«Kaletar, jan bertakoa»

Bizkai osoko hainbat abeltzainek protesta egin dute Bilbon. Zera eskatu diete politikariei: EBren eta Mercosurren arteko akordioa indargabetzeko Europako Auzitegiak auzia ebatzi arte. Herritarrei, berriz, jakien jatorriari erreparatzea galdegin diete.

Nekazarien protesta Bilboko Kale Nagusian. 70 traktore eraman dituzte. MIGUEL TOÑA / EFE
Nekazarien protesta Bilboko Kale Nagusian. 70 traktore eraman dituzte. MIGUEL TOÑA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2026ko urtarrilaren 29a
15:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baserritarrok izango dugu janaria; hiritarrek, auskalo. Iragarpen hori irakur zitekeen Karrantzatik Bilborako 51 kilometroko bidea eginiko traktore batek aurrean zeraman afixa erraldoian. Kale Nagusia gurutzatu, eta Arriaga plazarainoko bidea protestan egin duten 70 makinetako bat izan da, eta ondo laburbiltzen du Bizkai osotik gerturaturiko abeltzainen eta baserritarren protestaren mezuetako bat: «Herritarrak dira gure itxaropena, haiek dira segurtasun uhala. Mezua argia da: jan bertakoa». Eskaera Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko bozeramaileak egin du.

EHNEren eta ENBAren deiari erantzunez, hiru traktore zutabe elkartu dira San Mamesko lautadan, irudi ikusgarria osatuz. Lehena iristen, handiena, Karrantzatik atera da; bigarrena Mungia ingurutik eta Txorierritik etorritako traktoreek osatu dute, eta hirugarrena, Durangaldetik, Busturialdetik eta Lea Artibaitik etorritakoek. Bilbon emandako orduetan herritar askoren arreta piztu dute, eta makina bat selfie, story eta bideotan aterako ziren. Helburua ikusmina piztea bazen, pozik itzul daitezke baserri eta behitegietara.

«Herritarrek, hiritarrek, bertako haragiaren kalitateari garrantzia eman diezaioten nahiko genuke. Askok ez dakite zer erosten duten. Mercosurrekin haragi merkeagoa egongo da, baina besteak beste kontrol neurriak ez direlako berdinak» EGOITZ AXPE Atxondoko abeltzaina

«Herritarrek, hiritarrek, bertako haragiaren kalitateari garrantzia eman diezaioten nahiko genuke. Askok ez dakite zer erosten duten», adierazi du Egoitz Axpek. Goizeko 07:00etan atera da Atxondotik, eta lau orduan iritsi da Bilbora —42 kilometro dira—. Gaztea da, eta azienda handia du: 50 behi, 100 ardi, 30 behor... Denak haragitarako, eta arduratuta dago EBren eta Mercosurren arteko akordioak izan dezakeen eraginaz: «Haragia merkeagoa izango da, baina, besteak beste, kontrol neurriak ez direlako berdinak. Guri kalte handia egingo digu».

Nekazarien protesta
Protestan parte hartu duten abeltzainetako batzuk, San Mamesko lautadan. OSKAR MATXIN FOKU

Traktoreak apaindu dituzten afixetan denetariko esaldiak irakur zitezkeen: Mercosurrek gu hiltzen gaitu, zuek pozoitu; Mercosurrek baserritarron heriotza dakar; Elikadura ez da merkantzia: Mercosur Stop... Azken horri egin dio erreferentzia Unzaluk protesta amaierako mezu politikoan: «Europako Auzitegiek gaiari buruz ebatzi artean Mercosurrekiko akordioa bertan behera gelditu dadila eskatzen dugu, eta gero berriz bozka dadila parlamentuan. Elikadurak nazioarteko merkataritza akordioetatik kanpo gelditu behar du, bai Mercosurrekiko akordiotik kanpo, bai Indiarekin sinatu berri duten horretatik kanpo». Nekazarien ordezkarien arabera, horrek 12 eta 24 hilabete artean atzeratuko luke akordioa indarrean sartzea.

Dermatosiaren mehatxua

Nekazaritzak emakume gehiago behar ditu eta politikari gutxiago zioen beste afixa batek, eta haren inguruan zeuden Hilda Egiguren eta Ainhoa Garrido. Artzentalesetik joan dira Bilbora, zintzarri handi bat hartuta, eta biek dituzte behiak. Kontsumitzaileei egin diete dei, haragiaren jatorriari errepara diezaioten, baina esan dute orain haien beldur handiena dermatosi nodularra dela. «Behi bat gaixotzen bada, ukuilu osoa sakrifikatu behar duzu. Neurri zorrotzegia da. Orain zerotik hasi behar baduzu, beste bide bati ekingo diozu».

«Elikadura merkataritza libreko akordioetatik atera behar da, bai Mercosurrekiko akordiotik, bai Indiarekin sinatutako horretatik. Elikadura eskubide bat da, ez merkantzia bat»

UNZALU SALTERAIN EHNE sindikatua

Arkaitz Larrauri 38 urteko laukiztarrak ere badu behitegia. Baserritik kanpo ere lan egiten du, haragiak ez baitio ia irabazirik ematen, haren hitzetan: «Bizitzeko adina, justu-justu». Lehen hogei buru zituen; orain, zazpi baino ez, eta azkenaldian bizirik saltzen ditu, beste batzuk loditu ditzaten: «Kostuak ikusita, dirua galduko nuke hala egingo ez banu». Eta beldur da Mercosurrekiko akordioaren ondorioz egoerak ez al duen okerrera egingo: «Niri kalte egingo dit, ziur, han ez baitago produktu fitosanitarioen inguruko kontrolik. Erosleak supermerkatuan okela erosten duenean, ez du begiratzen nongoa den, eta ez daki hemengo arauen ondorioz zenbat balio duen animalia horiek hazteak».

Nekazarien protesta
Nekazarien protestan parte hartu duten traktoreak, San Mamesko lautadan. BERRIA

Protestan ziharduen abeltzain gazteenetako bat Peio Ferreiro zen, 20 urteko muskiztarra. Duela bost hasi zen abeltzaintzan, eta egun 65 ardi eta zazpi behi ditu. Traktorean afixa zuen jarrita, eta Ez saldu gure etorkizuna mezua idatzita, bera baita sektorearen etorkizun: «Gazteok laguntzak behar ditugu, batez ere lur sailak lortzeko. Traba asko daude, eta lagundu egin behar gaituzte. Gazte asko gerturatu daitezke abeltzaintzara, baina berriz diot: laguntza behar dugu, bestela ez dago etorkizunik».

JBS HARAGI EKOIZLE ERRALDOIA, BRASILEN ETA DONOSTIAN

Unzalu Salterainek EHNEko bozeramaileak salatu du EBren eta Mercosurren arteko akordioak ez diela mesederik egingo Euskal Herriko baserritarrei, «ezta Hego Amerikakoei ere». Azaldu du haragi ekoizle handiek eta multinazionalek lortuko dituztela irabaziak, eta haiek egin dutela presioa akordioa sinatzeko prozesua bizkortu zedin. Horien artean JBS Brasilgo enpresa aipatu du; munduko haragi ekoizle handiena da, eta Brasilgo politikari eskuindar askoren kanpainak lagundu ditu. Horrez gain, nabarmendu du haragi sintetikoa ekoizteko Donostiako Miramonen eraikitzen ari diren instalazioen akziodun nagusia dela. 36 milioi euro inbertitu ditu.

Beste protestak

Bilbon ez ezik, Gasteizen ere batu dira nekazariak, kasu horretan UAGAk eta Atacak deituta. 150 traktorerekin egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarako bidea, eta han idazki bat eman diote Marisol Garmendia ordezkariari. Edurne Basterra UAGAko buruak ziurtatu du EBren eta Mercosurren arteko itunak arriskuan jartzen duela belaunaldi berriek zaharrenak ordezkatzea: «Inork ez du sektorean jarraitu nahiko». 

Baserritar Bilgunea
Baserritar Bilguneko kideak Irun eta Hendaia arteko bidea mozten, gaur goizean.

Gipuzkoako Baserritar Bilguneak, bere aldetik, Irun eta Hendaia arteko errepidea moztu du, Santiagoko zubian. Agroekologian aritzen diren nekazariak biltzen ditu talde berri horrek, eta bere «ahots propioa» defendatu nahi izan du, «elikadura sistema globalizatu, mendeko eta estraktibista baten erdian pertsonak elikatu eta lurraldea zaintzen duen eredu bat». Alde horretatik, salatu du EBren eta Mercosurren arteko itunak Atlantikoko bi aldeetako «agroindustriaren ereduan» sakonduko duela, eta horrek «zerealen esportazio masiboa, erregai fosilen menpekotasuna, lanaren prekarizazioa eta ingurumenaren suntsipena» dakarrela.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.