Eustatek duela bi aste kaleratu zituen bigarren hiruhilekoari buruzko kontu ekonomikoak, eta berretsi zuen ekonomiaren hazkundea sendoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du datu horiei buruz, iritzita enpresak egungo nazioarteko egoera ziurgabeari erantzuten ari zaizkiola. Ondorioz, 2025erako hazkunde iragarpena hamarren bat igo du: uztailean iragarritako %2,1etik oraingo %2,2ra. Baikorra da datorren urtera begira ere, barne produktu gordina %1,9 haziko dela uste baitu, hau da, espero baino bi hamarren gehiago.
Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren taldeak uste du jarduera ekonomikoa areagotu egingo dela amaitzear dagoen hiruhilekoan, eta apur bat motelduko dela ondorengo hilabeteetan. Hala ere, 2026tik aurrera hazkunde erritmoari eusteko gai izango dela iritzi dio: %2 haziko baita lehen bi hiruhilekoetan, eta %1,9 hirugarrenean eta laugarrenean.
Jaurlaritzak nabarmendu duenez, Eustaten azken berrikuspenak erakusten du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia gai dela nazioarteko ingurune zailari eusteko, bereziki esportazioetarako giltzarri diren herrialdeetan, hala nola Alemanian eta Frantzian. Izan ere, hasieran aurreikusi baino hiru hamarren gehiago hazi zen ekonomia aurreko bi urteetan: %3 2023an eta %2,5 2024an.
«Datu horiek agerian uzten dute gure ekonomiaren indarra. Euskadik jakin du norabidea mantentzen zalantzaz beteriko nazioarteko testuinguruan, eta gaur esan dezakegu konfiantzaz eta oinarri sendoz ekingo diegula datozen urteei, aukerak sortzen jarraitzeko», esan du Torresek.
Sailburuak ez du baztertu aurten ekonomia espero baino gehiago haztea, baldin eta kanpo merkatu nagusien egoera zertxobait hobetzen bada; izan ere, bereziki horrek jartzen dio galga industria jarduerari. Bigarren sektorea aurten %0,4 haziko dela espero du Jaurlaritzak. Esportazioei dagokienez, halere, «suspertze zantzuak» ikusten ditu, eta aurreikusten du 2025ean %2 eta 2026an %3 handituko direla.
Edonola ere, EAEko ekonomiaren hazkundearen motor nagusia zerbitzuak izango dira. Aurreikuspenen arabera, etxeko kontsumoak %2,7 egingo du gora 2025ean, lan merkatuaren bilakaera onari eta inflazio neurritsuagoari esker. Eraikuntza sektoreak ere lagunduko du bide horretan, Jaurlaritzak 2025 osorako %2,5eko hazkundea aurreikusi baitio sektore horri.
Langabezia tasa, %6ra
Hazkunde horri esker Jaurlaritzak espero du aurten 14.000 lanpostu sortuko direla, eta beste 11.000 datorren urtean. Horrenbestez, langabezia tasak jaisten jarraituko du: batez beste %6,4koa izango da 2025ean, eta %6,3ra jaitsiko da 2026an. Are gehiago, 2026ko hirugarren hiruhilekoan %6,1eko tasa baizik ez du espero, txikiena 2008az geroztik.
Horiek hala, Torresek adierazi du Jaurlaritza baikorra dela datozen urteei begira, iritzi baitio ekonomiak eutsi egingo diola gaur egun duen sendotasunari. Sailburuak azpimarratu du horretarako «funtsezkoa» izango dela Jaurlaritzak gaur onartu duen Industria Plana, hain zuzen ere.