indarrean jarraitu zuten. Madrilen asmoa zen hiletik hilera txikitzea, eta hori gertatu zen abuztura arte, baina irailean gasolioaren deskontua berriro hogei zentimora igo zuen, erregai hori asko garestitu zelako; gasolinarena, ordea, litroko bost zentimora apaldu zuen. Deskontu horiek irailean dira amaitzekoak, baina pentsatzekoa da molde batera edo bestera luzatu egingo dituztela.Â
Hego Euskal Herrian ere gutxitu da erregaien kontsumoa. 2018an goia jo zuenetik apaldu egin da, %1 inguru urtean, baina aurtengo lehen zazpi hilabeteetan jaitsiera %2,5ekoa izan da. Horrek eta deskontuek eragina izan dute zerga bilketan ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ogasunek 787 milioi euro bildu dituzte aurten hidrokarburoen gaineko zergaren bidez, iaz baino ia ehun milioi gutxiago.
Jaka horiak gogoan
Gobernuak kosta ahala kosta eragotzi nahi du Jaka Horien mugimendua berpiztea edo haren antzeko beste protesta bat gertatzea. 2018ko azaroan abiatu zen haserre erakustaldi hura, eta Frantziako Gobernuak erregaiaren gaineko zerga emendatzeko asmoa izan zen protesten eragile nagusia. Hainbat astez, bideak blokeatu zituzten milaka lagunek, errepidean arazo bat izanez gero beste gidariek ikusi ahal izateko jaka horiak soinean zituztela. Protesta indartsua izan zen hainbat astez, eta azkenean atzera egin behar izan zuen Emmanuel Macron presidenteak.

Bizimoduaren garestitzeari lotutako beste eskaera batzuekin protestari eusten saiatu ziren jaka horietako batzuk, baina azkenean itzali egin zen. Edonola ere, haserreak Macronen agintaldia markatzeko balio izan zuen, orduz gero ez baita gai izan gainetik kentzeko orduan zabaldutako irudia: aberatsen presidente izatearena.
Brent upela, berriro ehun dolarretik behera
Saudi Arabiak bere petrolioa esportatzeko zailtasunek Brent upela ehun dolarretik gora eraman zuten berriro joan den astean, eta 109 dolarrean ere salerosi zen. Baina badirudi Saudi Arabia gai dela bere arazoak konpontzeko, eta horrek berriro ehun dolarreko langatik behera eraman du gaur erreferentziazko upela; 97-98 dolarrera, hain zuzen ere. Egunaren amaieran, Donald Trumpek NBEn egindako hitzaldiaren ondoren, berriro ehun dolarrera heldu da.
Bi arrazoik azaltzen dute petrolioaren prezioaren beherakada, txikia bada ere. Batetik, azken egunotan Ormuzko itsasartetik petrolio gehiago ateratzea lortu du Riadek, nahiz eta inguru horretan erasoak oraindik ez diren erabat eten.Bestetik, Ormuz itxia izan duenean erabilitako alternatiba, Ekialdetik Mendebalderako hodia, konpontzeko lanek aurrera jarraitzen dute, eta aste honetan bertan irekiko duten zurrumurrua zabaldu da. Petroliobide horretatik egunean zazpi milioi upel garraiatzeko eta horietatik bost milioi esportatzeko gai izan da Saudi Arabia —beste biak barne kontsumorako dira—, bainaÂ
irailaren 10ean itxi egin behar izan zuen, Iraketik egindako eraso baten ondorioz. Horri batu zaizkio, gainera, Yemengo huthiek Saudi Arabiaren hego-mendebaldeko petrolio instalazioen aurkako erasoak eta saudiarabiarren ontziei Bab el-Mandeb itsasartea ez zeharkatzeko egindako mehatxua.Â
Iragan astean, Itsaso Gorritik Europara petroliorik ez zuela esportatuko jakinarazi zuen Riadek, baina orain, Bloomberg agentziaren arabera, Asiako findegiei esan die
joan daitezkeela dagoeneko hodi horren amaieran dagoen portura, Yanbura.
Â