Atzerako kontu batean sartu da Alemania, eta, haren pisu ekonomikoaren ondorioz, baita Europako Batasun osoa ere. Hamar eguneko atzerako kontu bat izango da, jakiteko Errusiak Nord Stream 1 gasbideko hornikuntzarekin jarraituko ote duen ala erabat etengo duen.
Hilaren 21ean gasa berriro Baltiko azpitik zirkulatzen hasten bada, aldi baterako arnasa hartuko dute Alemaniak eta EBk, eta atzeraldi ekonomikoaren arriskua pixka bat urrunago egongo da; gasbideak hutsik jarraitzen badu, baliteke gasaren errazionamendua hastea, industrietatik hasita, eta, fabrikak geratu ahala, atzeraldi bat ekar dezakeen domino efektu bat abian jarriko litzateke. Erantzuna datorren asteko ostegunetik aurrera jakingo da, baina Berlingo gobernuak aitortu du okerrena espero duela, Moskutik iristen zaizkion komentarioak kontrajarriak baitira.
Edonola ere, Susanne Ungrad Alemaniako Ekonomia Ministerioko eledunak ziurtatu du oraingoz ez dutela alertaren hirugarren maila ezarriko. Horren bidez, Alemaniako Gobernuak eskubidea du gasa errazionatzeko. Hala egingo balu, familiek, ospitaleek eta zerbitzu publikoek izango lukete lehentasuna.
Berez, aurreikusitako geldialdi tekniko bat da Nord Stream 1 gasbidearena, ohiko mantentze lanak egiteko. Baina egoera ezohikoa da: gasa eta energia gerrarako arma dira Errusiarentzat, eta bahimendua, berriz, EBrentzat. Kontraesanez betetako joko batean murgilduta daude bata zein bestea. Ukraina inbaditzeagatik EBk Errusia zigortu nahi du, eta badaki zigorrik handienetako bat dela haren gasa erosteari uztea, zaila duelako beste edonori saltzea. Baina hori egin ahal izateko, aurretik bere gas biltegiak ahal bezainbeste bete behar ditu EBk, neguan etxeak berotzeko, fabrikek funtzionatzeko eta argindarra sortzeko nahikoa gas egon dadin. Eta, horretarako, ia derrigorrezkoa da Errusiako gasa, etorkizun ez oso urrun batean erosi nahiko ez duen gasa. Alemaniaren biltegiak, esaterako, %64 daude beteta gaur egun, baina oraingo erritmoan hiru hilabete beharko lirateke %80ra iristeko.
Kontraesana du Moskuko gobernuak ere. Gerra ekonomiko bat deklaratu dioten herrialdeak gasez hornitzen ari da, haiei laguntzen berarekiko mendekotasuna behin betiko hausten. Baina, aldi berean, gas horrek ematen dizkion diru sarreren beharra dauka, bere kutxak betetzen dituen iturri nagusietako bat baita.
Gainera, gasa eteteko aukera presio egiteko duen arma bat da, eta presio horrek handitzen ditu prezioak. Atzo, 175 eurotik gorako prezioa zuen gasaren megawatt batek Herbehereetako TTF erreferentziazko merkatuan: duela urtebete 21 euro eskas ziren, eta duela hilabete, berriz, 85 euro.
Gauzak gehiago nahasteko, bada Errusia eta Alemania lotzen dituen beste gasbide bat: Nord Stream 2. Udazken hasieran bukatu zuten, baina ez du gasik garraiatzen, Ukrainako gerraren atarian Berlinek haren balioztatzea eten egin zuelako.
Badira aste batzuk Nord Stream 1en fluxua ohi baino txikiagoa dela. Errusiak arrazoi teknikoak argudiatu zituen, Siemensen turbina bat falta zela, eta Kanadako Gobernuak bere lurretan blokeatua zuela, Moskuren aurkako zigorren ondorioz. Erabaki teknikoa izan beharrean politikoa zela argudiatu du Alemaniak, Gazpro-mek badituela beste turbina batzuk, baina, Moskuri aitzakiak kentze aldera, Kanadako Gobernuari eskatu zion makina Gazpromen esku uzteko. Eskaera bete egingo duela baieztatu zuten Ottawako agintariek larunbatean.
Alemaniak beste bi gasbidetatik lortu du Errusiako gasa. Bata Jamal da, Bielorrusiatik eta Poloniatik barrena Alemania ekialdera ere iristen dena. Baina itxita dago, Poloniak uko egin zionetik Errusiari gasa errublotan ordaintzeari. Ukraina zeharkatzen duen Soiuz gasbidearen adarrak ere iristen dira Alemaniara, baina hortik ohi baino gas gutxiago garraiatzen ari da Gazprom.
Itxi bai; ireki, auskalo
Nord Stream 1 gasbidea itxi dute mantentze lanetarako, eta Alemania beldur da Errusiak ez duela berriz irekiko eta errazionamendua eta atzeraldia hasiko direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu