Sindikatuek «arduragabekeria» leporatu diote Jaurlaritzari, Bazka Mahaiaren bilera irailera atzeratzeagatik

UAGA, Enba eta EHNE sindikatuek uste dute deialdia «berandu» datorrela, eta «berehalako neurriak» hartzeko eskatu dute. Jaurlaritzak inkesta egin die abeltzaintzako 435 ustiategiri, bazka beharrak detektatzeko.

Behiak, Abadiñoko San Blas azokan. JAZKI FONTANEDA / FOKU
Behiak, Abadiñoko San Blas azokan. JAZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko abuztuaren 20a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo lehortea arazo ugari ekartzen ari zaie nekazariei, eta, esaterako, lehortearen eraginez asko murriztu da abereen jana soro eta larreetan. Horretaz jakitun, Bazka Mahaia eratu zuen Eusko Jaurlaritzako Elikadurako, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Arrantzako Sailak duela hilabete inguru, eta orain iragarri du irailaren lehenengo astean egingo duela mahaiaren hurrengo bilera. Iragarpena ez da sindikatuen gogokoa izan; UAGA, ENBA eta EHNE sindikatuek salatu dute deialdia ez dietela aldez aurretik jakinarazi, eta «prentsaren bidez» izan dutela haren berri. Gainera, egoeraren larria ikusita, iruditzen zaie bilera irailean egitea «beranduegi» biltzea dela. 

Sindikatuen ustez, ez da onargarria horrelako erabakiak «alde bakarrez» hartzea, «sektorearekin inolako komunikaziorik izan gabe». Haien iritziz, horrek erakusten du zein den Nekazaritza Sailaren jokabidea: «Abeltzainen beharretatik oso urrun daude».

Sindikatuen esanetan, abelburuak «lehorte historiko baten ondorioak» ari dira pairatzen, «eta, bitartean, Nekazaritza Sailari ez zaio beharrezkoa iruditzen neurriak hartzeko bidea azkartzea, eta bilera gutxienez bi astez atzeratzea proposatu du». Asmo hori «arduragabekeria» dela iritzi diote sindikatuek.

«Aziendei ez zaizkie axola abuztuko oporrak», erantsi dute. Horregatik, bilera lehenbailehen egitea eta «berehalako neurriak» hartzea galdegin dute.

«Sektoreak erantzun egin du; orain, askoz argazki zehatzagoa dugu gure ustiategien aparteko beharrei buruz»

AMAIA BARREDO Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburua

Neurri horietako zenbait zehaztu dituzte sindikatuek: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremutzat jotzea, uraren egoerari erreparatzea, erakundeen arteko mahai bat eratzea ura beharrik handiena duten lekuetara helarazteko, eta aldundiekin batera «legezko mekanismoak» ezartzea, aziendak auzo mendietan bazka daitezen baimentzeko.

Sindikatuek badakite lehorteak «gero eta ugariagoak» direla, eta beharrezkoa dela gerora begirako neurriak ere hartzea. Hala ere, uste dute oraingo egoera «oso larria» dela, eta baitezpadakoa dela hari erreparatzea beste ezertan pentsatzen hasi baino lehen.

Inkesta ustiategiei

Bazka Mahaiak bilera egin zuen abuztuaren 7an, eta lehenengo erabakia hartu zuen orduan: abelburuentzako bazka batera erostea, horrela prezio hobeak lortu ahal izateko. Mahaian, Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen inkesta bat egiteko ustiategien artean, haien elikadura beharrak zeintzuk ziren jakite aldera.

Lursail kudeaketa zentroaren bitartez egin dute inkesta, eta, Jaurlaritzak jakinarazi duenez, prozesu hori amaitu dute dagoeneko. 435 ustiategik erantzun dute: Arabako 86k, Bizkaiko 160k eta Gipuzkoako 177k. Gainerako hamabiek ez dute zehaztu nongoak diren. Erantzun dutenetatik %43 haragitarako behi azienden ustiategiak dira, %14 esnetarako behi aziendenak, %13 ardi eta ahuntz aziendenak, %12 zaldi aziendenak, eta %18 abeltzaintza mistokoak.

Inkestaren bidez, euren beharren berri eman dute ustiategiek: zer produktu mota eta zenbat behar duten, eta zer formatutan, hau da, bazka soltean, fardo handiak, fardo txikiak edo zatikiak behar ote dituzten.

«Lehorte historikoa dugu, baina Nekazaritza Sailari ez zaio beharrezkoa iruditzen neurriak hartzeko bidea azkartzea»

UAGA, ENBA ETA EHNE SINDIKATUAK

«Sektoreak erantzun egin du», adierazi du Amaia Barredo sailburuak. «Orain, askoz argazki zehatzagoa dugu gure ustiategien aparteko beharrei buruz».

Barredok azaldu duenez, hurrengo urratsa «informazio hori negoziazio gaitasun bihurtzea» izango da. Saila harremanetan jarriko da kooperatibekin eta elikagaien hornitzaileekin, eta egin beharreko eskaeraren zenbatekoa, behar dituzten elikagai motak, epeak eta abar negoziatuko dituzte. Eskaera bateratua eginda abeltzainentzat prezio eta baldintza hobeak lortzea da sailaren asmoa, eta, era berean, «tokiko ekoizpena lehenestea», bazka kanpotik ekarri ordez.

Jaurlaritzak irail hasierarako iragarri duten bilera horretan lotu nahi ditu erosketa bateratua egiteko azken xehetasunak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA