Kutxabankek inoiz baino gehiago irabazi du: 641,3 milioi euro

Hipoteketan emandakoa %26,3 handitu du, eta 5.911 etxebizitzaren eraikuntza finantzatzen ari da. Interes marjinen jaitsiera aseguru eta inbertsio funts gehiagorekin eta hornidura txikiagoekin konpentsatu du.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilboko Kale Nagusian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Kutxabanken egoitza nagusia, Bilboko Kale Nagusian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iker Aranburu.
2026ko martxoaren 12a
14:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere lerroburu bera eman du Kutxabankek: inoiz baino diru gehiago irabazi duela. 2024an 538,8 milioi euro irabazita jarri zuen marka berria, baina iaz ehun milioi gehiago batu zituen mozkinen poltsara. 641,3 milioi izan ziren, %19,1 gehiago. 

«Merkataritza dinamismo handiak eta hazkunde eta dibertsifikazio estrategiko nagusien errendimendu sendoak» bultzatu ditu Kutxabanken irabaziak. Edo, beste modu batera esanda, mailegu asko eman zituela eta aseguruetan eta inbertsio funtsetan ere kontratazio asko lortu zituela.

Kutxabank beti izan da etxebizitza erosteko maileguetan kuota handia izan duen finantza erakunde bat, eta maila horretan jarraituko du, iaz %26,3 handitu baitzuen hipoteka berrietan mailegatutako dirua (4.302 milioi euro, guztira). Interes tasen jaitsierak etxeen salmenta bizkortu zuen iaz, eta olatu horretara igo dira finantza erakundeak ere. 

Etxea erosteko maileguak ez direnetan ere hazkunde handia izan du Kutxabankek. Kontsumorako emandakoetan apustua egingo zuela esan zuen bankuak, eta %12,4 handitu du horietan utzitako dirua. 

Beste apustua enpresen atala indartzea da, eta horretan ere «modu sendo eta iraunkorrean» hazi dela azaldu du. Zehatzago esateko, 2025. urtearen amaieran 16.043 milioi jarri zituen enpresak finantzatzeko, 2024aren amaieran baino %10,9 gehiago.

Atal horren barruan, hazkunde handiena higiezinen sustapenean izan du: 5.911 etxebizitzaren eraikuntza finantzatzen ari da (+%43,5).

Interesen marjina, behera

Baina mailegu asko eman arren, interes tasen jaitsierak eragin du bere negozioaren arlo nagusia —interesen marjina, edo maileguan emandako diruaren interesaren eta aurreztaileei ordaintzen dienaren arteko aldea— %13,1 apaldu izana, 1.187,5 milioi euroraino. 

Horren zati bat konpentsatu egin du, aseguruen eta beste zerbitzuen bitartez lortu dituen beste sarrerei esker (+8,2). Horrela, 123.860 aseguru poliza berri egin ditu, eta 108 milioi euroren diru sarrerak lortu ditu horrela (+%18).

Halaber, harpidetza kopuru handia izan du inbertsio funtsetan (+%14,3), BGAEtan (+%5,5) eta pentsio planetan (+%5,1). Horri esker, Kutxabankek 44.600 milioi euroren aurrezkiak kudeatzen ditu balantzetik kanpoko baliabideetan. Atal horretan %7,3ko kuota du Espainiako finantza sistemaren barruan, 2024an zuenaren adinakoa.

Interes marjinen jaitsiera konpentsatzeko beste bidea horniduren gutxitzea izan da. Mailegu ustelak estaltzeko eta beste kontingentzietarako baztertutako dirua %57 gutxitu du, eta hala 290 milioi euro libre utzi ditu. Aldi berean, beste irabaziak (Kutxabank akziodun den enpresen irabaziak, esaterako) %70,7 handitu dira, 103,3 milioi euroraino.

datuak

%70

Irabazien zer ehuneko banatuko duen aurten. Kutxabanken nabarmendu du bere diru sarreren %79 «gizartera itzuli» duela. Ehuneko horretan langileen soldatak, hornitzaileen erosketak, zergak eta dibidenduak sartu ditu. Dibidenduak 384,7 milioi izan dira BBKrentzat, Kutxarentzat eta Vitalentzat. Irabazi garbien %60 izan ziren iaz, eta %70 izango dira aurten.

%21,6

Zenbateko kapitala duen. Europako Banku Zentralak zuzenean gainbegiratzen dituen finantza erakundeen artean, Kutxabankek du kaudimenik handiena. %21,6ko kapitala du, CET1 phased in ratioaren arabera.

%1,1

Zenbateko berankortasun tasa duen. Maileguen berankortasunari dagokionez ere, Kutxabank lehiakide gehienak baino hobeto dabil. Maileguen %1,1 baizik ez dira arriskutsuak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA