LABek Lanbiden salatuko du enplegu azokan Espainiako armada gonbidatu izana

Sindikatuak gertatutakoa «onartezina» dela adierazi du, eta Lanbideri neurri zehatzak exijituko dizkio berriz errepika ez dadin.

Espainiako armadaren erakusmahaia Lanbidek antolatutako lan azokan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Espainiako armadaren erakusmahaia Lanbidek antolatutako lan azokan, BECen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Eneko Imaz Galparsoro
2026ko azaroaren 20a
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanbidek eta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak Merkalan enplegu eta prestakuntza merkatuaren bederatzigarren ekitaldia antolatu zuten asteazkenean, eta ordura arte ikusi gabeko irudi bat utzi zuen: bost soldadu, eskuorriak banatzen eta galdezka gerturatzen ziren gazteei Espainiako armadari buruzko informazioa ematen. Izan ere, Espainiako armadak aurreneko aldiz hartu zuen parte azokan, eta horrek harrabotsa sortu du: LABek iragarri du gertatukoaren salaketa eta «haserrea» eramango dituela Lanbidera, datorren astelehenean egitekoa den administrazio kontseilura.

«Indar okupatzaileek eta zapaltzaileek ezin dute Lanbidek antolaturiko lan azokan leku bat izan», gaitzetsi du sindikatuak ohar batean. «Onartezintzat» jo du Merkalan merkatuaren gisako lan azoka batean soldaduak haien lanbidearen propaganda egitea, «beste edozein enpleguren moduan». Antolakuntzaren zerrenda ofizialean armada Espainiako Gobernuaren Bizkaiko ordezkaritza gisa ageri zen.

Horregatik guztiagatik, LABek esan du gertatukoaren inguruko azalpenak eskatuko dizkiela «dagokien arduradunei», baita neurri zehatzak ere berriro errepika ez dadin. «Euskal Herriak garbi erakutsi du urte luzez soldadutzak eta indar militarrek ez dutela lekurik gurean».

Merkalan Euskal Herriko enplegu azoka handiena da, eta hainbat enpresa eta erakunderen 165 erakusleku zeuden aurtengo ekitaldian. Espainiako armadaren erakusmahaiean gaztelania hutsean idatzitako eskuorri ugari jarri zituzten, Guardia Zibilean eta armadako hainbat adarretan izena emateko xehetasun guztiekin.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA