Bestela ere aldapatsua zen bide bati malda handi bat gehitu zaio azken egunetan, pikoena ziurrenik: Tubos Reunidos erosteko bost hautagaietako bakar ere ez dago prest enpresak SEPIrekin duen zorra bere gain hartzeko. Hori ikusita, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak jakinarazi du bihar SEPIrekin eta bost hautagaiekin bilduko dela, bi aldeek bakoitzaren baldintzak eta proposamenak partekatu ditzaten.
Eusko Jaurlaritzak gaur eginiko Gobernu Kontseiluaren ostean mintzatu da Jauregi, eta adierazi du Tubos Reunidosen etorkizuna «luzapen denboran» dagoela. Konpainiak 300 milioi euroko zorra du, eta erdia, 150 milioi inguru, SEPIrekin du: Espainiako Ogasun Ministerioaren menpeko enpresa publiko horrek 112 milioi euroko mailegua egin zion 2021ean, enpresa erreskatatzeko asmoz; gaur egun, 150 milioiko zorra bihurtu da, eta Industria sailburuak ohartarazi du SEPIk zor hori kitatu ezean Tubos Reunidos «likidaziora kondenatuta» dagoela.
Mailegua itzultzeko baldintzak malgutzeko borondatea duela adierazi zuen atzo SEPIk: haren presidente Belen Gualdak Tubos Reunidoseko hartzekodunen konkurtsoko kudeatzaileari esan zion prest zegoela bost hautagaien eskaintzak aztertzeko. Jauregik, ordea, jakinarazi du SEPIk zorraren interesak murriztea eta mailegua ordaintzeko epeak luzatzea proposatzen duela soilik, eta hori ez dela nahikoa: «Hori ZIUan dagoen gaixo bati aspirina bat ematea bezala da».
SEPIren itxaropena
Tubos Reunidos erosteko bost hautagaiek eginiko eskaintzak behin-behinekoak dira, eta badute tartea abenduko lehen astera arte atzera egiteko: hain zuzen, Jauregik argi adierazi du hala egingo dutela SEPIk zorra kitatzen ez badu. Gainera, jakinarazi du SEPIk itxaropena duela mailegua bere gain hartzeko prest dagoen erosle bat aurkitzeko.
Industria sailburuak dio hori «ia ezinezkoa» dela, enpresa erosteko eskaintzarik handiena halako bost baita zorra: Tubos Reunidos erosteko hautagaiek eginiko eskaintzarik handiena 27,5 milioi eurokoa da. Hortaz, azpimarratu du egoera «larria» dela, epailea «prozesua amaitutzat ematear» baitago. Halere, Jauregik espero du SEPIk iritzia aldatuko duela biharko bileran erosleen baldintzak eta proposamenak entzutean. «Tristea izango da erreskatatzeko balio izan zuen hori orain Tubos Reunidos itsas hondora eramango duena izatea», gehitu du.
«Guztien ongizatea»
Zorra kitatzeaz mintzatuta, Jauregik adierazi du hodigintza enpresa erosteko konkurtsoaren fase batean argitaratutako txosten batek mailegua berregituratzea proposatzen zuela, enpresaren bideragarritasunari bide emateko: «Baldintza hori onartuta egin zituzten lehen eskaintzak bost hautagaiek».
SEPIk, gerora, Europako Batzordeari galdetu zion ea posible zuen Espainiako Gobernuak zorra aldebakarrez kitatzea, eta hark ezezkoa erantzun zuen. Horrek erosleak «uxatu» dituela gaitzetsi du Jauregik: hautagaietako bat, Welspun Group Indiako multinazionala, Tubos Reunidosek Trapagaranen (Bizkaia) duen lantegiko langile batzordearekin biltzekoa zen aurreko astean, baina Europako Batzordearen erantzunaren ostean denbora gehiago eskatu zuen egoera aztertzeko, eta bilera bertan behera utzi zuen.
Industria sailburuak nabarmendu du «guztien ongizatea» lehenetsi behar dela beste ezeren gainetik, eta hori Tubos Reunidos erreskatatzea dela: «Arrazoia zeinek duen esan beharrean, ahalik eta azkarren mugitzea dagokigu». Aipatzekoa da Tubos Reunidos bereganatzeko bost eskaintzek langile kopurua murriztea eta lan baldintzak okertzea aurreikusten dutela.
Guztira 1300 langile ditu enpresak, horietatik 400 Trapagarango lantegian, 900 Amurriokoan, eta 60 Iruña Okakoan. Hain zuzen, ESK sindikatuak adierazi du Tubos Reunidosen egoera konpontzeko proposamen orok hiru lantegien jarduerari eustea bermatu behar duela. Horrez gain, konpainia erosteko konkurtsoko administratzaileari, instituzioei eta erosle posibleei eskatu die lanpostu guztiak defenda ditzatela eta lan baldintzak errespeta ditzatela.