LABek Lanbiden salatuko du Espainiako armada enplegu azokara gonbidatu izana

Sindikatuak adierazi du gertatutakoa «onartezina» dela, eta Lanbideri eskatuko dio neurriak har ditzala halakorik berriro ez gertatzeko.

Espainiako armadaren erakusmahaia Lanbidek antolatutako lan azokan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Espainiako armadaren erakusmahaia Lanbidek antolatutako lan azokan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 20a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak Merkalan enplegu eta prestakuntza azokaren bederatzigarren ekitaldia egin zuten asteazkenean, eta ordura arte ikusi gabeko irudi bat izan zen tartean: bost soldadu eskuorriak banatzen eta galdezka gerturatzen zitzaizkien gazteei Espainiako armadari buruzko informazioa ematen. Izan ere, Espainiako armadak azokan parte hartu zuen aurreneko aldiz, eta horrek harrabotsa sortu du: LABek iragarri du gertatukoa salatu eta «haserrea» agertuko duela Lanbiden, astelehenean egitekoa den administrazio kontseiluan.

«Indar okupatzaileek eta zapaltzaileek ezin dute lekurik izan Lanbidek antolaturiko lan azokan», gaitzetsi du sindikatuak ohar batean. «Onartezintzat» jo du lan azoka batean soldaduek beren lanbidearen propaganda egitea, «beste edozein enpleguren modukoa» balitz bezala. Antolakuntzaren zerrenda ofizialean, Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkaritza gisa ageri zen armada.

Horregatik guztiagatik, LABek esan du gertatukoaren inguruko azalpenak eskatuko dizkiela «dagokien arduradunei», baita neurriak ere, ez dadin halakorik gertatu berriro. «Urte luzez, Euskal Herriak garbi erakutsi du soldadutzak eta indar militarrek ez dutela lekurik gurean».

Merkalan Euskal Herriko enplegu azokarik handiena da, eta hainbat enpresa eta erakunderen 165 erakusleku zeuden guztira aurtengo ekitaldian. Espainiako armadaren erakusmahaian gaztelania hutsean idatzitako eskuorri ugari jarri zituzten, Guardia Zibilean eta armadako hainbat adarretan izena emateko xehetasun guztiak biltzen zituztenak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA