Enpresak

Jaurlaritzak berretsi du Euskaltelen akzioak erostea aztertzen ari dela

Eusko Legebiltzarrak gobernuari eskatu dio «analizatzeko» zer aukera duen. Akzioen %1 bakoitzak 16 milioi euro balio ditu gaur egun

Euskaltelen burtsaratzea 2015ean egin zen. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 14a
21:19
Entzun

Euskaltelek beste akziodun bat izan dezake aurki: Eusko Jaurlaritza. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak onartu egin du telekomunikazio enpresaren parte hartzeak erosteko aukera «aspaldi» aztertzen ari direla. Ez du esan, ordea, noiz sartuko diren: «Erabakia jakinaraziko dugu erabakia hartzen dugunean. Tentuz jokatu behar dugu; ezin dugu egunero hedabideetan agertu erosiko al dugun ala ez esaten». Horrela erantzun dio Tapiak Euskaltelen esku hartzeko aukera «aztertzeko» eskatu dion Eusko Legebiltzarraren proposamen bati.

Arantxa Tapiak estreinakoz Berria-n esan zuen Euskaltelen sartzeko aukera bazuela Jaurlaritzak, joan den otsailean argitaratutako elkarrizketan. Horregatik, kazetarien aurrean egindako agerraldian, Tapiak esan du "harritu" egin duela talde parlamentarioek berritasun gisa hartzea.

Erosketa gauzatuko balitz, Jaurlaritza ez litzateke izango akziodun berri-berria, Gasteizko gobernua izan baitzen telefono konpainiaren bultzatzaile nagusia, 1990eko hamarkadan. Akziodunen artean izan zen 2012an bere zatia saldu zuen arte, telekomunikazio sarearekin batera. Baina, orduz gero gauzak asko aldatu dira. Konpainia Kutxabanken kontrolpean utzi zuen Jaurlaritzak, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ziren haren merkatua.

Gaur egungo Euskaltel desberdina da. Askoz enpresa handiagoa da —kable bidezko telefoniako konpainia bat erosi du Galizian eta beste bat Asturiasen, eta Nafarroan, Errioxan eta Katalunian ere zabaltzen ari da—, eta haren akziodun nagusia Zegona inbertsio funts britainiarra da (%21 ditu). Helburu bakar bat duen talde bat: Euskaltelen egindako inbertsioari etekina ateratzea. Nola egiten da hori? Euskaltelen akzioaren prezioa igoaraziz eta beste norbaiti salduz.

Helburuen talka

Helburu horrek talka egin dezake Jaurlaritzaren eta euskal ekonomiaren interesekin. Batetik, Zegonak erabaki dezake Euskal Herriarekiko lotura txikitzea, dela egoitza beste leku batera eramanda, dela atzerriko hornitzaileak lehenetsita. Arazoa are handiagoa izango litzakete Zegonak konpainia sektoreko multinazional baten esku utziko balu.

Zegonak esan du oraingoz ez duela horretarako asmorik, eta keinu gisa, Xabier Iturbe Kutxabankeko lehendakariordea izendatu berri du presidente. Kutxabank akziodun handienetan bigarrena da, %19,8rekin.

Zegonak Euskaltel salduko duen egunak, ordea, urrun dirudi. Dirua egin ahal izateko hamar eurotik gora egon beharko lukeelako Euskaltelen akzioa, eta atzo 8,9 euroan salerosi zen. Horrek esan nahi du ia 1.600 milioi euro balio dituela Euskaltelek: akzioen %1, beraz, 16 milioi dira.

Legebiltzarraren eskaera

Euskaltelen errotzeari buruzko kezka azaldu dute konpainiako sindikatuek eta alderdi politiko gehienek, batez ere Zegonako buruak esan zuenetik aztertzen ari zirela Euskaltelen ondasun inportanteena saltzea, zuntz optikoaren sarea.

Gaur, Jaurlaritzari akzioak erosteko eskatzen dion EH Bilduren proposamen bat iritsi da Eusko Legebiltzarrera. Ez du aurrera egin, baina bai, ordea, aukera hori «aztertzeko» eskatu zuen EAJren eta PSE-EEren moldaketa batek. «Ahalegin bat eskatu nahi diogu Jaurlaritzari, errotzea are bermatuagoa geratu dadin», azaldu zuen Luis Javier Telleria EAJko legebiltzarkideak.

Akzioen %6

Zuzenketa onartu du EH Bilduk. «Aurrerapausoa da», Iker Casanovaren hitzetan. «Emaitzak frogatzen du EH Bilduren presioa gobernua mugiarazten ari dela, zeren eta EAJk eta PSEk, bai eta Jaurlaritzak berak ere, hasieran Euskaltelen ezer egiteko aukerarik ez zegoela esaten baitzuten, baina orain akzioak erostearen bidea aztertu beharrekoa dela onartu dute». Casanovak akzioen %6 erosteko eskatu dio Jaurlaritzari; Kutxabanken zatia batuz gero, erabaki garrantzitsuak blokeatzeko gutxienez akzioen %25 izango lituzketelako horrela.

Jaurlaritza Finkatuz funtsa sortu nahian dabil akzioak erosteko. Aurrekontu proiektuak 75 milioi euro aurreikusi ditu funts horretarako. Jaurlaritzak CAFen %1,24 eta Kaikuren %7,3 erosi ditu azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.