Autonomia energetikoa lortzeko beste pauso bat eman nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta iturri berriztagarrien bitartez sortzen den elektrizitate kantitatea bi halakotu. Lankidetza publiko-pribatuaren bidez laurogei milioi euro inbertitzeko asmoa dute 2030era bitartean, proiektu fotovoltaiko eta eoliko handiak garatzeko. Bide horretan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azpiegitura horiek jartzeko «lehentasunezko eremuak» zeintzuk izango liratekeen zehaztu du Energiaren Euskal Erakundeak.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren gaurko bilkuraren ostean eman du horren berri Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak. Aurkeztutako ereduak energia iturri berriztagarriak «modu errealista eta arrazionalean» hedatzeko baldintzak ezartzen ditu, adierazi duenez.
Izan ere, zera ohartarazi du Jauregik: «Euskadik aurrera egin behar du autonomia energetikorako bidean, elektrizitate berriztagarria sortzeko gaitasuna garatuz. Euskadiren autonomia eta segurtasun energetikoa indartu nahi ditugu, gure etxeak eta industriak ez daitezen kalteberak izan kanpoko shock energetikoekiko».
«Euskadiren autonomia eta segurtasun energetikoa indartu nahi ditugu, gure etxeak eta industriak ez daitezen kalteberak izan kanpoko shock energetikoekiko»
MIKEL JAUREGI Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua
Urrats hori eginda, Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egingo luke energia berriztagarria sortzeko duen gaitasuna, eta aurrera egingo luke autonomia energetikoa lortzeko bidean. «Helburua hornidura segurtasun handiagoa, industria lehiakortasuna eta gizarte ongizatea bermatzea da», azaldu du sailburuak. Proiektu eoliko eta fotovoltaiko horiekin 450 megawatt sortzea aurreikusi dute. «Honela, eta 2030era arte autokontsumoan iragarrita dauden hirurehun megawattak gehituta, bikoiztu egingo da berezko elektrizitate sorkuntzaren ratioa, %7,9tik %15era arte».
Sailburuak emandako datuen arabera, azken bost urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan autokontsumorako instalatutako potentzia 186 megawatt handitu da: 2020an zazpi megawattekoa zen, eta 2025ean 193 megawattekoa da. «Autokontsumoari dagokionez, joera hori lagungarria izango da 2030a baino lehenago Europako mailara iristeko», nabarmendu du.
Bete beharreko irizpideak
Energiaren Euskal Erakundeak ezaugarri hauek betetzen dituzten lekuak lehenetsiko ditu, ordena honetan: eguzkiak edo haizeak jotzea, ingurumen eta hirigintza bideragarritasuna, azpiestazio elektrikoa hurbil —gehienez hamabost kilometrotara— egotea, eta proiektuaren bideragarritasun komertziala.
Irizpide horiek kontuan hartuta hiru mapa osatu dituzte, eta proiektu fotovoltaiko eta eolikoak egiteko eremua EAEko lurraldearen %0,2ra murriztu. «Horrela, proiektu horien hedapena baliabide gehien dauden, eragin txikiena duten, saretik hurbil dauden eta ahalmen ekonomikoa duten lekuetara mugatzen da», diote Jaurlaritzako arduradunek.
Energiaren Euskal Erakundeak plazaratutako hedapen eredua aplikatzen ari dira dagoeneko: irizpide horiek beteko dituzte, hain zuzen, Oiongo Labraza herrian (Araba) egitekoak diren parke eolikoak eta lurralde bereko Armiñon herriko Ekienea planta fotovoltaikoak. Azken hori izango da «Euskadiko handiena», 108 megawatteko potentzia instalatuko baitute.