Jaurlaritzak eskatu du argindarra merkatzeko neurriak iraunkor bihurtzeko

Jauregik ohartarazi du egungo prezioek kalte egiten diotela enpresen lehiakortasunari, eta inbertsio berriak baldintzatzen dituztela.

 Mikel Jauregi sailburua, eskuinean, Eusko Legebiltzarrean gaur egindako agerraldian. BERRIA
Mikel Jauregi sailburua, eskuinean, Eusko Legebiltzarrean gaur egindako agerraldian. BERRIA
jokin sagarzazu
2026ko apirilaren 21a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Mikel Jauregiren esanetan, gaur egungo sistema elektrikoak «paradoxa argi bat» erakusten du: Iberiar penintsulan energia ekoiztea merkea da, baina kontsumitzaileek ordaintzen duten azken prezioa Europako altuenen artean dago. Horrek, haren arabera, zuzenean eragiten dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriaren lehiakortasunari.

Jauregik azaldu duenez, bertako enpresek Frantziakoek baino %65 gehiago ordaintzen dute elektrizitateagatik, eta Alemaniakoek baino %37 gehiago. Desberdintasun horren jatorria fakturan pilatzen diren karga fiskal eta arautzaileetan dago: zergetan, bidesarietan eta bestelako kostu erregulatuetan.

Hala, Jaurlaritzak uste du ezinbestekoa dela «egonkortasun handiagoa bermatzea», eta horretarako iraunkor bihurtu behar direla Espainiako Gobernuak aldi baterako hartu dituen neurriak. Besteak beste, elektrizitatearen BEZa %10ean mantentzea, sareko bidesarien zati bat diruz laguntzea eta sorkuntzari ezarritako zerga kentzea proposatu du. Jauregiren hitzetan, «industria ezin da ziurgabetasunean bizi; arau argi eta egonkorrak behar ditu».

Jaurlaritzak onartu du neurri horiek «inpaktu bat» izango luketela aurrekontuetan, epe laburrera begira ditu gutxiago biltzea ekarriko luketelako, baina uste du luzera begira «industria handiagoa, enplegu gehiago eta ongizate zabalagoa» sortuko liratekeela, eta horrek «inpaktu positiboa» izango lukeela kontu publikoetan.

«Entxufeak» faltan

EH Bilduk eskatuta egin du agerraldia Jauregik Eusko Legebiltzarreko batzordean. Energiaren prezioaz gain, azpiegitura elektrikoaren egoera ere aipatu du. Haren esanetan, EAEk ez du behar adinako sare gaitasunik industria berriak erakartzeko edo dauden enpresen elektrifikazioa erabat gauzatzeko. Gogoratu du Espainiako Gobernuarekin adostu dutela potentzia %40 handitzea, baina orain hori gauzatzeko «entxufeak jarri» behar direla.

Horren harira, jakinarazi du Jaurlaritzak onartu duela Iberdrolak aurkeztutako inbertsio plana. 2027-2029ko epealdirako 332 milioi euro jarriko ditu EAEko sare elektrikoan —urtean 110 milioi euro—. Horren %75 sarea hedatzeko eta indartzeko baliatuko du, eta gainerakoa, sarearen digitalizaziorako eta modernizaziorako.

Jauregik azaldu duenez, planak kontuan hartzen ditu industria handien, enpresa txiki eta ertainen eta etxebizitzen beharrak, baita ibilgailu elektrikoaren hedapena ere. Zehaztu du azken bi urteetan enpresa txikien elektrifikazio eskaerak nabarmen egin duela gora, eta haien potentzia eskaerak hiru halakotu egin direla.

Nahiz eta inbertsioak handiak izan, Jaurlaritzak ohartarazi du ez direla nahikoa. Jauregik jakinarazi du bere saila «autobide erregulatzaile» bat prestatzen ari dela, epeak murrizteko eta proiektu estrategikoak desblokeatzeko helburuz. Besteak beste, sarearen garapena azkartu egin behar dela uste du; hala, Madrili eskatu dio sare elektrikoaren planifikazioa lehenbailehen onartzeko eta banatzaileen ordainsari sistema berrikusteko. Halaber, arlo horretan dauden muga erregulatzaileak malgutzea proposatu du, inbertsio handiagoak egiteko aukerei bide emateko.

Energia berriztagarriak eta autokontsumoa

Horiek Madrili eginiko eskaerak, baina Jaurlaritzak zer egin dezake? Sailburuak azaldu duenez, 2030era begira energia berriztagarrien ekoizpen ahalmena bikoizteko plana abiatu du Jaurlaritzak. Gaur egun, EAEn kontsumitzen den energiaren %7,9 da berriztagarria, eta kopuru hori %15 izatea nahi du. EH Bilduko Ander Goikoetxeak gogorarazi dio 2021-2024ko aldirako planean %20ko helburua ezarri zutela, baina ez zutela bete.

Orain jarritako helburua betetzeko, Jaurlaritzak 80 milioi eurotik gora jarriko ditu, enpresa pribatuekin lankidetzan, hala nola Iberdrolarekin eta Solariarekin. Azpiegitura eoliko eta fotovoltaikoen bidez 450 megawatteko potentzia gehitu nahi dute sarera.

Autokontsumoak ere protagonismo berezia hartuko du datozen urteetan Jaurlaritzaren planetan. Jauregik nabarmendu duenez, oso denbora laburrean, sarean dagoen autokontsumo ahalmena zazpi megawattetatik 193 megawattera igaro da, eta aurreikusi dute 2030erako beste 300 megawatt gehitzea autokontsumoan.

Halaber, beste neurri batzuk bultzatuko ditu Jaurlaritzak: adibidez, enpresek epe luzerako energia kontratuak (PPA) sinatzea, industriari prezio egonkorragoak bermatzeko eta merkatuaren gorabeheren mendekotasuna murrizteko; baita hidrogeno berdearekin loturiko azpiegiturak egitea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA